Apirilaren 6a, Garapenerako eta Bakerako Kirolaren Nazioarteko Eguna

Nazio Batuen Biltzar Orokorrak Garapenerako eta Bakerako Kirolaren Nazioarteko Eguna(Beste leiho batean irekiko da) izendatu zuen apirilaren 6a, kirolak giza eskubideak eta garapen ekonomiko eta sozio-sanitarioa sustatzen bete dezakeen zereginaz kontzientziatzeko asmoz.

Kirolak leku pribilegiatua du Nazio Batuen helburu diren garapena eta bakea lortzen laguntzeko, irismen eta ospe handiak baititu, eta balio positiboetan oinarritzen baita. Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren Deklarazioan(Beste leiho batean irekiko da) berariaz aitortzen da kirolak gizartearen garapenean duen egitekoa:

"Kirolak ere garrantzi handia du garapen jasangarria zabaltzen. Kirolak garapenari eta bakeari gero eta ekarpen handiagoa egiten diela aitortzen dugu, tolerantzia eta errespetua sustatzen dituen heinean, eta emakumeen eta gazteen ahalduntzea, banaka zein taldean, baita osasuna, hezkuntza eta gizarte-inklusioa ere".

Bestetik, kirolak balioak sustatu ahal eta behar ditu, hala nola talde-lana, justizia, diziplina, aurkariarekiko begirunea, bizikidetza baketsua, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, ulermena, gizarte-inklusioa, osasuna, etab.

UNESCOren zuzendari nagusi Irina Bokovak dioen bezala:

"Kirola mundu osoko gizon eta emakumeek partekatutako pasioa da. Ongizate fisikorako eta gizarte-ahalduntzerako faktorea da. Berdintasunerako tresna da, bereziki genero-berdintasuna lortzeko, eta pertsona guztien inklusiorako tresna, bereziki egoera txarrenean daudenen inklusioa lortzeko. Ez da kirola baino lurzoru sendoagorik guztiok partekatzen ditugun balioak elikatzeko: elkartasuna, erantzukizuna, begirunea, zintzotasuna, talde-lana, berdintasuna, motibazioa eta autoestimua... Kirola barne hartzeko bidea da, estereotipoen aurka borrokatzeko, bakearen oinarriak indartzeko, gizarte osasuntsu batzuetan."

Gure ikuspena

Ildo beretik, hauxe da Kirol Zerbitzuaren ikuspena:

Proiektu global eta iraunkor baten bidez, hiritar guztiek, neurrian eta ohikotasunez, jarduera fisikoa praktika dezaten lortzea, hain zuzen, ongizate fisiko, psikiko eta soziala ahalbidetuko duena, osasun ohiturak sortzea eta bizitza kalitatearen hobekuntza ekarriko dituena, baita kirolaren berezkoak diren balioetan heztea eta, bizitzaren iturri den aldetik, ingurune naturalarekiko begirunean ere.

Inolako bazterketarik gabe herritar guztiei zuzendutako kirol praktika ahalbidetzeko ikuspen horretatik diseinatzen da aipatutako proiektu global eta iraunkorra, mota guztietako kirol eskakizunei erantzunez (gehiengoarenak zein gutxiengoarenak), eta horiek guztiak baldintza berberetan (ekitatea, prezioa, eskaintza, distantziak...) egiteko aukera emanez.

Iraunkortasunaren irizpidea aplikatzen da, eskaintza eta instalazioak oro har adierazitako eskaera errealari edo balizko interesari erantzun beharko dietela kontuan hartuta, eta kirol praktikaren errentagarritasunak orekatzen saiatuz.

Praktika moderatua eta ohikoa izan dadin lortu nahi da, horixe baita kirol praktikarik osasuntsuena eta, ondorioz, pertsonen oreka fisiko eta psikikoari gehien laguntzen diona.

Osasun ohiturak hartzen eta bizi-kalitatea hobetzen lagundu behar du, praktika asebetegarria gerta dadin, eta eskaintzak askotarikoa izan behar du, eskuragarritasuna eta eboluzioa (ibilbideak) sustatzeko moduan. Hori gakotzat jotzen da bizi-kalitatea hobetzeko eta gizarte osasuntsuago bat lortzeko.

Kirolaren berezko balioetan heztea ere lortu nahi da, uste baitugu horietako asko bizitzaren beste arlo batzuetan ere agertzen direla eta, beraz, baliagarri izango zaizkigula pertsona gisa. Esate baterako, gorago iristeko nahia, erantzunkidetasuna, lankidetza...

Azkenik, natur ingurunearekiko begirunea dago printzipio orokor gisa, beti ere azpimarratuz edozein kirol praktikaren abiapuntua pertsonari berari, besteei eta inguruneari zor zaion begirunea izan behar dela, eta horietako edozeini kalte egiten dion ezein bazter utzi beharrekoa dela.

Gasteizen asko gara kirol praktika gure eguneroko ohituretan txertatu ditugunok. Animatu eta izan zaitez zeu ere pertsona aktiboa, goza ezazu udalaren kirol eskaintzaz eta praktikatu ezazu kirolen bat gizarte etxeen eta udalaren kirol instalazioen sarean banatutako kirol espazioetan, baita bide publikoan dauden instalazioetan ere.

Abonatua izateak udal jardueretan sartzea errazten dizu, eta udal jardueretan prezio merkeagoak lortuko dituzu. Dagoeneko 92.000 pertsonok baliatzen ditugu abantaila horiek. Anima zaitez!

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.