Santa Barbara plazako salgaiak kargatu edo deskargatzeko nasa lurperatzeko obren kontratazioari ekin dio Udalak

2021eko martxoaren 31n

1,1 milioi eurokoa da horretarako udal aurrekontua, El Corte Inglések jarriko duen milioi erdiaz gain, eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa.

Santa Barbara plazako salgaiak kargatu edo deskargatzeko nasa lurperatzeko obren kontratazio-dosierra onetsi du gaur Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak. 1,1 milioi euroko udal aurrekontua izango du lehiaketa publikoak, El Corte Inglések jarriko duen milioi erdiaz gain, eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa izango da. Pozik agertu da Gorka Urtaran alkatea: “bizilagunei eragiten zaien enbarazua desagertu egingo da behingoz, eta herritar guztien mesede izango da, bide-segurtasunari eta erosotasunari dagokienez. Plazaren gainetik urtean 1.000tik gora kamioi igaro daitezela ekidingo da.”

Zehazki, Azoka plazako logistika-nasa Santa Barbara plazako aparkalekuarekin lotuko da. Udalaren zuzkidura ekonomikoa 1.123.564,28 eurokoa da —hortik behera egiteko aukera izango dute lehiakideek—. Alkateak aitortu duenez, “badira Administrazioan nahi baino denbora gehiago hartu ohi duten zenbait proiektu. Duela bi urte berritu zen plazaren gainaldea, eta espazio modernoagoa dugu gau egun, erakargarriagoa, bizitzaz betea. Zor bat genuen oraindik ere bizilagunekin, merkatariekin eta plazan barrena igaro ohi direnekin. Kontratazio-aldia bukatzen delarik, sei bat hilabete iraungo baitu, eta obrak gauzatzen —urtebete inguru—, lurrazaletik igarotzen diren kamioi handiek sortzen dituzten eragozpenak ekidingo ditugu.”

2019ko abenduan sinatu zuten Gasteizko Udalak eta El Corte Inglések salgaiak kargatu eta deskargatzeko nasa lurperatzeko aukera emango duen akordioa. “Oso positiboa da akordio hori Gasteizentzat, inguru horretako bizilagunen eskaera historiko bati erantzuten baitio”, azaldu du Gorka Urtaranek, eta gogora ekarri du El Corte Inglések ere ekarpen ekonomikoa egingo duela. Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren eredu argia da.

Salgaiak kargatu eta deskargatzeko espazioa partekatzeko aukera emango die El Corte Inglési eta azokaren eraikineko gainerako operadoreei -1 solairuan eraikiko den nasak. 40 urterako jabari-emakida izango du saltoki handiak.

Udalak 640 metro koadroko azalera utziko du libre txikizkarien azokako lehen sotoan, 116 metro koadro bigarren sotoan, eta 125 metro koadro Santa Barbarako aparkalekuko -2 solairuan, El Corte Inglésen logistika-eragiketak lurpean egin daitezen. El Corte Inglések, aldiz, ibilgailu eta salgaien pasabidea egokituko du, eta instalazio berriak egingo nasa berria erabili ahal izateko: itxiturak, jasogailuak eta beste.

Laburzki, honetan datza konponbide teknikoa: nasa berria prest dagoenean, El Corte Inglések Santa Barbarako nasako dartsena batzuetan egingo ditu kargatu eta deskargatzeko lanak. Lurpeko tunel batek eta karga-jasogailu berriek ahalbidetuko dute leku hori eta merkataritza-zentroko nasak lotzea. Nasaren mendebaldeko zatia erabiliko da kargatze- eta deskargatze-lanetarako. Nasa horretatik eramango da karga jasogailuetara —orain biltegi batek hartzen duen lekuan eraikiko dira—, iparralderantz doan alboko korridorean barrena. Karga-jasogailuek salgaiak aparkalekuko -2 sotoko espaziora jaitsiko dituzte, eta El Corte Ingléseko lurpearekin lotuta egongo da hori.

Lurpeko nasa erabiltzeaz gain, eraikinera zero kotatik sartzeko ordutegi-pasabidea izango du saltoki handiak, logistika-lanak egiteko. Salgaiak garraiatzeko ibilgailu arinek eta 3.500 kilora arteko furgonetek baino ezingo dute erabili.

 

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.