Udalak 2.300.000 euro bideratu ditu Gasteizen langabetuen kontratazioa bultzatzera
2024ko azaroaren 29an argitaratua
Artistak edo ikuskizunetako langileak gutxienez 3 hilabeterako kontratatzen dituzten enpresentzako laguntza-lerroa jasotzen du programak.
Tokiko Gobernu Batzordeak Vitoria-Gasteizen lan-kontratazioa bultzatzeko laguntza ekonomikoen beste deialdi bat onartu du eta 2.259.082 euro bideratuko ditu.
“2,3 milioi euro aktibatuko ditugu gure hiriko 250 langabetu ingururen kontratazioa bultzatzeko. Orain lanik gabe dauden gizon-emakume horiek lan-merkatuan sartzea helburu duten laguntza horietan arreta berezia jarri dugu”, iragarri du Gasteizko alkateak.
Udalak 11.000 euro arteko (kontratazio motaren arabera) laguntza ekonomikoa eskainiko die langile berri bat kontratatzen duten bertako enpresei.
Bi kontratu motatarako izango dira dirulaguntza horiek: lehenik eta behin, lanaldi osoko edo partzialeko kontratazio mugagabeetarako (gutxienez lanaldiaren % 50ekin). Kontratu horiek 2024ko apirilaren 3tik 2025eko apirilaren 30era bitarte gauzatutakoak izan beharko dute. Enpresek kontratua gutxienez 12 hilabetez mantendu beharko dute.
Ikuskizunetako langileak eta artistak
Bestalde, ikuskizun publikoetako laguntzaileei, teknikariei eta artistei egindako kontratuak bultzatuko dira. Kontratu horien iraupenak, gutxienez, 3 hilabetekoa izan beharko du, lanaldi osoan edo partzialean (gutxienez lanaldiaren % 50ekin). Kasu horretan, diruz lagundu ahal izango den aldia 2024ko apirilaren 3tik 2025eko otsailaren 28ra artekoa izango da.
Bi laguntzak itzuli beharrik gabeak izango dira, eta enpresa, autonomo edo erakunde bakoitzak gehienez hiru kontrataziotarako laguntza jaso ahal izango du.
Kontrataziorako Laguntzen deialdi hori ordaindu ahal izateko, Lanbidek 1,8 milioi euroko ekarpena egingo du, eta Ekonomia Sustapenaren udal-sailak, aldiz, 2024ko udal-aurrekontuan jasota dagoen 410.000 eurokoa.
“Laguntza horien bidez, gure hirian enplegua sustatuko dugu langabezian daudenei enpresa pribaturako sarbidea erraztuta. Gasteizko enpresa-egitura indartu eta lan-merkaturako sarbide ekitatiboa sustatuko dugu. Eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren artean bultzatutako estrategiari esker egingo dugu. Izan ere, bi erakundeok indarrak batu ditugu eraginkorragoak izan gaitezen”, azpimarratu du alkateak.
“Horrek guztiak inpaktu handia izango du gure hiriko garapen ekonomikoan eta sozialean; izan ere, 250 lanpostu inguru sortzeaz gain, pertsona askoren ongizatea ere hobetuko dugu”, gehitu du Etxebarriak.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.