‘150 gramo. Dendaz Denda 2026’ dantza- eta antzerki-zikloak girotuko ditu Gasteizko saltokiak apirilaren 14tik 17ra

2026ko apirilaren 8an argitaratua

Udalak doako 8 saio programatu ditu guztira, edukiera bete arte.

‘150 gramo. Dendaz Denda’ jaialdiaren edizio berri bat egingo da Gasteizko merkataritza-establezimenduetan apirilaren 14tik, asteartetik, apirilaren 17ra, ostiralera. Zazpi antzezlan eta dantza-emanaldi bat izango dira egitarauaren barruan, 10 eta 23 minutu bitartekoak, eta hiru ordutegitan izango dira ikusgai: 18:00etan, 18:45ean eta 19:30ean.

Gasteizko Udalak sustatzen du ekitaldia, El mono habitado eta Pez Limbo konpainiekin batera eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa du.

Gure lehentasunerako bat gertuko merkataritza dinamizatzea da, sektoreko profesionalen lanari garrantzia emateko ekitaldien bitartez. ‘Dendaz denda’ ekimenarekin, gure hiriko saltokiak arte-eszenatokiak bihurtuko dira, eta, hala, antzerkia eta dantza publikoarengana hurbiltzeaz gain, Gasteizko auzoetako saltokiak ezagutaraziko dira”, nabarmendu du Maria Nanclaresek, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren zinegotziak.

Jaialdia asteartean, apirilaren 14an, hasiko da bi kultur ekitaldirekin. Alaba Jeneralaren kaleko Origen denda ‘Ni arriba ni abajo’ antzezlanaren agertokia izango da, eta publikoak erdi-egia zintzoez osatutako igogailuko elkarrizketa deseroso bat (guztien modukoa) ikusteko aukera izango du.

Egun horretan bertan, Bernal Díaz de Luco kaleko 13. zenbakian, Perlasaluten, Laura Cobo artistaren ‘Frame’ dantza-emanaldia ikusteko aukera izango da. Cobok mugimendua birpentsatzera bultzatzen du erritmoarekin jolastuz, atzera eginez, azkartuz edo irudia geldituz. “Scrath” betean dagoen eta binilo bat manipulatzen duen DJ baten modura.

Asteazkenean, 15ean, Bodega J. Pérezek (Heraclio Fournier kalea, 21) Gehibat konpainiaren ‘Zazpi urte eta erdi’ lana aurkeztuko du. Obra horrek teknologiaren urrats harrigarrietan jartzen du arreta. Kasu honetan, Anek eta Ibonek hil ostean berriro elkar ikusteko aukera izango dute, Adimen Artifizialarekin sortutako abatarren bitartez.

Halaber, asteazkenean, Pez Limbok ‘Algo muy tocho’ aurkeztuko du Bioalain (Txalaparta, 23). Aurrera begiratzen duten baina norantz doazen ez dakiten bi gizonen istorioa kontatzen duen antzezlana da. Bi pailazo dira iragana oroitu nahian, baina nondik datozen jakin gabe. Bizitzaren eta antzerkiaren arteko jolasa.

Publikoak bi antzerki-emanaldiz gozatzeko aukera izango du ostegunean, apirilaren 16an. Boucheruiten, Errementari kaleko 11. zenbakian, Santorini konpainiaren ‘Guardar la ropa’ izango da ikusgai. Obrak garbitegi batean topo egiten duten bi ezezagunen eszena islatzen du. Bakoitzaren mundua ulertzeko moduak, arazoak eta desirak joan-etorrian ibiliko dira, gurpil horretatik ateratzeko eta aurrera egiteko modua bilatuz.

Era berean, ostegunean, Olatz Gamboa aktoreak ‘¿Me dejas darle el biberón?’ aurkeztuko du Paul Paulinan (Domingo Beltrán, 13). Harreman toxikoa duten aita-alaben istorioa du ardatz lanak. Aitak alzheimerra du orain eta elkar ikusiko dute berriro ere, baina hankaz gora jarriko da guztia.

‘Dendaz denda 2026’ zikloa 17an, ostiralean, amaituko da, bi hitzordu berrirekin. Lehenengoa ‘La habitación de los objetos perdidos’ izango da. Neus Solerrek galtzen dugun guztia nora joaten den galderaren gaineko gogoeta egingo du: objektu bat, etxe bate, pertsona kuttun bat edota oroitzapenak… La Purin izango da antzezlana ikusteko aukera (Vicente Goicoechea, 8).

Eta Diversitat Teatralek ‘Miradas’ proposatuko du. Ricardok Irene emaztea konbentzitzea lortu du, antzezlan esperimental bat ikustera joan daitezen. Baina Irenek arbuio berezi, absurdo eta naturaz gaindiko bat du antzerkiarekiko… Nerimmoonen izango da (Aldabe, 5).

‘150 gramo. Dendaz Denda’ jaialdiko zortzi saioetarako sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

Informazio gehiago udaleko webgunean

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.