50. Nazioarteko Antzerki Jaialdia

2025eko uztailaren 23an argitaratua

Zorionak! Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak 50 urte bete ditu. Eta ospatzeko, tokiko, nazioko eta nazioarteko eszenako izen propioz betetako programazioa. Klikatu esteka programazio osoa ezagutzeko eta aldizkaria eta bideoa deskargatu ahal izango dituzu.

  1. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia

    1. 2025, 50. edizioa

Gasteizko Nazioarteko Antzerki 50. Jaialdiaren egitaraua pdf

Antzerki jaialdia funtsezko tresna da Gasteizen eta Araban arte eszenikoak sustatzeko zereginean.

Duela bost hamarkada sortu zenetik, jaialdiak hainbat belaunalditako milaka pertsonari ireki dizkie ateak; ikusle fidel, zorrotz eta aditu horiek orain hiriko antzokiak betetzen dituzte. Gainera, erreferentziazko programa bihurtu da nazioko eta nazioarteko sortzaile askorentzat.

Izan ere, antzerkiaren munduko izar handiak izan dira Gasteizko agertokietan, batzuk nazioartekoak (Peter Brook, Royal Shakespeare Company, Wajdi Mouawad, Jan Lauwers, Declan Donellan, Philippe Genty, Lindsay Kemp edo Tadeusz Kantor, esaterako), beste hainbat estatukoak (Els Joglars, La Fura del Baus, La Cuadra), eta, nola ez, gure Jaialdiak euskal taldeak lehen urratsak ematen ere ikusi izan ditu (Maskarada, Trapu Zaharra, Bekereke, Tanttaka Teatro...)... Gasteizko publikoak txalo ezin beroagoak helarazi dizkie horiei guztiei 50 urteko ibilbide luzean.

Beraz, 50 urte hauetan milaka eta milaka antzezle, dantzari, koreografo, zuzendari, argiztapeneko teknikari, makinista, musikari, eszenografo eta abarrek arrastoa utzi dute gure hiriko agertokietan, baina, batez ere, ikusleen bihotzetan, zeinek irrikatan izaten baitira urtero-urtero, edizio berriak zer nolako ustekabe eder ekarriko dien zain. Aurtengoan ere publiko aditu eta jakin-gose horren grina asetzeko gauza izango al gara!

Historia alde batera, 50. edizio honetan OSPATU egin nahi dugu, ospatu antzerki-jaialdia oso osasun oneko dagoela, sasoian dela, eta aurten ere beste behin, irailaren 26tik abenduaren 13ra bitartean ,Félix Petite, Jesús Ibáñez de Matauco, Federico García Lorca eta Beñat Etxepare antzokietako agertokiek antzerkian, dantzan eta beste lengoaia berritzaile batzuetan diharduten konpainia ospetsuak hartuko dituzte, aurrez aurre gure hiriko publikoa eta artistak dituztela, guztion artean zuzeneko arteek eta topaketa eszenikoak berezko duten zera errepikaezin hori OSPATZEN jarrai dezagun.

Aurtengo kartela guztiz probokatzailea dela ikusiko duzue. Edizio bakoitzeko kartela diseinu propio baten moldean sortu izan da, eta orain bi zifra garrantzitsu hauetan (5 eta 0) bilduta ikusiko ditugu.

50. ediziora iritsita, eta 50 emanaldi baino gehiagok osatzen dute 2025eko egitaraua:

  • 41 ikuskizun (51 emanaldi guztira)
  • Hamar bat jarduerak osatuko dute Antzerkia Irekia saila, atal hauetan banatuta: Atalak, Haurtxoak proiektua, Emanaldi egokituak, Topaketak publikoarekin... eta jarduera berri bat: “Antzerkia irakurgai” izenekoa.
  • Euskal konpainien 12 estreinaldi absolutu izango ditugu (horietako bi Kultura Sailarekin egindako koprodukzioak), 8 lan Off Lokal deildiaren bitartez, eta beste 14 proposamen, Euskadin lehen aldiz ikusiko direnak.
  • Nazioarteko ospe handiko izen handiak, horietako beste behin gure artean (Needcompany, Wajdi Mouawad, Family Flöz, ...), eta beste batzuk lehen aldiz gurekin: Sergio Blanco dramaturgo uruguaitar handia, Belgikako Peeping Tom konpainia mitikoa eta Romina Paula, Argentinako antzerkiaren talentu berria.
  • Antzezle maite-maiteak hartuko ditugu, esaterako Anabel Alonso, Ernesto Alterio, Vicky Peña, Natalie Poza, Javi Gutiérrez, Luis Bermejo, Pepe Viyuela, Ana Rujas, eta beste...
  • Baita zuzendari nazional handiak: Mario Gas, Andrea Jiménez (ikuskizun onenaren Max saria, Casting Lear), Sergio Peris-Mencheta, David Serrano eta Cris Blanco tartean.
  • Koreografoa ospetsuak ere bai, hala nola Roger Bernat, Nacho Duato, Larrua proiektua, hurrengo lana estreinatzen duena, Enrique Cabrera eta Omar Meza.
  • Ezin ahaztu, inolaz ere, antzerkigile itzelak, horien artean Harold Pinter, Tenesse Williams edo Juan Mayorga.
  • Eta, batez ere, eta hau oso garrantzitsua da, hilabete hauetan beren proiektuak antzeztuko dituzten 17 euskal konpainia —horietatik 9 euskaraz arituko dira—, jaialdiak tokiko eta euskarazko sorkuntza eszenikoari ematen dion garrantziaren isla.

