AnHitzak 2020: Gasteizko hizkuntza aniztasuna balioan jartzeko topaketa

Estimazioen arabera, Gasteizko kaleetan 50 hizkuntza baino gehiago erabiltzen dira, ba al zenekien? Horren guztiaren balioa aitortu nahi dugu, proiektu honen bidez.

AnHitzak 2016 kulturarteko topaketa bat izan zen, world-coffe formatuan: elkar ezagutu, hizkuntza aniztasunari buruzko ideiak partekatu eta ekitaldi txiki batekin amaitu genuen.

AnHitzak 2020 ere eskema berberaren arabera antolatu nahi genuen, baina ez da posible izan. Horren ordez, banan-banan hainbat komunitate biltu ditugu hizkuntza aniztasunaren eta euskararen inguruko ideiak partekatzeko.

Gasteizko hizkuntza aniztasunaren lagin txiki bat

(1) Hassania

Urriaren 12an Sahararen Batasun Nazionalaren eguna ospatzen dute errefuxiatuen kanpamentuetan eta lurralde okupatuetan. Egun horretan, herri gisa onartuak izateko eta beren lurraldea defendatzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Egun hori baliatu dugu haiengana hurbiltzeko eta haiekin hitz egiteko, hassania hizkuntzak Gasteizen duen presentziaz eta euskararen garrantziaz. Te-usaina eta irrintziak izan genituen lagun.

Alea aldizkarian: "Gasteizen hassaniaz hitz egiten duten saharar asko dago"(Beste leiho batean irekiko da)

(2) Wolofera

Urriaren 23an, ostiral arratsaldean, Oihaneder euskararen etxean Senegaleko hainbat lagun bildu ziren MBOLO elkartearen bidez. Guztira, zazpi heldu (lau gizon eta hiru emakume) eta lau ume izan ziren. Senegalen hainbat hizkuntza hitz egiten badira ere, wolofera da zabalduena eta solasaldia woloferaz egin zuten. Bukaeran, Senegaleko doinuekin kantatzen eta dantzatzen ibili ziren, eta solasaldian parte hartzeko aukera emateagatik esker onez mintzatu ziren. Teranga!

Alea aldizkarian: "Gure umeak hemen jaio dira, baina ez dituzte beren sustraiak ahaztu behar"(Beste leiho batean irekiko da)

(3) Zeinu hizkuntza

Urriaren 31n, igandearekin, Arabako gorrak elkartearen laguntzaz, anHitzak zeinu-hizkuntzara hurbildu zen. COVID 19 dela eta, neurri berriak ezarri ondoren egin genuen lehen saioa izan zen: 6 lagun batu ziren (4 emakume eta 2 gizon). Egoera dela eta, saioa oso berezia izan zen denontzat. Solaskideak oso berritsu egon ziren, beren arteko konplizitate handiz, begiradak, hitz txandak eta irribarreak bizi trukatuz.

Alea aldizkarian: "Zeinu hizkuntza ez da atzerriko hizkuntza bat; maila berean egon behar da"(Beste leiho batean irekiko da)

(4) Bulgariera

Gasteiz-Rodina kultur elkarteari esker, Ibaiondo gizarte etxera hurbildu ginen urriaren 5ean. Han biltzen dira larunbat arratsaldeetan, haurrekin bulgariera eta hango geografia eta historia lantzeko. Hainbat adinetako haurrak biltzen dira, eta kantak eta dantzak ere ikasten dituzte. Orotara 20 gasteiztar aurkitu genituen bertan: bost emakume eta 15 haur. Euskarari buruz eta bulgarierari buruz egin genuen haiekin gogoeta.

Alea aldizkarian: "Gasteizko bulgariarrok gure hizkuntza eta kultura gordetzen ditugu"(Beste leiho batean irekiko da)

(5) Pular hizkuntza

Azaroaren 7an, pular hizkuntza izan zen #AnHitzak2020(Beste leiho batean irekiko da) topaketen bosgarren saioaren ardatza.

