
Zadorraren eskuin ertzean, Abetxuku herritik hurbil, baratzezaintza ekologikoa sustatzeko espazio zabal bat sortu da: Urarteko aisialdiko baratzeak. Eraztun Berdeak duen mota honetako bigarren ekipamendua da, 1998an egokitu ziren Olarizuko baratzeen ondoren.
Azken urteetan, ibaiertzean zehar sortu diren legez kanpoko eta kontrolik gabeko baratzeek inpaktu ekologiko sakonak eragin dituzte ibai ekosisteman, hala nola ur erauzketa, zabor isurketa, ibaiertzeko landarediaren birrintzea, etab. Ekimen honen bidez baratze hauek ordezkatzeko alternatiba bat sortu nahi da.
Urarteko baratzeei esker, herritarrek (banakakoek zein taldeek) gune berri bat izango dute beren aisialdian baratzezaintza ekologikoaren praktika ikasteko eta aldi berean hartaz gozatzeko gizarte eta ingurumen baldintza egokienetan.

Espazio honek 600.000 m2 betetzen ditu eta 75 m2-ko banakako hainbat baratze edo lursailak ditu, bai eta baratzezaintza ekologikoa irakasteko 600 m2-ko baratze kolektibo bat, talde edo kolektibo bereziei zuzendutako 600 m2-ko beste gune bat, ureztatze banaturako uraskak eta mahai eta aulkiz hornitutako egonlekuak eta zerbitzuetarako eraikin bat ere. Azken honek produktuen eta tresnen biltegia, arropak gordetzeko armairuak eta aldagelak, ikasgela-tailer bat eta informazio bulego bat dauzka.
Baratzeetan herritarren espektro zabal bati zuzendutako hezkuntza eta prestakuntza egitasmo eta jarduera asko egiten dira: erretiratuta dauden 55 urtetik gorako jendearentzako baratzeak (ikastaro bat egin ondoren lursail bat erabili dezaketenak); jende ororentzako lursailak, aurrekoen sarbide sistema dutenak baina adin jakinik gabe eta urtero kuota bat ordainduz; taldeentzat erreserbatutako baratzeak, hezkuntzarako, terapiarako eta ikerketarako prestatuak...
Azken eguneratzea: 2008/04/15
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



