Udalak 16ra handitu du adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako Udalak deitutako lehen enplegu-eskaintza publikoko plaza kopurua

2024ko azaroaren 29an argitaratua

Izen-emateak hilabete barru irekiko dira eta lehen azteketa udaberrian izango da.

Azkenean, adimen-desgaitasuna duten 16 pertsona hasiko dira 2025ean Vitoria-Gasteizko Udaleko zerbitzuetako laguntzaile gisa lanean; hau da, hasieran aurrez ikusitakoa baino 2 pertsona gehiago. Maider Etxebarria alkateak gaur eman du berritasun horren eta kolektibo horrentzat Udalak antolatutako lehen enplegu-eskaintza publiko horri buruzko beste xehetasun batzuen berri. Hain zuzen ere, kolektibo horretako % 21ek bakarrik dute lana. Hautaketa-prozesuan parte hartzeko izen-emateak hilabete barru inguru irekiko dira deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Alkatearen ustez, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat Udalak deitutako lehen enplegu-eskaintza publiko horrek “mugarria” jarriko du Gasteizen, Araban eta Euskadin. Izan ere, orain arte, Euskadiko erakundeek ez dute horren deialdi jendetsurik atera eta, ondorioz, udal-gobernuak “Administrazioa administrazio inklusibo bihurtzearen” alde egindako “apustua” izan da.

Lehiaketara aterako dituzten 16 lanpostuak sortu berriak dira, eta funtzio propioak dituzte hainbat zerbitzutan. Eginkizun hauek izango dituzte, besteak beste: udal-bulegoetan jendeari informazioa eta orientazioa helarazten laguntzea; erreprografia-jardueretan laguntzea; mezularitzan, materialen banaketan eta biltegian laguntzea, eta garbiketa-lanetan laguntzea.

Funtzio Publikoaren Sailak egindako kalkuluen arabera, 200 pertsona inguruk parte har dezakete hautaketa-prozesu horretan, eta izangai horiek % 33ko edo gehiagoko adimen-desgaitasuna ziurtatu beharko dute.

Bi azterketa

Hautaketa-probak udaberrian hasiko dituzte. Test motako bi azterketa egingo dira, hilabete baino gehiagoko tartearekin, 35 galdera eta 3 erantzun posiblerekin, eta horietan ez da akatsengatik zigorrik jarriko. Proba horiek amaitu ondoren, lehiaketa-fasea irekiko da, eta bertan merezimendu gisa baloratuko da euskara titulu bat izatea.

Enplegu-eskaintza publiko hau berezia denez, bere material guztiak Irakurketa Errazera egokitu dira (errazago ulertzeko moduko edukiak idazteko eta sortzeko modua), deialdiaren oinarrietatik hasita eta azterketaren helburu izango den gai-zerrendatik jarraituta. Dokumentu horiek dagoeneko kontsultatu daitezke Udalaren webgunean. Horretarako, hirugarren sektoreko erakundeen “lankidetza” jaso du Udalak, “edukiak egokitzen eta baliozkotzen espezialistak baitira”, Maider Etxebarriak azaldu duenez. Horrez gain, bilerak egin dituzte adimen-desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeekin, bai toki mailan, bai erkidego mailan, “deialdia zuzenduta dagoen kolektiboaren beharretara egokitzeko”.

Enplegu-tasa txikia

Espainian desgaitasun intelektuala duten 190.000 pertsona inguru daude eta, haietatik, % 21ek baino ez dute lana, eta % 1ek enpresa arruntetan. Datu horien aurrean, Gasteizko alkateak azaldu du “egiteke dagoen erronka” dela kolektibo horretan enplegu-tasa indartzea. Bere hitzetan, “errealitate horren aurrean, erakunde publiko gisa, egoera hori aldatzen saiatzeko konpromisoa dugu”.

Ildo horretan, Udalak deitutako enplegu-eskaintza publikoak “Administrazio bidezkoago eta anitzago baterantz aurrera egitea dakar. Eta garrantzitsuena, autonomia, garapena, integrazioa eta bizi-kalitatea ematen dizkiegu adimen-desgaitasuna duten pertsonei”, amaitu du alkateak.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.