Gasteizko Udalaren Organo Ekonomiko Administratiboa organo espezializatua da, eta hari dagokio Udalaren eskumeneko zuzenbide publikoko diru-sarreren eta zergen kudeaketa, likidazio, bilketa eta ikuskaritzako egintzen aurkako erreklamazio ekonomiko administratiboak ezagutu eta ebaztea.
Tokiko Gobernua eraberritzeko neurriak biltzen dituen abenduaren 16ko 57/2003 Legeak(Beste leiho batean irekiko da) xedatutakoaren ildotik sortu zen, populazio handiko udalerrietarako berariazko erregimen organikoa ezartzen baitzuen, Toki Jaurbidearen Oinarriei buruzko Legearen apirilaren 2ko 7/1985 Legeari X. titulua(Beste leiho batean irekiko da) gehituta, eta lege haren 121. artikuluan zehazten da aplikazio eremua.
Organo horren jarduna independentzia teknikoaren, doakotasunaren eta espezializazioaren printzipioetan oinarritzen da, eta horri esker partikular, enpresa edo beste entitate batzuek administrazioarekiko auzi-bidera jo behar izatea eragozten da. Hartara, herritarrei erraz eskuratzeko moduko baliabidea ematen zaie aipatutako alorrarekin lotutako erreklamazioak ebazteko, profesionalek ez baitute esku hartu behar, eta horren ondorioz, administrazioarekiko auzietarako epaitegietan auzi gutxiago egon daiteke.
Organo horrek gutxienez hiru kide izango ditu, Gasteizko Udalbatzak izendatuko ditu kideak, arlo ekonomiko, juridiko eta finantzarioan gaitasun tekniko handia duten udal langileen artetik, Udalbatzako kideen gehiengo osoaren aldeko botoarekin. Alkatearen dekretu baten bidez izendatuko dira lehendakaria eta idazkaria organoko kideen artetik.
Erreklamazio ekonomiko administratiboa aurkaratzen den ekintza egin duen organoari aurkeztuko zaio, edo Gasteizko Organo Ekonomiko Administratiboari, hark baitu ebazteko eskumena.
Erreklamazio-idazkia Udal Erregistroan aurkezteko herritarrei laguntzeko bulego batera jo daiteke, edo erregistro elektronikoa baliatu; posta arruntez ere bidal daiteke, Gasteizko Udalari zuzenduta. Orobat, horretarako izendatutako bulego publikoetan aurkeztu ahalko da idazkia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin(Beste leiho batean irekiko da) bat etorriz.
Erreklamazio ekonomiko administratiboa aurkeztea doakoa da.
Ezagutu sailak, zerbitzuak eta atalak Udalaren antolakuntzaren inguruko orrialdean.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.