Gasteizko Udal Laborategiak bi proiektutan parte hartzen du sahararren kanpamenduetan errefuxiatuta bizi diren 185.000 pertsona-ingururen bizitza hobetzen laguntzeko. Alde batetik, moringa-hautsa aztertzen du, bularreko emakumeak berreskuratzeko erabiltzen den elikadura-gehigarria; bestetik, analisiak egiten ditu ur-iturriak bilatzeko eta horiek aprobetxatzeko modurik onena ezartzeko.
Moringa oleifera Indiako iparraldeko labore bat da, planetaren zati handi batean banatu dena. Elikadurarako kontuan hartzen den landarea da, bere nutrizio-balioagatik, biomasaren errendimendu handiagatik eta lehorte-aldi luzeak jasateko eta egoera idorretan ondo hazteko duen gaitasunagatik.
Ezaugarri horiek direla eta, moringa interes bereziko laborea da muturreko baldintza klimatikoak dituzten testuinguruetan, hala nola errefuxiatu sahararren kanpamentuetan, Saharako basamortuko gunerik idorrenean, Aljeriako hegoaldean, eta elikadura-premia bereziak dituzten biztanleentzat. Kanpamentuetan, 1976tik, errefuxiatutako biztanleria bizi da, eta gaur egun 185.000 pertsona inguru dira.
Testuinguru horretan, bularra ematen duten emakumeen elikadura hobetzeko, azken urteotan, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Gobernua, RASD, kanpamenduen agintaritza, moringaren laborantza bultzatzen ari da landare-proteinen, bitaminen eta mineralen iturri gisa.
Gasteizko Udalarekin sinatutako hitzarmenaren esparruan, 2016an, Arabako SEADeko Lagunen Elkarteak Moringa oleiferako 25.000 m² inguru ereiten hasi zen. Hiru urte geroago, moringa-hostoak prozesatzeko zentro bat jarri zen martxan, hostoak lehortu, ehotu eta produktua ontziratzeko. 2019 amaieran, hutsean ontziratutako lehen moringa-hosto hauts kiloak lortu ziren. Zentroko ekoizpena bularreko emakumeei banatzen zaie, elikadura-gehigarri gisa.
Aldi berean, Gasteizko nutrizionisten lankidetzari esker, erditu osteko anemiaren tratamenduan moringarekin egiten den gehigarriari buruzko nutrizio-azterketa egin da. Emaitzek erakusten dutenez, erditu ondorengo lehen sei asteetan moringa-hostoaren hautsa kontsumitzeak asko laguntzen die bularreko amei sendatzen.
Bestalde, Udal Laborategiak moringa-hautsa aztertzen du, haren kalitate mikrobiologikoa, balizko arrisku mikrobiologikoak eta, lortutako datuekin, produkzioan eta biltegiratzean hobekuntzak ezarri ahal izateko. Izan ere, moringa-hautsa elikagai egonkorra da, eta ez diote eragiten garraio-baldintzek eta biltzen denetik laborategian entregatu arte igarotako denborak.
Tindufeko kanpamentuetan dagoen beste arazo larri bat ur eskasia da. Errefuxiatutako biztanle gehienak ura kamioietan banatzearen mende zeuden hasieran, baina ur aprobetxagarriaren bilaketa etengabea da, eta, gaur egun, lurpeko ur-putzu sakonak irekitzen saiatzen dira, edateko ura hornitzeko sistemak lortzeko edo, kalitatearen arabera, nekazaritza-erabilerarako edo beste erabilera batzuetarako. Hala ere, eskura daitekeen ura arazo larria bihurtu da putzuetako gatz eta iodo gehiegi dagoelako eta tratamendurik ez dagoelako.
Bai ur-iturri horiek bilatzeko, bai aprobetxatzeko modurik onena ezartzeko, Udal Laborategiak analisi fisiko-kimikoak egiten ditu, ahal den neurrian. Hau da, ur hori in situ biltzen denetik gutxieneko denbora-tarte batean eduki daitekeenean, laborategitik hornitutako materialarekin eta dagozkion jarraibideekin.
Moringa aztertzeko eta ura aztertzeko, Laborategiak Garapenerako Lankidetza Zerbitzuarekin eta Arabako SEADen Lagunen Elkartekoarekin egiten du lan.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.