Emisio Gutxiko Eremua: trafiko gutxiago, bizimodu hobea
Emisio Gutxiko Eremua (EGE) sortzeari ekin dio Gasteizko Udalak, Next Generation EU - Vitoria-Gasteiz Green Mobility Next proiektuaren barruan.
EGEak ezartzeak hainbat abantaila ditu hirietako bizimoduan, hala nola airearen kalitatea hobetzea, kutsatzaile atmosferikoen emisioak eta ibilgailuen zarata murriztea, klima-aldaketa arintzen laguntzea, mugikortasun aktiboa sustatzea eta espazio publikoa berreskuratzea, baita garraiobideen erabileran eraginkortasun energetikoa bultzatzea ere.Hirian trafiko gutxiago egoteari esker, bizitza gehiago egongo da.
Zer dira Emisio Gutxiko Eremuak?
Emisio Gutxiko Eremuak hiri-eremu mugatuak dira, eta zenbait muga ezartzen zaizkie ibilgailuei bertara sartzeko, zirkulatzeko eta aparkatzeko, hartara airearen kalitatea hobetzea eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea xede, eta, bide batez, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.
Zergatik Emisio Gutxiko Eremu bat Gasteizen?
Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legeak, Europakoak, 50.000 biztanletik gorako udalerriak —ondorioz, Gasteiz— neurriak hartzera behartzen ditu mugikortasunak eragindako emisioak murrizteko.
Noiz sartuko da indarrean?
Lehenengo fasea 2025ean jarriko da abian, neurri hauek ezarrita: matrikulak irakurtzeko kamerak jartzea, iragaitzazko zirkulazioa kentzea eta sarbide puntualerako baimenak ezartzea.
Bigarren fasean, 2027an, murrizketa-perimetroa zabaldu eta ingurumen-arloko TAO delakoa aktibatuko da.
Hirugarren fasean, 2030etik aurrera, ibilgailuak sartzeko murrizketa gehiago aurreikusten dira, kutsatzeko duten ahalmenaren araberakoak, baita ingurumeneko TAO eremua gehiago zabaltzea ere.
Zer eremutan izango du eragina?
Emisio Gutxiko Eremua hiru fasetan ezarriko da Gasteizen: 2025, 2027 eta 2030.
Fase honetan sartzen dira Erdi Aroko hirigunea eta Zabalgunearen zati bat, baita kale hauek ere: San Ignazio Loiolakoa, Frantzia, Bake kalea, Ramón Ortiz de Zarate, Florida, Santiago Ramon y Cajal, Louis Heintz, Magdalena, Vicente Goikoetxea, Zerkabarren, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailea eta Arriagako Atea. Eragindako eremuak 0,64 km2 ditu.
Lehenengo fasean, 2025ean, mapa hau definitu da:
Mapa handitzea (pdf)
Bigarren fasean, 2027an, eremuaren mapa zertxobait handituko da, 0,82 km²-ra arte.
Kale hauek sartuko dira: San Ignazio Loiolakoa, Frantzia, Bake kalea, Ramon Ortiz de Zarate, Florida, Santiago Ramon y Cajal, Louis Heintz, Ramiro Maeztu eta Andre Maria Zuriaren Koroatzea.
Hona hemen definitutako mapa:
Mapa handitzea (pdf)
Hirugarren fasean, 2030etik aurrera, murrizketak areagotuko dira eremu mugatutik ibilgailuak igarotzeari dagokionez.
Zer da “Egoiliarren Lehentasuneko Eremua”?
Hala deitzen zaie hirigune jakin batzuei, zeinean ez-egoiliarrei ibilgailuz sartzeko, horien barruan zirkulatzeko eta horietan aparkatzeko murrizketa-neurriak aplikatzen baitzaizkie, hartara gune horietako bideen erabilera iraungarria izan dadila zaintzeko eta kutsadura akustiko zein atmosferikoaren mailak murrizteko, baina hornikuntza eta zerbitzuetako ibilgailuei eremu horietan sartzea eragotzi gabe, beharrezkoak diren aldetik.
Gasteizen, Egoiliarren Lehentasuneko Eremu bat zehaztu da —bat egiten duena EGEren lehen fasean zehaztutako eremuarekin—, eta bertan sartzeko baimen iraunkorrak emango zaizkie egoiliarrei eta garraiolariei. Bestelako ibilgailuentzako aldizkako baimenen sistema bat ezarriko da. Baimen horiek erregulatzeko, online plataforma bat jarriko da abian.
Nola mugatzen da Emisio Gutxiko Eremua?
Eremuaren sarbideetan mugatuko da, eta dagokion seinaleen bidez adieraziko da debekatuta dagoela ibilgailu oso kutsakorrak sartzea.
Nola funtzionatzen du Emisio Gutxiko Eremuak?
Emisio Gutxiko Eremuan sartu aurretik, mugak jakinarazten dituzten seinaleak aurkituko dituzu, baimenik ez baduzu eremuan sar ez zaitezen.