Laburbilduz, aurtengoa edizio berezia izango da, ohiko eskaintzaren mailako programazioa, jaialdiaren izaerari leiala, eta egoera zein espazio berriekin bat etorriko dena, baina kalitateari dagokionez koska bat gorago egingo duena, urteurren garrantzitsua ospatzeko.

    1. Hurrengo ikuskizunak

    1. Sarrerak

Sarrerak online erosi ahalko dira irailaren 16ko (asteartea) 10:30etik aurrera. Online salmenta(Beste leiho batean irekiko da)

Sarrerak aurrez aurre erosi nahi badituzu, kontsulta ezazu leihatilari eta telefonoari buruzko informazioa.

    1. Jaialdia: bost hamarkada antzerkiz blai

1975eko irailaren 29an inauguratu zen Gasteizko Nazioarteko lehen Antzerki Jaialdia. Harrezkero, eta bost hamarkadatan zehar, jaialdiak gorabehera ugari izan ditu —1992an ere Principal antzokia berritu egin zen—, kokapen eta zuzendari artistiko desberdinak izan ditu, urte jakin batean egin ere ez zen egin. Edonola ere, nortasun-ezaugarriei eutsi die beti: gaurkotasuna, pentsamendu kritiko, begirada nazioartean, babes sendoa tokiko sorkuntza eszenikoa, eta tokiko, estatuko zein nazioarteko antzerki- eta dantza-ikuskizun onenak aurkezteko grina.

Denok kooperatiba, Félix Petite, Marta Monfort eta Antzoki Sarearen Atalari zor diegu urte hauetan guztietan hain antzerki bikaina gozatzeko aukera. Esan bezala, nazioarteko formatu handien, mundu zabaleko zein etxeko izar handien eta lengoaia eszeniko berrien alde diharduen ahalegin baten buruan aritu izan dira horiek guztiak.

Jaialdia kultura ekitaldi garrantzitsuenetako bat da gasteiztarrentzat. Dagoeneko bost hamarkadatik gora dira, estatuko zein nazioarteko antzerkiaren ikuspegi zabala eskaintzen: nola antzerki klasikoa, hala lan abangoardistenak ere.

Konstantzia, epe luzeko proiektu baten aldeko apustua eta jaialdiaren espiritua lagun, jaialdiak 50 urte bete ditu dagoeneko.

    1. Proiektu bizi-bizia

Gaur egun urtean zehar programazio egonkorra dagoenez, jaialdiaren formatuak zein zentzu duen galdetu daiteke.

Formatu horren aldeko apustuak gainerako programaziotik bereizteko aukera ematen du, ikuskizun abangoardistak eta esperimentalak programatzen baititu, arriskuak hartuz eta proposamen desberdinak eskainiz ikusmin eta konpromiso handieneko ikusleei.

Era berean, oso une egokia da publikoekiko eta tokiko konpainiekiko topaketak sustatzeko.

Jaialdia berez beti definizio bila ibiltzera behartutako proiektua da, unean uneko zirkunstantzietara egokituz.

    1. Jaialdia gaur egun

Udal Antzoki Sareak antolatzen du Nazioarteko Antzerki Jaialdia. Honako helburu hauek ditu:

  1. Nazioarteko joera nabarmenenen lagin bat aurkeztea.
  2. Arte-lengoaia ororen aldeko apustua egitea, abangoardistenetatik hasita betiko klasikoetara.
  3. Nabarmentzen ari diren egileei atzera begirakoak eskaintzea.
  4. Tokiko konpainiak sustatzea eta babestea.
  5. Antzezpenarekin zerikusia duten gaiei buruz eztabaidatu eta hausnartzeko guneak sortzea.
  6. Antzerki-esperimentaziorako espazio bihurtzea.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.