BIZILEKU: bizikletentzako aparkaleku seguruen formatu berria VGBiziz sarean
Aurkezpena
Bizileku proiektuak bizikleta leku seguru batean aparkatzeko aukera ematen du, etxetik gertu.
Urtebeteko iraupena duen proiektu pilotu bat da. Helburu du bizikletaren erabilera sustatzea etxean bizikleta gordetzeko leku aproposik (adibidez, kamaroteak eta trastelekuak) ez duten erabiltzaile potentzialen artean, edo irisgarritasun-arazoak dituztenen artean (igogailurik ez izatea, oztopo arkitektonikoak izatea...).
Proiektu honetarako bi modulu jarriko dira, eta bakoitzean 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira. Gardenak izango dira, bandalismoaren aurkako materialez eginak, guztiz autonomoak, plaka fotovoltaikoa izango dute, eta barneko bideo-zaintzarako kamera ere bai.
Hiriguneko bi eremutan kokatuko dira:
- Santa Barbara plazan, lurpeko aparkalekuaren hego-mendebaldeko irteerako parterrearen alboan. Plaza-kopurua: 10 plaza
- Antso Jakitunaren kalean, 23-25 zenbakien artean, galtzadaren alboan. Plaza-kopurua: 10 plaza
Halaber, VGBiziz sareko red VGBiziz Oroimenezko Zentroaren aparkaleku seguruko 15 plaza erreserbatuko dira Bizileku proiekturako.
Guztira, Bizileku formatuko 35 aparkaleku seguru daude, aparkalekuen eraginpeko eremuren batean erroldatuta dauden adin nagusikoentzat.
Biztanle bakoitzak 6 hilabetez erabil dezake esleitutako plaza. Ondoren, itxaron-zerrendarik ez badago, urtebetera arte luza daiteke.
Proiektuak tarifa-formatu berri bat du, Bizilekuizenekoa. Tarifa berria hilean 15 €-koa izango da (egunean 0,50 €), baina hobari handiak aplikatuko dira bizikletaren erabilerari buruzko datuen arabera. Hilean zehar bizikleta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobari handiagoa eskuratuko da.
Proiektuaren lehen hilabetetik, esleitutako plazaren monitorizazio-datuek erakusten badute bizikleta ez dela mugitu proiektu pilotu honek ezartzen dituen gutxienekoen arabera, erabiltzaile horiei baja emango zaie proiektu pilotutik, aurrez abisatuta. Hala, zerrendako hurrengo pertsonari eskainiko zaio proiektuan sartzeko aukera.
Plazak esleitzea
Eskabide-kopuruak eskaintzena gainditzen badu, 35 plazak zozketa bidez esleituko dira.
Zozketan izena ematea: 2024ko azaroaren 8tik 17ra, biak barne.
Zozketa: azaroaren 18tik aurrera.
Aukeratutako pertsonen zerrenda eta erreserba-zerrenda 2024ko azaroaren 25ean argitaratuko da, udalaren webgunearen hasierako orrian eta vitoria-gasteiz.org/bizikleta helbidean.
- 18 urtetik gora izatea.
- BIZILEKU aparkaleku seguruak kokatuta dauden 3 eremuetako batean erroldatuta egotea.
- Pertsona bakoitzak behin bakarrik parte har dezake.
Udalak egiaztatu egingo du adinari eta erroldari buruzko baldintzak betetzen direla.
Bizileku bakoitzari dagozkion kaleak eta atariak:
• Santa Barbarako Bizilekuaren onartutako kale eta atariak
• Antso Jakitunaren kaleko Bizilekuaren onartutako kale eta atariak
• Oroimenezko Zentroko Bizilekuaren onartutako kale eta atariak
Plaza eskatzeko urratsak
Plaza bat eskatzeko, jarraitu urrats hauek:
- 1. urratsa. Pverde plataforman aurrez erregistratzea. Ezarritako hiru eremuetako batean bizi diren eta BIZILEKU proiektuan parte hartu nahi duten pertsonak Pverde plataforman erregistratu behar dira.
