Jabonería de la Almendra, Nuño y Pescador, Loramendi eta FIASA dira 2024ko Itun berdea Sarien 4 enpresa irabazleak
2024ko azaroaren 27an argitaratua
Gasteizko Udalak gaur arratsaldean banatu ditu sariak Itun Berdeko Enpresen XII. Topaketaren barruan. Tokiko 565 enpresek osatzen dute dagoeneko komunitatea.
Gasteizek gaur arratsaldean iragarri du zein izan diren komunitate honetako enpresetako jardunbide jasangarri egokiak saritzen dituzten Itun Berdea IX. Sarietan garaile izan ziren enpresak. La Jabonería de la Almendra, Nuño y Pescador eta Loramendi izan dira irabazleak kategoria hauetan hurrenez hurren: mikroenpresak (1-9 langile), enpresa txikia (10-49) eta ertaina, eta enpresa handia (50 langile baino gehiago). Sari horiez gain, ohorezko saria entregatu zaio FIASAri (Fundiciones Inyectadas Alavesas S.A.), Langrazi-Okako enpresari. Hiriz kanpoko enpresek edo Itun Berdearen parte izan arren enpresak ez diren erakundeek jaso dezakete sari hori.
Maider Etxeberria Gasteizko alkateak eta María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eman dizkiete sariak gaur arratsaldean Europa Jauregian, Itun Berdeko Enpresen XII. Topaketaren barruan.
Maider Etxeberria alkateak Itun Berdea komunitatearekin izandako lankidetza eskertu die bertaratutakoei eta “klima-negazionismoari aurre egiteko” eskatu du. Esan du Gasteiz ingurumeneko erreferentea dela “ibilbide partekatua dugulako atzetik, duela hainbat hamarkada sortu zen konpromisoa. Eta ez dugu guardia jaitsiko, lehen egokia zirudien estrategia ukaezina delako egun. Planeta babestu behar dugu, baliabide mugatuak baititu”. Alkateak hau gehitu du: “Belaunaldi berriak ezinbestekoak dira ekoizteko, kontsumitzeko eta bizitzeko lehengo modua aldatzeko”.
Halaber, topaketan ekimenaren ibilbidearen datu garrantzitsu batzuk gogorarazi dituzte, esaterako, martxan jarri zenetik 565 enpresa atxiki direla, erakundeen artean ezagutza eta trukea sustatzeko ingurumenari buruzko 73 jardunaldi egin direla, Itun Berdea sarietara ingurumeneko 200 proiektu aurkeztu direla eta Gasteizko enpresei ingurumeneko jardunbide egokiengatik 40 sari, accesit eta ohorezko sari eman zaizkiela azken 9 edizioetan.
Inaugurazio-performance bat egin du Gasteizko Oasys gazte-taldeak ekitaldian eta gazteek ekonomia zirkularra sustatzeko garaian duten rol protagonista nabarmendu du, egun Itun Berdeko enpresek egiten duten lanari erreleboa hartzeko. Emanaldiak erakutsi du arropari bizitza berria eman dakiokeela, Andrea Calzada Gasteizko diseinatzaile gaztearen laguntzarekin.
Gainera, Pol Fàbrega Wallapopeko jasangarritasuneko arduradunak hitzaldi interesgarria eman du jardunaldiaren barruan eta erakundearen ikuspegia eta ibilbidea partekatu ditu. Ekonomia zirkularrean oinarritutako negozio-ereduaren erreferentea da erakunde hori estatuan.
Saritutako enpresak
La Jabonería de la Almendra enpresari saria eman diote ‘De residuo a recurso’ ekimenagatik, tona bat olio erabili baino gehiago birziklatu baitu 9.000 xaboi-pastilla baino gehiago egiteko. Nuño y Pescador enpresaren kasuan, hotzeko asfaltatze-lana eraldatzeko enpresa hornitzailearekin batera garatutako ekipoa saritu du, tratamendu konbentzionalak ingurumenean duen inpaktuarekin alderatuta.
‘Enpresa Ertain eta Handia’ kategorian, Loramendiri eman diote saria makinetatik berreskuratutako osagarriak ekipamendu berriak fabrikatzeko berrerabiltzeagatik. Eta, azkenik, FIASAri ohorezko saria eman diote konpresoreen hondar-beroa berriro aprobetxatzeko egiten duen lanarengatik.
Epaimahaiak lau enpresa horiek aukeratu ditu aurten hautagaitza aurkeztu duten 28 proiekturen artean. Hala, 2023ko eta 2024ko ingurumeneko jardunbiderik onenak saritu dira.
Klima-neutraltasuna
Ekitaldian zehar nabarmendu duten moduan, Itun Berdea komunitatearen parte diren enpresak eta erakundeak ezinbestekoak dira irailean aurkeztu zen Gasteizko Ekonomia Zirkularrerako estrategiaren Ekintza Planeko jarduketa asko gauzatzeko. Plana baliabide naturalen kontsumoan eta udalaren jardueraren, tokiko kontsumitzaileen eta enpresen hondakinen-ekoizpenean oinarritzen da.
Halaber, Gasteizko Misio Klimatikoa lortzeko funtsezko rola duten eragileak dira: 2030erako Hiri Adimendun eta Klimatikoki Neutrala bihurtzea.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.