Urtaranen gobernuak argi berdea eman dio Mercedes Benzen ekoizpen-erabileren zabaltzeari eta eguneratzeari

2021eko urriaren 22an

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsitako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketak lantegian obrak egitea ahalbidetuko du, inguruko hiri-eremuarekin duen harremana nabarmen ukitu gabe.

Tokiko Gobernu Batzarrak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketa bat egiteko proiektua onetsi du gaur, zeinak ahalbidetuko baitu epe laburrean Mercedes Benzen ibilgailuen produkzio-lerroak handitzea. Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, proiektuaren helburu nagusia da oraingo lursailen eraikigarritasuna eta okupazioa handitzea, Mercedes-Benzen produkzio- eta industria-prozesuak garatu eta aldatzeak etorkizunean ekar ditzakeen eraikuntza-beharrei erantzuteko.

Izan ere, Gasteizko fabrikaren produkzio-prozesuen bilakaerak eta produkzio-lerroaren dibertsifikazioak oraingo instalazioak eraldatzea eskatzen du, produkzio-lerroa handitu ahal izateko. Lantegia hartzen duten lursailak, ordea, betetzear daude, oraingo eraikuntzek ia agortu egin baitituzte indarreko ordenantzan ezarritako gehieneko parametroak. Hori dela kausa, beharrezkotzat jo da lursail horien eraikigarritasun- eta okupazio-parametroak aldatzea, ibilgailuak ekoizteko lerro berrien beharrei erantzuteko.

Mercedesek produkzio-prozesu guztiak elkarri lotuta eduki behar ditu, industria-fabrikazioaren prozesua eraginkorragoa izan dadin. Horregatik, orain sendotuta dagoen eremuan epe laburrera garatzea proposatzen da, okupazioa eta eraikigarritasuna handituz; hori ekonomikoki egingarria da enpresarentzat, eta hiriko lantegi garrantzitsuenetako bat garatzen lagunduko du. Enpresak 5.000 arabarri baino gehiagori ematen die lan, eta lurralde historikoaren BPGd-aren % 30 inguru sortzen du. Aldaketa honen bidez produkzio-prozesu berriak instalatzeko bide eman nahi da, eta, beraz, onura sozial eta ekonomikoak sortzea”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Jarduera-eremua

Lur hauek osatzen dute proposatutako jarduera-eremua: orain Mercedes Benzek bere jarduera ekonomikoa garatzeko erabiltzen dituen lursailak, trenbidearen iparraldean eta hegoaldean kokatuak, eta 3.237 metro koadroko azalerako eremu bat, orain garraio eta trenbide-sarerako lurzoruaren kalifikazioa duena. ADIFen eta Mercedes Benzen jabegoen arteko mugak erregularizatzeko sartu da eremu txiki hori, alegia, trenbidearen eta industria-eremuaren artekoak.

Esku-hartzea egingo den eremuak 593.207 metro koadroko azalera du guztira, eta Oto hiribidearen (iparraldean) eta Areatza kalearen (hegoaldean) artean dago, trenbideak erdibitzen duelarik.

Eragiketak jarduera-eremuari dagokion lurzoruaren okupazioa eta eraikigarritasuna aldatzeko bide emango du, eta Mercedes Benz eraldatzeko lanek inguruko hiri-eremuarekin duen harremana nabarmen ez ukitzea ahalbidetuko du horrek. Gainera, trenbideak sortzen duen banaketa gainditzeko konexio berria egingo da, gainetik joango den pasabide baten bitartez.

Bestetik, industria-lursailaren mugak berriro zedarrituko dira, eta erabilerarik ez duten trenbide-eremu zaharrak industria-erabilerara gehituko. Horri esker, azalera 3.237 metro koadro handituko da. Oro har, proposatutako antolamenduak okupatu daitekeen azalera 136.069 m2 handitzea ekarriko du, eta eraikigarritasun osoa 419.473 m2e areagotzea.

Aldaketak produkzio- eta industria-erabilerak handitzea ahalbidetzen du, eta teknikoki eta ekonomikoki egingarria da enpresarentzat; aldi berean, udalerriak ahalik eta eragin txikiena jasango du hirigintzari eta gizarteari begira”, azaldu du Gorka Urtaranek. Hark nabarmendu duenez, “helburu argiak partekatzen ditugu aldaketa hau egitean: jarduera ekonomikoa sustatzea, industria-jarduerak garatuz, eta hirigintza iraunkorraren defentsa. Izan ere, proiektu honek produkzio- eta industria-arloa gara daitezen ahalbidetzen du, Mercedes-Benzen oraingo eta geroko instalazioen funtzionaltasuna eta jarraipena bermatzearren, eta, aldi beran, inguruko ingurumen-balioak errespetatuko dituen antolamendu bat proposatzen du“.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.