- 2. urratsa. BIZILEKU plaza eskatzeko izena ematea. PVerde plataforman erregistratu ondoren, bete izena emateko inprimaki hau, eskabide-kopuruak eskaintzena gainditzen badu, zozketan parte hartzeko.
Erabileraren jarraipena
Gasteiz hirian egingo den proba pilotu honen funtsezko helburua aparkaleku-formatu berri bat probatzea eta ebaluatzea da. Bizikletaren erabilera sustatzen lagunduko du formatu berri horrek, modu jasangarrian, ekitatiboan, berritzailean eta erakargarrian. Eta, hortaz, mugikortasun osasungarria sustatzen jarraitzeko balioko du, eta mesede egingo dio Gasteizko garraio mota guztien deskarbonizazioari.
Proiektu pilotuak irauten duen bitartean hainbat elementu, plataforma eta gailuren bidez jasotako datuak eskuratzea funtsezkoa izango da proiektuaren eraginkortasuna ebaluatzeko eta, hala, Gasteizen bizikletaren erabilera, mugikortasun jasangarria, CO2aren murrizketa eta emisioen murrizketa sustatzeko eredu berriak bilatzeko. Hortaz, aipatutako emaitzak aztertzeak aukera emango du proiektuaren etorkizuneko faseetan BIZILEKU plazen erabilera-arauak, esleipena eta kudeaketa egokiago doitzeko eta zehazteko.
- PVerde-ren bidez datuak eskuratzea
PVerde plataformaren bidez, bizikleta bakoitza BIZILEKU aparkalekura sartzen deneko eta hortik irteten deneko datuak eskuratuko ditugu, baita erabilera handieneko eta txikieneko ordu-tarteen eta aldien gaineko datuak ere.
- Police-Bike gailuaren hautazko ezarpena
Plazen erabilera monitorizatu egin daiteke proiektu pilotu osoan zehar, guztiz berria den gailu baten bidez: Police-Bike (aurrerantzean, PB). Gailu hori ezartzea aukerakoa da, eta BIZILEKU plazaren aldi baterako erabiltzaileak berariaz eskatuz gero bakarrik ezarriko da. Haririk gabeko Bluetooth konexioaren bidez funtzionatzen duen aparatu txiki bat da, eta modu guztiz ezkutuan jarriko zaie BIZILEKU proiektu pilotuan parte hartzen duten bizikletei, jarri nahi badute. Bizikletarekin lotuta dauden eta proiektu honekin kolaboratzen duten hiriko hainbat establezimendutan doan jarriko dute aparatua.
PB gailuak honakoei buruzko datuak emango dizkigu:
- Bizikletak BIZILEKU aparkalekuaren barruan eta handik kanpo igarotako denbora.
- PB gailua duen BIZILEKU bizikleta bakoitzak egindako kilometro kopurua.
- Bizikleta-erabiltzaileen mugimenduaren bero-mapa. Hori lagungarria izango da bidegorri-sarea eta bidegurutzeak hobetzeko, bide berriak diseinatzeko...
Erabilera-arauak
- Plazak eskuratzea
Eskabidea egiten duten pertsonek bakarrik eskura ditzakete aparkalekuak, eta izen-emate prozesu baten bidez aukeratuko dira. Funtsean, adinez nagusia izatea eta BIZILEKU aparkaleku seguruak jarriko diren hiru eremuetako batean erroldatuta egotea izango dira aukeratzeko irizpideak.
- Plazak esleitzea
Eskabide-kopuruak eskaintzena gainditzen badu, zozketa bidez esleituko dira plazak hiru instalazioetan izena eman duten pertsonen artean, erroldatuta dauden eremuaren arabera. Zozketan sartu ahal izateko, biztanleek euren NANarekin erregistratu behar dute, eta helbidea eskatu den BIZILEKUren kokapenarekin bat datorrela egiaztatuko da. Honakoak dira hiru eremuak, atxikitako planoen arabera:
- Oroimenezko Zentroko Bizileku: 15 plaza eskuragarri (Oroimenezko Zentroko eragin-eremua).
- Antso Jakitunaren kaleko Bizileku: 10 plaza eskuragarri (Antso Jakitunaren kaleko eragin-eremua).
