Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea - Salburuko parkea
Salburuko parkea
Aurkezpena | Nola iritsi | Planoa eta airetiko ikuspegiak | Gomendatutako ibilbideak | Garrantzi ekologikoa | Hezegunearen leheneratzea | Vital bideak | Ataria
Egindako berreskurapen lanak eta gero, Salburua gaur egun hezegune kontinentalik garrantzitsuenetakoa da bere ingurune geografikoan. Bere garrantzia esparru lokal edo erregionalaz haratago doa: 2002. urtean nazioarteko hezegune garrantzitsuenen zerrenda osatzen duen Ramsar Hitzarmenean sartu zen eta, oraintsu, Natura 2000 Sarearen barruan Batasunaren garrantzizko lekutzat hartu da, kontserbaziorako interesik handiena duten Europako naturguneen multzoan egon dadin.
Salburua bezalako hezegune batek balio eta funtzio ekologiko anitz ditu. Nabarmena da akuiferoko uretatik substantzia kaltegarriak ezabatzen egiten duen arazte lan sendoa.
Urmael hauetako landareen artean landaredi akuatiko eta gainerakorraren aberastasuna nabarmendu behar da eta, batez ere, ezpata belar (Carex riparia) multzoen hedadura. Espezie honek sail handiak osatzen ditu, hain zuzen Iberiar Penintsulan hobekien gordetakoak direnak. Era berean, aipatzekoa da Arabako Lautadan bizirauten duen ordoki harizti gutxietako bat.
Faunaren aldetik garrantzi ukaezina du, bioaniztasun handia duelako eta han bizi diren espezie asko galtzeko arriskuan direlako. Hezegunean bizi den fauna guztia basatia da, orein taldea izan ezik (gizakiak sartu zituen, aintziretako landaretza kontrolatzeko)..
Oraindik ikertzeko asko geratzen den arren, badakigu Salburuan Iberiar Penintsulako kakarraldo karabidoen komunitate garrantzitsuenetako bat bizi dela (108 espezie), eta mehatxupean dauden hainbat burruntzi, besteak beste Coenagrion mercuriale espeziea.
Salburua Euskal Herriko anfibioen eta narrastien multzo osatuenetakoaren bizileku da. Horien artean apoarmatu autoktonoak eta, bereziki, baso igel jauzkaria aipatu daitezke. Azken hau, hariztiaren oihanpean bizi dena, Iberiar Penintsulatik desagertzeko arriskuan dago.
Hegaztien ikuspuntutik kontserbaziorako interes berezia duen enklabea da. Migrazio bide baten erdian kokaleku estrategikoa duenez, milaka hegaztik erabiltzen dute beren bidaietan zehar, bertan lasaitasuna eta janari oparoa topatzen baitute. Horietako zenbait bertan geratzen dira negua igarotzera, eta batzuk baita habia egitera ere. Sarritan iraungitze mehatxu larrian dauden espezieak agertzen dira gune honetan, Salburuari berebiziko garrantzia emanez animalia talde honen kontserbazioari dagokionez. Salburua urte sasoi ezberdinetan bizilekutzat duten eta mehatxupean dauden espezieen artean ondokoak aipa daitezke, besteak beste: ur-benarriza, koartza gorria, udako zertzeta, amiltxori txikia eta mokozabalak.
Dena den, ugaztunen artean aurkituko dugu inguruko espezierik ospetsuena: bisoi europarra (Mustela lutreola). Munduan galtzeko arrisku bizienean diren haragijaleetariko bat da bisoi europarra. Europan beste haragijale bat baino ez dago bisoi europarra bezainbesteko arriskuan: katamotz iberiarra. Salburuko bisoi europarraren populazioa oso mehatxatua dago, eta hain zuzen berau kontserbatzea da parkea kudeatzen dutenen lehentasunetako bat.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.