SmartEnCity - Koroatze plana: karbonoan neutro diren hiri adimentsuak sortzea

Koroatze plana

Proiektuaren aurkezpena

SmartEnCity 2016. urtean hasi zen, sei herrialdetako hogeita hamazortzi bazkideren parte-hartzearekin. Europa mailan CO2 gasik gabeko hiri adimentsuak sortzeko bidean lan egiteko batu ziren. Herritarrekin egin zen lan energia eskaria ahalik eta gehien murrizteko, batez ere birgaitze ekintzen bidez, energia berriztagarrien erabilera emendatuz eta mugikortasun adimentsua hobetuz.

Proiektuak iraun duen urteetan zehar, Itsasargi Hiri izan zen Gasteiz, Tartu (Estonia) eta Sonderborg (Danimarka) hiriekin batera. Hirurek hainbat ekintza adimentsu eta berritzaile gauzatu zituzten helburu horietara iristeko.

Gasteizen kasuan, Koroatze auzoaren birgaitze energetikoa izan zen proiektuaren ardatza. Auzoko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko aukera ona izan zen, hainbat etxebizitza birgaitu baitziren energiaren ikuspuntutik, bizitzeko erosoagoak izan zitezen, eta espazio publikoari dagokionez, kaleak eta plazak berriztatu baitziren auzoa erakargarriagoa izan zedin.

Zergatik Koroatze auzoa?

Vitoria-Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritza izan ziren proiektuaren sustatzaileak (azken horrek Visesa sozietate publikoaren bidez). Proiektua bideratzeko, Koroatze auzoa aukeratu zuten, Vitoria-Gasteizko auzorik premiatsuena (lehentasun handiena zuena) zela ikusi baitzen. Izan ere, gizarte-ikuspuntutik nahiz bizigarritasunean, irisgarritasunean eta energia-eraginkortasunean, auzorik ahulenen zerrendan kokatu zen.

Koroatze auzoan eskuratutako eskarmentua hiriko gainerako auzoak birgaitzeko gidalerroa izango da.

Proiektuaren ezaugarriak

Auzoa birgaitzeko proiektua izan zen, honako hauek barne hartuta:

  1. Auzoko eraikinen fatxadaren eta estalkiaren birgaitze energetikoa.
  2. Egurrez elikatutako berokuntzako eta ur beroko sistema zentrala ezartzea.
  3. Espazio publikoa birgaitzea : kaleak eta plazak, zoladura, eserlekuak, lorategiak... zaharberritzea.

Jarduera horiei esker:

  • Auzoaren energia-eskaria gutxitu eta energia berriztagarriak erabili ziren erregai fosilen ordez.
  • Etxebizitzen bizigarritasuna eta erosotasuna hobetu ziren.
  • Berokuntzaren eta ur beroaren fakturan aurreztu zen.
  • Auzotarrek proiektua zehazteko prozesuan partaidetza aktiboa eta zuzena izan zuten.

Koroatze auzoan zentratu zen eraginkortasun energetikoko lerroaz gain, proiektuan zehar mugikortasun jasangarriaren alorrean ere egin zen lan, batez ere floten elektrifikazioan. Udal langileek maileguan bizikleta elektrikoak hartu eta erabiltzeko estazio automatiko bat sortu zen eta ibilgailu elektrikoak sartu ziren udal flotan, udal langileek eguneroko lanean dituzten desplazamendu premiak betetzeko, eta Bus Elektriko Adimentsuari ere lagundu zitzaion.

Aurrekontu orokorra

Proiektuak 75.565.000 euroko aurrekontua izan zuen osotara, hiru hirientzat. Europar Batasunak 27.890.136 euroko dirulaguntza eman zuen (% 37). Vitoria-Gasteizi dagokion zatia 29.566.798 eurokoa izan zen (10.879.960 euroko dirulaguntzaz).

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Jasotako iruzkinak

Página web: SmartEnCity - Plan de Coronación