Liburuekiko maitasuna izango da Zabalibururen 5. edizioaren haria

2026ko apirilaren 7an argitaratua

Programazioa apirilaren 13tik 23ra egingo da, eta azoka egingo da hilaren 18an, larunbatean.

Bueltan da Zabaliburu Liburu eta Irakurketa Jaialdia, eta aurtengoa 5. edizioa izango da. Oraingoan, programazio osoaren haria liburuekiko maitasuna izango da. Programazioa apirilaren 13tik 23ra egingo da, askotariko jarduerekin, eta azoka egingo da hilaren 18an, larunbatean. Zabaliburu saria Elena Odriozola ilustratzaileari emango diote edizio honetan, bere ibilbide luzea aitortzeko.

Amores libros-Irakurmindu zaitez” da Zabalgana gizarte-etxeak eta Zabaliburu auzoko elkarteak antolatutako jaialdiaren, Zabaliburu 2026ren, leloa. “Liburuekiko maitasuna eta pertsona askoren bizitzan zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi izan dugu”, laburbildu du Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak, eta jaialdiaren bultzatzaile Zabaliburu kolektiboarekin izandako lankidetza garrantzitsua nabarmendu du.

Gainera, Zabaliburu aurrera eraman ahal izateko parte-hartze aktiboa ezinbestekoa dela nabarmendu nahi izan du. “Aparteko inplikazioa izan dute denek eta horixe bera da, hain zuzen ere, gizarte-etxearen helburua: Kaleko Hezkuntza Programako kideek liburu-trukea eta maitasunezko olerkiak xuxurlatzea oinarri izango duen jarduera poetikoa egingo dute; Zabalgana institutuak kontakizun eta haikuen erakusketa antolatu du; eta auzoko ikastetxeek liburu-irakurketako maratoia eta emozioen errezitaldia egingo dute”, azaldu du.

Bestalde, Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, “Zabalibururen helburuak irakurzaletasuna sustatzea, Zabalganeko ikastetxeetako ikasleen kultur partaidetza aktiboa sustatzea, hiriko idazleak ezagutaraztea eta liburuaren sektoreari laguntzea dira”.

Programazioa hilaren 13an hasiko da, eta honako hauek osatuko dute: hitzaldiak, liburu-aurkezpenak, mahai-inguruak, antzerkia, irakurketa-tailerra, irakurketa-maratoia eta baita musika-saio bat ere. Nabarmentzekoa da, adibidez, jaialdiak Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena ospatzeko egingo duen ekarpena. Hala, hilaren 17an, Antonio Manuelen “Flamenco. Arqueología de lo jondo” liburua eta Pepe Tarantoren kopla baten bertsio berria aurkeztuko dituzte. Kopla hori 1976an Gasteizen gertatutako erailketen inguruan gitarra-jotzaileak sortutakoa da. Saioa ‘Memoria gara’ko Juan Ibarrondok dinamizatuko du.

Karmele Jaio idazle gasteiztarrak ere bere azken liburua aurkeztuko du. Hala, “Harrizko bihotza – Corazón de piedra” izango da hilaren 16ko saioaren protagonista. Edizio honetako irudia Helena Azkarraugarizar artistak egin du, eta, gainera, ilustrazio-tailerra eskainiko du hilaren 15ean.

Zabaliburu azoka eta saria

Larunbatean, hilaren 18an, 10:30etik 14:00etara, liburu-azoka egingo da gizarte-etxearen kanpoaldean. Bost liburu-dendak eta beste hainbeste argitaletxek eskainiko dituzte beren produktuak. Horrez gain, lehen aldiz, autoargitalpenetarako mahaia ere egongo da. Azokak hainbat ekitaldi izango ditu: arrosa-banaketa Casal Català d’Arabaren eskutik, ipuinen eta orri-markagailuen lehiaketen sari-banaketa, ipuin-kontaketa ingelesez, liburu-trukea, poema-xuxurlatzaileak, photocalla…

Azokaren ondorengo egunetan, antzerkia, liburuen aurkezpena, irakurketa-maratoia eta Zabaliburu sariaren banaketa izango dira. Aurten, Elena Odriozola ilustratzaileak jasoko du saria, Estatuan eta nazioartean egindako ibilbide luzeagatik. Saria Leire García-Fanguitok, Blas Arratibel artisautza-lehiaketaren azken edizioko zeramikari irabazleak, egindako eskultura izango da.

Programazio osoa v-g.eus/zabaliburu helbidean edo esteka honetan kontsulta daiteke.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.