Plan Orokor berriaren behin-behineko onarpenari esker, 21.000 etxebizitza baino gehiago eraikiko dira hamar auzo ingurutan, Gasteiz trinkoagoa egituratzeko

2025eko urtarrilaren 31n argitaratua

Etxebizitza berrien % 75 babes ofizialekoak edo tasatuak izango dira.

Etxebarriaren gobernuak ostegunean aurkeztuko du Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria behin-behinean onartzeko dokumentua. Horri esker, hiriko hamar auzo ingurutan 21.148 etxebizitza berri eraiki ahal izango dira. “Plan Orokor berria idazteko eta egiteko prozesu horri esker, hiri trinkoagoa eraiki ahal izango da, hiri-bilbea josi eta jarduera ekonomikoa bultzatuko duena, bere oinarri jasangarria albo batera utzi gabe”, azaldu du Maider Etxebarria alkateak Borja Rodríguez Hiri Ereduaren, Hirigintzaren eta Etxebizitzaren zinegotziarekin batera egindako agerraldian.

Plan berriak etxebizitza gehiagohiri-berroneratze eremu txiki gehiago, eraikigarritasun handiagoa eta erabilera-malgutasun handiagoa ekarriko ditu lurzoru industrialean“Guztiaren oinarrian, erantzukizuna dago; izan ere, hiri kohesionatuaren eta horrenbeste hutsunerik gabeko hiriaren aldeko apustua egin dugu. Behar sozial eta ekonomikoei erantzuteaz gain, ingurumenari ere erantzuten dion hiria. 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzen ditugulako eta ingurune naturala zaintzen dugulako”.

Datorren hamarkadan Gasteizek izango duen garapena zehaztuko duen hiriko maila handieneko hirigintza-dokumentuak Elkarrekin Podemosen aldeko botoa jasoko du osteguneko osoko bilkuran, PSE-EAJ gobernu-taldearekin akordioa adostu ondoren. Horri esker, dokumentuaren izapidetzea amaitu ahal izango da. Alkateak eskerrak eman dizkio Elkarrekin Podemosi “akordioa adosteko erakutsitako prestutasunagatik”.

Idazketa-taldea buru-belarri aritu da lanean azken hilabete eta asteotan Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria prestatzeko. Plan horren gakoak gaur goizean aurkeztuko zaizkie udal-taldeei. Bere azalpenean, alkateak hiru ardatz nagusitan oinarrituta laburbildu du edukia: etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta mugikortasuna.

Etxebizitza

Behin-behineko onarpen dokumentuak 21.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea jasotzen du, ez bakarrik auzo berrietan, baita finkatuetan ere, hiri-bilbea ‘josteko ‘eta hiri trinkoago baterantz aurrera egiteko. 21.148 etxebizitza horietatik, ia % 75 babestuak edo tasatuak izango dira, eta gainerakoak, libreak. Zifra horretan ez daude sartuta jada eraikita dauden eraikinetan gehituko liratekeen etxebizitzak; lonjetan edota etxebizitzetan egin daitezkeen azpibanaketekin sortuko lirateke”, azaldu du Etxebarriak.

Etxebizitza berri horiek hedapen betean dauden barrutietan banatuko dira, hala nola Goikolarra, Zabalgana eta Salburuan, baina baita dagoeneko kontsolidatuta dauden eremuetan hutsik dauden lursailetan ere (Lakuan, adibidez). Neurri txikiagoan bada ere, Zabalgunean, Abetxukun, Judimendin, Armentian, Alin eta Elorriagan hutsik dauden gune batzuetan ere eraikiko da.

Eraikuntza berriko etxebizitza horiek alde batera utzita, Plan Orokorrak beheko solairuko merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzeko aukerari ere bidea irekiko dio. Horretarako, ordenantza bat garatu eta onartu beharko da, baldintzak ezarri eta arautzeko, eta horren barruan sartuko da zer eremutan baimentzen diren eta lokalak zenbat urte eraman behar dituen jarduerarik gabe. Beheko solairuko etxebizitza ez da infraetxea. Era berean, ez du ekarriko saltokiak ixtea. Neurri hori arautuko dugu, eta koherentziaz eta akordioak adostuta egingo dugu”, azpimarratu du Etxebarriak.

Etxebizitzarekin lotutako azken alderdia da lehendik eraikita dauden etxebizitzen zatiketa errazteko irizpide berriak gehitzea. Finkatutako hirian, etxebizitza bat bitan zatitzeko aukerari eutsiko zaio, bizigarritasun-dekretua betez, orain arte bezala. Eta berritasun gisa, toki-erakunde txikien kasuan, lau etxebizitza ere sortu ahal izango dira, biren ordez. “Dokumentu honen lehentasunezko helburuetako bat da gure toki-erakunde txikien nortasuna eta hiri-ezaugarriak mantentzea”, adierazi du Etxebarriak.

Bestalde, hasierako onarpenean jasotzen zen bezala, 25 sektoreren desailkapena mantenduko da, lurzoru gehiago ez kontsumitzeko urbanizagarriak izateari utziko baitiote.

Jarduera ekonomikoa

2021ean onartutako irizpide eta helburuek ezarritakoa betez, lurzoruaren erabilera optimizatu, birsortu eta birdentsifikatzearen aldeko apustua egin da. Horrekin lotuta, dokumentuak zenbait enpresaren jarduera sendotuko du: Mercedes-Benz (instalazioak handitzeko milioi askotako inbertsioa egingo da) edo Basquevolt, adibidez.

Berritasun gisa, dokumentuak industrialdeetan hirigintza-parametroak malgutzea jasotzen du, hala nola altuera, baita industria-jarduera sustatzeko instalazioen erabilerak ere. “Hori funtsezkoa da, lurzatien eraikigarritasuna handituko dugulako. Neurri hori arnasgune bihurtuko da enpresentzat, eta lehiakortasuna handitu ahal izango dute”, adierazi du alkateak. Irizpide orokorrari esker lursail berean eraikigarritasuna % 35 handitu ahal izango da, eta ehuneko hori handiagoa izan daiteke eremu bereko sinadura bat baino gehiago eskatuz gero.

Produkziorako lurzoruan, 170 hektarea gehiago gehitu dira ‘Berrikuntza Arkua’ izenekoan, eta bertan hiru kokaleku nabarmentzen dira, hala nola Miñaoko Parke Teknologikoa (Basquvontentzat handitu egingo da), Forondako aireportua (sektore aeronautikoari lotutako industria-parkea, VIAP-Vitoria Industrial Air Park izenekoa, jartzea aurrez ikusi dute) eta Jundizeko terminal logistiko intermodala. Arangizeko lurzorua ere jasota dago.

Mugikortasuna

Ostegunean behin-behinean onartuko den agiriak hiri-eredu trinkoaren edo distantzia txikiko hiriaren aldeko apustua egiten du. Horrek hurbileko jarduera ekonomikoei ere mesede egiten die, oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egindako joan-etorri labur eta ‘garbien’ alde eginez.

Planak, gainera, honako hauek ere biltzen ditu: tranbia Zabalgana auzora zabaltzeko mugikortasuneko irizpideak, lurperatze-proiektua aurreikustea eta Hegoaldeko Bidea bertan behera uztea.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.