- Santa Barbara plazako Bizileku: 10 plaza eskuragarri (Santa Barbarako eragin-eremua).
Plazak, hasieran, 6 hilabeterako esleituko dira. Eskariak ahalbidetzen badu, plaza urtebetera arte luzatzeko aukera izango da. Horixe izango da, hain zuzen ere, proba pilotuaren iraupena: urtebete.
Hiru Bizilekuetako batean plaza bat esleitu zaien erabiltzaileek plaza-zenbaki bera izango dute gordeta aipatutako denbora-tartean zehar.
- Tarifak eta funtzionamendua
VGBiziz Aparkaleku Seguruen Sareko sisteman adierazitako tarifen, abonamenduen eta ordaintzeko moduen mende egongo dira esleitutako plazak.
Aparkaleku horiek malguki erabili ahal izango dira. Hau da, erabiltzaileak ez dira euren bizikleta mugitzera behartuta egongo, gaur egun VGBiziz sarean dauden hiru tarifen formatuan aurreikusten den moduan: MAX1: 1,02 €/egunean - MAX 3: 3,06/€hilean - MAX 6: 6,12/€ hilean.
Hortaz, tarifa-formatu berri bat jarriko da, Bizileku izenekoa.
Tarifa berria hilean 15 €-koa izango da (egunean 0,50 €), baina hobari handiak aplikatuko dira erabiltzaile bakoitzak hilabetean zehar bizikleta mugitu duen aldi kopuruari buruzko datuen arabera.
Hilean zehar bizikleta maiz erabili duten erabiltzaileei aplikatuko zaie aipatutako hobaria. Hilean zehar bizikleta zenbat eta gehiago mugitu, orduan eta hobari handiagoa, honako hobarien taularen arabera:
- Egunean 1 erabilera, 2 ordutik beherakoa: 0,20 €/egunean
- Egunean 1 erabilera edo gehiago (2 ordutik gora): 0,40 €/egunean
- Hilean 4 erabilera edo gutxiago: Proiektu pilotutik baja ematea
Hala, bizikleta ia egunero erabiltzen bada goizez eta arratsaldez lanera joateko, hilaren amaierako tarifa hileko tarifarik merkeena izango da, MAX 3 izenekoa, eta hilean 3 € ordaindu beharko dira.
Hobaridun tarifa honen bidez, eremu geografiko horretan bizi diren eta aurrez aipatu ditugun ezaugarriak dituzten erabiltzaileek izena ematea da helburua: etxean bizikleta gordetzeko lekurik ez dutenak, baina etxetik kanpoko espazio seguru batean uzteko aukera emanez gero, bizikleta eguneroko eta ohiko joan-etorrietarako erabiliko dutenak.
- Uztea, sisteman baja ematea eta ordezkoak sartzea
Bizileku plaza bat esleituta duen edozein erabiltzailek edozein unetan utz dezake proiektua. Horretarako, 10 egun lehenago abisatu behar du, eta hasita dagoen hilabete osoa ordainduta utzi behar du.
Proiektu pilotu hau ez dago euren bizikletak aparkatu eta bertan uzteko asmoa duten erabiltzaileei bideratuta. Proiektuaren lehen hilabetetik, esleitutako plazaren monitorizazio-datuek erakusten badute bizikleta ez dela mugitu proiektu pilotu honek ezartzen dituen gutxienekoen arabera, erabiltzaile horiei baja emango zaie proiektu pilotutik, aurrez abisatuta. Hala, kanporatuaren eremuan Bizileku plaza bat eskuratzeko itxaron-zerrendan ordezko gisa geratu zen hurrengo pertsonari eskainiko zaio proiektuan sartzeko aukera.
Modu horretan, erabiltzaile mota horien erabileren eta mugimenduen gaineko ahalik eta datu gehien eskuratu nahi dira, dagokion ebaluazioa eta balorazioa egiteko. Horren arabera, etorkizunean proiektua hedatu edo garatu daitekeen erabakiko da, Bizileku formatuko Bizikletentzako Aparkaleku Seguruen plaza gehiago ezartzeko.
Ikusi iragarkia Iragarki-taula digitalean
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.