Gineako Errepublikako fula herriarekin lotutako komunitate gasteiztarrak bere hizkuntzari eusten dio, euskara ikastearekin batera.

Alea aldizkarian: "Edozein herrialdetan zaudela, hango hizkuntza hitz egiten saiatu behar duzu"(Beste leiho batean irekiko da)

(6) Katalana

Azaroaren 22an, Gasteizen bizi diren hainbat katalan hiztun Oihaneder euskararen etxean elkartu ziren, Gasteizko Casal Catalá elkartearen bidez egindako hitzorduan. Elkarte horrek ekimen ugari antolatzen ditu Gasteizen bizi diren katalan hiztunek beraien hizkuntza eta kultura gorde eta transmititu dezaten. Euskararekiko interesa izatea normala iruditzen zaie, elkartasunagatik “Katalunian ere egoera antzekoa dagoelako hizkuntzarekin”.

Alea aldizkarian: "Katalunian ere antzeko egoera dago hizkuntzarekin"(Beste leiho batean irekiko da)

(7) Tamazigh (Rif)

Azaroaren 7an tamazight hiztunekin egin genuen topaketa. Euskararekiko sentsibilizazioa berezkoa dute, eta, euren ustez, hizkuntzen arteko parekidetasunak batzen gaitu. "Gure hizkuntza euskara bezalakoa da" -diote-, arabierarekiko hizkuntza gutxitua baita, eta, gure kasuan bezala, hizkuntza biak oso ezberdinak direlako. Interes handiz ikusten dute euskarak eskolan, liburuetan edo hedabideetan duen tokia, eta miresgarria egiten zaie.

Alea aldizkarian: "Tamazight euskara bezalakoa da, arabierarekiko hizkuntza gutxitua"(Beste leiho batean irekiko da)

(8) Hizkuntza aniztasuna eskoletan (Landazuri ikastolako gurasoak)

Azaroaren 21ean, Landazuri ikastolako hainbat gurasorekin bildu ginen. Hizkuntza-aniztasuna eskolan nola jorratu hausnartu genuen. Landazuri ikastola berezia da: 20 bat hizkuntza hitz egiten dira bertan eta aniztasuna harrotasunez bizi dute.

Alea aldizkarian: "Landazuri Ikastolan 18 hizkuntza eta 22 herrialde desberdinetako familiak daude"(Beste leiho batean irekiko da)

(9) Euskara eta hizkuntza aniztasuna

GEU elkartearen laguntzarekin, euskararen ezagutzaz, transmisioaz eta erabileraz hitz egin dugu euskaldun talde txiki batekin. Haien esanetan, "uste baino jende gehiagok euskara jakin arren, aurreiritziak apurtu, eta erabileraren traba diren lotsak gainditu behar dira". Gasteizko aniztasunak lagundu egin die hizkuntzekin jarrera irekiagoa izaten, haien ustez.

Alea aldizkarian: "Uste baino jende gehiagok euskaraz jakin arren, aurreiritziak apurtu behar dira"(Beste leiho batean irekiko da)

(10) Arabiera

Azaroaren 7an, Al Indimay elkartera hurbildu ginen eta arabiar hizkuntza eta kulturaren gainean, haren transmisioaz, erronkez eta abarrez solastu genuen. Elkarte honetan arabiar hizkuntza eta kultura irakasten dute, baina pandemia dela eta eten behar izan zituzten eskolak. Argi ikusten dute euskara ikasteko beharra, elkarbizitzarako urrats garrantzitsua delako. Era berean, arabiera lantzeko baliabideak eta erraztasunak eskaten dituzte. Egun, hirian oso pertsona gutxi batzuk dira arabiar estandarrean hitz egiteko gai, gehienek darijaz hitz egiten baitute.

Alea aldizkarian: "Gasteizen, arabiar hizkuntza eta kulturaren egoera oso mugatuta dago"(Beste leiho batean irekiko da)

Bideo laburra

Bideo labur bat (6:10) egin dugu hizkuntza komunitate horien guztien ekarpenekin. Hemen:

Informazio gehiago nahi duzue?

Lehen edizioaren laburpena:

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: