Ingurugiro Gaietarako Ikastegia – Holisoils europar proiektua
HoliSoils proiektuak (2021-2025) aldarrikatzen du baso-lurzoruek funtsezko zeregina dutela ekosistemetan, garrantzitsuak baitira bioaniztasunerako eta zerbitzu ekosistemikoak emateko, hala nola baliabide zurgaiak, urari eustea eta karbonoa bahitzea. Helburu orokorra da lurzoruak monitorizatzeko sare bat sortzea, klima aldaketa arintzen lagunduko duen baso-kudeaketa holistikoa probatzeko, basoak aldaketa horretara egokitzeko, eta komunitateari zerbitzuak eta ongizatea emango zaizkiela bermatzeko. Hori lortze aldera, proiektuan nazioarteko 20 ikerketa zentrok hartzen dute parte, beren metodologiak eta ezagutzak proiektuaren zerbitzura jarriz.
Proiektuaren helburuak
- Baso-lurzoruaren, bioaniztasunaren eta mikrobiotaren prozesuetan sakontzen jarraitzea; eta horiek zerbitzu ekosistemikoetan duten eragina aztertzea (zura ekoiztea, berotegi efektuko gasak murriztea, ura hornitzea, nutrienteei eustea, lurzoruaren degradazioa geldiaraztea)
- Eredu bateratu bat sortzea, lurzoruetan karbonoa, gasen jarioa eta nitrogenoa monitorizatzeko sare bat egiteko, bai eta protokolo estandar bat sortzea ere, web bidez bildutako datuak lagindu eta zabaltzeko, Europako sareetan integratze aldera.
- Baso-praktikek lurzoruaren funtzionalitatean, bioaniztasunean, nutrienteen biltegiratzean, material organikoaren kalitatean eta egonkortze prozesuetan duten eragina zehaztea, klima aldaketara hobeto egokitzen diren kudeaketa-estrategiak garatzeko.
- Natura-perturbazioek lurzoruaren funtzionalitatean eta erresilientzian dituzten efektuak zehaztea, eta jardunbide egokiak identifikatzea lurzoruaren degradazioa saihesteko eta klima aldaketak eragingo dituen perturbazioei aurre egiteko.
- Unibertsitate, ikerketa institutu, tokiko eragile eta nazioarteko erakundeen arteko lankidetza sustatzea, emaitzak mundu osoan zabaltzeko.
Lankidetza Gasteizen
Gure udalerrian, IGIren, BC3 Institutuaren eta Landa Eremuko Zerbitzuaren arteko lankidetzaren bidez, Gamizko kontzejuko baso-lurzati bat monitorizatuko da. Lur eremu horretan erkamezti bat dago (Quercus faginea), gure inguruaren oso bereizgarria eta eragin mediterraneoko basobera-basoen adierazgarri.
BC3 arduratuko da jarraipen zientifikoa egiteaz, IGIk lekuan bertan egingo diren jarduketak kontratatu eta gainbegiratuko ditu, eta Landa Eremuak beharrezko baimenak kudeatu eta baso-lanak berrikusiko ditu. Denen artean emaitzak zabalduko dituzte, eta eragile lokalei identifikatutako jardunbide egokien berri emango diete.
Gamizko lurzati esperimentala
Lurzati esperimentala, Gamiz kontzejuko Kapasoro mendian kokatua, bi gunetan banatu da, eta herritik erraz heltzen da. Diseinu esperimental honen arabera antolatu da:
Hiru baso-tratamendu egin dira, eta hiru aldiz errepikatu dira, lursailean bertan ausaz banatuta. Tratamenduak basoaren heriotza-gertakariei dagozkie:
- ezer ez egitea (kontrol tratamendua edo gertaerarik eza)
- erkametzaren ehuneko bat moztea (% 50eko bakantzea edo gertaera moderatua)
- erkametz osoa moztea (arras moztea edo gertaera zorrotza)
Zuhaitzak moztu ondoren, egurra atera eta pilatu egiten da (kontzejuarena da), eta eragindako lurzatietan bi tratamendu egiten dira zurezko hondarren gainean:
- birrintzea eta gainazalean sakabanatzea.
- sestra kurbekiko paraleloak diren kordoietan pilatzea.
Lurzatia hesituta uzten da eta behin neurketa-tresnak instalatuta, ikertzaile-taldeak monitorizazioa egiten hasten da (2. irudia). Ikertzaileak lurzatia bisitatuko dute aldian-aldian proiektuak irauten duen bitartean, datu klimatikoak eta lurzoruaren parametroen datuak biltzeko.
Finantziazioa
HoliSoils proiektua EU Horizon 2020 programak finantzatzen du, eta, kasu honetan, proiektuko kide den BC3 Institutuaren bidez jasotzen da ekarpen ekonomikoa (Grant agreement ID: 101000289).
Albisteak
Lurzoruei eta klima-aldaketari buruzko jardunaldia, proiektua azaltzeko
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.