Euskara-ikastaroei buruzko informazio gehigarria: itxarote-zerrendak, prezio-murrizketak, itzulketak...

Itxarote-zerrendak

Gurasoentzako ikastaroetan edo 55 urtetik gorakoentzako ikastaroetan izena eman ezin izan dutenek itxarote-zerrendetan eman dezakete izena, honako egoera hauetan egonez gero:

  • Gure intereseko taldea beteta dago matrikula guztiak egin direlako. Baja bat egotearen zain geratuko ginateke.
  • Gurasoentzako talderen batean izena eman nahi dugu, baina ez dugu 2007az geroztik jaiotako seme-alabarik.

Ezin da izenik eman itxaron-zerrendetan ondorengo egoera hauetan:

  • Atzerritarrentzako eta merkatari eta ostalarientzako ikastaroetarako, ez baitago itxaron-zerrendarik.
  • Programa honetako beste talderen batean matrikulatuta egonez gero.

2024ko irailaren 4tik 24ra eman daiteke izena itxarote-zerrendetan. Hiru modutan egin daiteke: 010 telefonora deituz, aurrez aurre gizarte-etxe batean, ala online:

Itxaron zerrendan izena eman online

Kontsultatu Gurasoentzako eta 55 urtetik gorakoentzako ikastaroen kodeak. pdf

Libre geratzen diren lekuak itxarote-zerrendetan daudenei eskainiko zaizkie. Telefonoz deituko zaie horretarako, 2024ko irailaren 25etik 2025eko urtarrilaren 31ra bitartean. Epe hori igarotzen denean, ez da beste lekurik eskainiko, ikasturtean zehar libre geratu arren.

Itxarote-zerrendetan izena ematen dutenek ez dute matrikula ordaindu beharko Udalak leku bat libre gelditu dela baieztatu arte. Izan ere, ikasturtea hasita badago, ikasle berria noiz hasten den, horren araberakoa izango da ordaindu beharreko diru-kopurua.

Behar izanez gero, eskabidea aurkeztu zen eguna eta ordua kontuan hartuko dira, hurrenkera hau errespetatuko bada ere:

  • Gurasoak: 2023-2024 ikasturteko ikasleak —abuztuaren 26tik irailaren 3ra bitartean izena ematerik izan ez dutenak— eta ikasle berriak.
  • Euskara Zerbitzuaren beste programa batzuetako ikasleak —55 urtetik gorakoak, merkataritza eta ostalaritzako langileak edo AISA—, ikastaro berezi horietako bat burutu dute eta euskara ikasten jarraitu nahi dutelarik.
  • Herritarrak, oro har.

Langabeentzako kuota murriztuak

Eskainitako jardueren prezioetan, langabeek % 15eko hobari gehigarria izango dute. Hobaria izateko, honela jardun beharko da:

  • Aurrez aurre ordaintzen bada, Lanbideren Inskripzio-aldien ziurtagiria edo txostena aurkeztu behar da ordaintzeko momentuan. Ziurtagiria eskuratzen denetik ikastaroa ordaindu arte, gehienez zazpi egun igaroko dira.
  • Udaleko webgunearen bidez ordaintzen bada, tarifa osoa ordaindu beharko da. Ondoren, langabe dauden pertsonentzako galdetegia bete beharko da webgunean eta Lanbideren Inskripzio-aldien ziurtagiria edo txostena erantsi.

Matrikula-itzultzea

Izena eman duen pertsona eskoletan hastekoa ez bada, eskolak hasten diren eguna baino lehenago jakinarazi beharko du; hala egin ezean, galdu egingo du ordaindutako matrikula. Matrikula itzultzen bazaio, kontu korrontean sartuz egingo da; hartara, ordaindutakoaren % 85 itzuliko zaio, eta % 15 gorde, kudeaketa-gastuengatik. Izen-emate kopuru jakin batera heldu ezean, bertan behera utzi ahal izango dira ikastaroak eta matrikularen % 100 itzuliko da.

Asistentzia-kontrola

Kasu guztietan, asistentzia-kontrola egingo da, taldeei jarraitutasuna emateari begira. Gainera, guraso-taldeetan, orobat izango da kontuan asistentzia udal ordenantza fiskal eta prezio publikoetan hurrengo ikasturterako finkatzen diren matrikula murriztua eta arrunta aplikatzeko orduan.

Taldeen osaera eta talde-aldaketa

  • Gutxienez 9 lagun beharko dira taldea sortzeko. Txandaka matrikulatutakoak nagusitzat aukeratu duten taldean bakarrik kontabilizatuko dira.
  • Taldeak gela bakoitzaren gehieneko edukiaren arabera eratuko dira, inoiz ez 16 lagun baino gehiago.
  • Taldeak bertan behera utziko dira ikasturtean zehar ikasle-kopurua 6tik jaisten bada. Jarraitu nahi duten ikasleei beste talderen batean sartzeko aukera emango zaie, edo, hori ezinezko bada, ordaindu zuten matrikulatik dagokien diru-zatia itzuliko.
  • Talde aldaketa: ikastaroa hasi ondoren taldez aldatu nahi izanez gero, idatziz egin beharko zaio eskabidea Euskara Zerbitzuari, egin nahi den aldaketaren arrazoiak adierazten direlarik. Irakasleen iritzia entzun eta joan nahi duen taldean lekurik dagoen aztertu ondoren egingo dira aldaketak. Talde berrian onartua izatekotan, Euskara Zerbitzuak berretsi beharko dio aldaketa interesdunari.

Behar bereziak

Ikasleren batek premia bereziak izanez gero, eskabide-orria bete beharko du adierazteko nolako premia duen. Euskara Zerbitzuak baloratu, eta ahal duen neurrian, saiatuko da erantzuna ematen.

Bestalde, baldintzak betetzen dituzten eskabideekin sor daitezkeen taldeen kostuak aurrekontu-partidaren zuzkidura ekonomikoa gainditzen badu, mailarik baxueneko taldeak eta ikasle gehien dituztenak lehenetsiko dira.

Harremanetarako

Telefonoa: 945 16 16 93 | Posta elektronikoa: euskera.administrazioa02@vitoria-gasteiz.org

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: