Amaitu dituzte Lamiak etxartea leheneratzeko lanak, eta lau bakarrik geratzen dira egokitzeko
2025eko urtarrilaren 30ean argitaratua
Gasteizko Erdi Aroko Hiriguneak 21 etxarte historiko ditu, eta horietatik San Migel, Sahatsa, Aduana Zaharra eta Borreroa baino ez dira geratzen leheneratzeko.
Vitoria-Gasteizko Udalak amaitu ditu Lamiak etxartea, hiriko Erdi Aroko Hiriguneko gune esanguratsuenetako bat, leheneratzeko lanak. Esku-hartze horrek 213.197 euroko aurrekontua izan du eta Next Generation Europako funtsek finantzatu dute. Lanei esker, txoko historiko horrek garai bateko distira berreskuratu du eta Udalak aurrera egin du ondare-elementu horiek egokitzeko bere gain hartutako konpromisoan.
“Etxarteak leheneratzea da ondarearekin lotuta egiten dugun lanaren apusturik baliotsuenetako bat. Erdi Aroan hustubideak ziren gune horiek, eta barruko lorategi bihurtu dira orain, Erdi Aroko hiriguneko bizilagunek horiez gozatzeko aukera izan dezaten. Lamiak etxartea gure iragana orainaldirako baliabide bizi eta eder nola bihur daitekeen erakusten duen beste adibide bat da”, nabarmendu du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.
Egindako lanen artean, egiturak finkatu, zoruak eta hormak margotu, estolderia konpondu, barandak eta eskailerak instalatu eta ur korronteko sarea jarri dituzte, garbiketa eta ureztaketa errazteko. Aurreko proiektuetan bezala, Udalak hainbat landare-espezie landatu ditu, espazio hori lorategi botaniko txiki bihurtzeko.
Gasteizko Alde Zaharrak 21 etxarte ditu, eta horietatik San Migel, Sahatsa, Aduana Zaharra eta Borreroa baino ez dira geratzen leheneratzeko. Udalaren konpromisoa urtean etxarte bat birgaitzea da, eta 2025ean San Migeleko etxartea egokitzeko lanak aurrekontuan sartu dituzte.
“Balioa eman nahi diot gaur etxarteak elkarbizitzarako eta edertasunerako gune bihur daitezen lagundu duten pertsona guztiek egindako lanari. Bereziki, ezin dut aipatu gabe utzi Gaia talde ekologistak eta Fernando Fernández Arrikagoitiak, Cibelesek, egindako lana, hura izan baita leheneratze-proiektu honen alma materra. Bere ikuspegiari esker, gaur egun gure hiriak Erdi Aroko historiaren funtsezko zati bat berreskuratu du, ondare bizi bihurtuz”, adierazi du Artolazabalek.
Zinegotziak etxarteen jatorria ere gogoratu du. “Bere garaian, Erdi Aroko Hiriguneko bide nagusiekiko (Zapatari edo Errementari kaleak, adibidez) paraleloak ziren barneko kale hauek, eta hustubide eta hondakinak botatzeko toki gisa erabiltzen zituzten. Orain, hamarkada bat baino gehiagoko ahaleginaren ondoren, etxarte horiek hondakinak botatzeko gune izatetik, hiriko altxor txiki izatera igaro dira. Horrela, gure hiriak bere historia mantentzeko konpromisoari eutsi dio, edertzearen eta jasangarritasunaren alde eginda”.
Jarduera horiekin, Udalak berretsi egin du Gasteizko ondare historiko eta kulturala babesteko bere gain hartutako konpromisoa, etxarteak tradizioa, natura eta herritarren gozamena uztartzen dituzten espazio bihurtuta.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.