KIUB - Atzera egiteko eskubidea

Zer da?

Atzera egiteko eskubidea erosketa edo kontratu bat azalpenik eman gabe bertan behera uzteko aukera da.

Batez ere, Internet bidez, telefonoz edo denda fisiko batetik kanpo egindako erosketei aplikatzen zaie.

Zenbat denbora daukat?

Epea 14 egun naturalekoa da, honako hau egin denetik:

  • Produktua jaso, ondasun bat erosi baduzu.
  • Kontratua sinatu, zerbitzua bada.

Produktu edo zerbitzu jakin batzuetan (bidaia konbinatuak edo finantza-zerbitzu batzuk, adibidez) epe espezifikoak egon daitezke.

Nola jokatu behar da?

Kontsumitzaileak bere erabakiaren berri eman diezaioke enpresari, jasota geratzea ahalbidetzen duen edozein bitartekoren bidez, adibidez:

  • Atzera egiteko inprimakia.
  • Posta elektronikoa.
  • Gutuna edo burofaxa.

Produktua zuzenean ere itzul dezakezu, enpresak hala onartzen badu. Garrantzitsua da egindako jakinarazpenaren egiaztagiria gordetzea.

Jakinarazpena jasotzen duenetik, gehienez ere, 14 eguneko epean itzuli behar dizu dirua enpresak.

Kosturik al dakar?

Atzera egitea doakoa da. Nolanahi ere:

  • Enpresak jakinarazi dezake itzulketaren kostua kontsumitzaileak ordaindu behar duela urrutiko erosketetan.
  • Ezin da zigorrik ezarri legezko epearen barruan atzera egiteagatik.

Ba al dago salbuespenik?

Bai. Ezin da atzera egiteko eskubidea baliatu, besteak beste, kasu hauetan:

  • Produktu pertsonalizatuak.
  • Berehala hondatu edo iraungi daitezkeen ondasunak.
  • Higiene- edo osasun-arrazoiengatik zigilugabetutako produktuak.
  • Aldez aurreko baimenarekin erabat gauzatutako zerbitzuak.
  • Euskarri fisikorik gabeko eduki digitalak, sarbidea hasi ondoren.

Zer gertatzen da enpresak atzera egiteko eskubidearen berri ematen ez badu?

  • Enpresak ez badu behar bezala informatzen:
  • Atzera egiteko epea 12 hilabetera arte luza daiteke.
  • Enpresak geroago jakinarazten badu, epea une horretatik aurrera hasiko da zenbatzen.

Gomendioak

  • Gorde ezazu beti faktura edo erosketa-egiaztagiria.
  • Jakinarazpena 14 eguneko epean egin behar duzu.
  • Ziurtatu enpresak zure eskaera egiazta dezakeela.

Araudia

Atzera egiteko eskubidea Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren(Beste leiho batean irekiko da) 68. artikuluan eta hurrengoetan arautzen da.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.