Gainera, Emisio Gutxiko Eremuko sarbideetan matrikulak automatikoki irakurtzeko kamerak egongo dira; hala, matrikulak Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) datu-baseekin alderatuko dira, ibilgailua eremu mugatura sar daitekeen ala ez egiaztatzeko.
Eremura baimenik gabe sartzen bazara, dagokizun zehapena izapidetuko da araudia ez betetzeagatik.
Beharrezkoa da ibilgailuan ingurumen-bereizgarria jartzea?
Ez da beharrezkoa eranskailua edo bereizgarria zure ibilgailuan jartzea. Izan ere, kamerek automatikoki irakurriko dituzte matrikulak, eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) datu-baseekin kontrastatuta egiaztatuko dute ibilgailua eremu mugatura sar daitekeen ala ez.
Hala ere, Emisio Gutxiko Eremuetan sar zaitezkeen jakiteko, zure ibilgailua DGTko zein kategoriatan dagoen jakin behar duzu.
Zer gertatzen da araudi hori betetzen ez badut?
Arau-hauste larria izango da baimenik ez izatea eta Emisio Gutxiko Eremuan sartzeko edo bertan zirkulatzeko baldintzak ez errespetatzea.
Arau-hauste arina izango da baimendutako egonaldia gainditzea, baimendutako sarrera-kopurua gainditzea, Egoiliarren Lehentasuneko Eremuan baimendutako ibilgailu-kopurua gainditzea, igarotzeko ordutegi-murrizketak ez errespetatzea, baimenean jaso gabeko kale batean sartzea edo sartzeko baimena datu edo dokumentu akastun edo faltsuen bidez lortzea.
Zehapen ekonomikoak 90 euro (arau-hauste arinak) eta 200 euro (arau-hauste larriak) artekoak izango dira.
Zer salbuespen jasotzen ditu araudiak?
Lehenengo fasean (2025), zortzi ibilgailu-kategoria sar daitezke Emisio Gutxiko Eremuan integratutako Egoiliarren Lehentasuneko Eremuan:
- Egoiliarrak
- Aparkalekuetara joan nahi dutenak
- Merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduak
- Zerbitzuak ematea / Zamalanak
- Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatze-txartelen titularrak
- Mugikortasun urriko pertsonentzako txartelik ez, baina mugikortasun urria duten gaixo zein adinekoak
- Egoera bereziak
- Larrialdietako zerbitzuetako langileak
Kategoria horietako ibilgailuen titularrek alta eman beharko dute sarbideak kontrolatzeko sisteman, eta dagokien baimena izan beharko dute.
Ibilgailu-kategoria bakoitzak funtzionamendu-jarraibide espezifikoak izango ditu, eta horien bidez mugatuko dira sartzeko orduak edo egunak, egonaldiaren iraupena, hileko sarrera-kopurua edo Egoiliarren Lehentasuneko Eremuaren barruan baimendutako ibilgailu-kopurua.
Gainera, zenbait ibilgailuk sarrera mugatua izango dute aldez aurretik erregistratu beharrik gabe.
Non dago Emisio Gutxiko Eremuari buruzko araudia?
Gasteizko Udalaren Osoko Bilkurak, 2024ko azaroaren 15eko ohiko bilkuran, hasierako onespena eman zion Gasteizen Emisio Gutxiko Eremua (EGE) sortzeari buruzko ordenantzari.
2024ko azaroaren 27ko ALHAOn (135.zk.) argitaratu zen.
2025eko urtarrilaren 14ra bitartekoa izango da alegazioak aurkezteko epea.
Kontsultatu emisio gutxiko eremua (EGE) sortzeari buruzko ordenantza eta proiektu teknikoa (uztailaren 12an onartua)
Lehenagoko jarduketak
Gasteizko Udala ez da hutsetik abiatu hiriaren garapen jasangarria bultzatzeko konpromisoari dagokionean; izan ere, 2007an Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana egin zuen. Esparru horretan, Udalak jarduera-ildo garrantzitsuak garatu ditu ibilgailu pribatuen erabilera mugatzeko eta mugikortasun jasangarriko aukeren kalitatea hobetzeko, hala nola bizikleta, oinezkoen mugikortasuna eta garraio publikoko sarearena. Horien artean, honako hauek nabarmendu daitezke:
- Superetxadien sistema garatzea.
- TAO eremua handitzea.
- BEI sistema ezartzea.
- Tranbiaren ibilbidea luzatzea.
- TUVISAko autobus-flota elektrifikatzea.
- 170 km bizikleta-bide sortzea.
- Bizikletentzako aparkaleku seguruak jartzea.
- Bizikleta-sarearen konektibitatea sustatzea.
- Kaleak eraberritzea oinezkoen espazioa handitzeko.
Informazio gehiago
Proiektuari buruzko informazioaren jarraipena egin ezazu, prentsa-oharren bidez
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.