Gasteizko Udal Artxiboko argazkigintza atala

Gasteizko Udal Artxiboko argazkigintza atala

Helburua: Gasteizko eta Arabako historiarekin lotutako argazki funtsak bildu, zaindu eta ezagutaraztea, bai eta hirian jardun zuten argazkilariek edonon egindako bestelako argazkiak ere.

Epea: 1867tik gaur egunera arte.

Kopurua: Hainbat egileren 500.000 irudi dira, euskarri (gehien bat kristala, plastikoa eta papera) eta argazkigintza prozedura ezberdinak baliatuz eginak.

Jatorria eta eskuratzeko modua: funts gehienak argazkilarien edo bildumagileen dohaintzen bidez eskuratu dira. Bilduma batzuk erosi egin dira, eta bada Gasteizko Udalaren jarduerak berak sortutako funts bat ere.

Gaiak: kaleak eta plazak; eraikinak; gertaerak; erretratuak; lantegiak eta dendak; nekazaritza; abeltzaintza; hezkuntza, kultura eta kirol zentroak eta jarduerak.

Historia

Lehen hazia 1921ean jarri zen, Enrique Guinea Maquíbar argazkilariak bere argazki funtsak Gasteizko Udalari eskaini zizkionean. 1944an, Rafael Gutiérrez zinegotziak argazki artxiboa sortzearen aldeko mozio bat aurkeztu zuen, baina hasieran onartu arren azkenean ez zuen emaitzarik izan. 1954an, Santiago Arina y Albizu udal funtzionarioa Gasteizko garai bateko posta-txartelak eta argitalpen zaharretako argazkiak biltzen hasi zen, eta ondoren berak ekin zion hiriaren argazkiak egiteari, hurrengo bi hamarkadetan bertan izandako aldaketak jasoz. 1955ean, 150 argazkik osatutako sorta erosi zitzaion Enrique Guineari, eta hark hiriari eskainitako funtsa -14.066 negatibo- hartu zuen Udalak. Harrezkero, eta gaur arte, etengabe gehitu zaizkio materialak. 1982ko alkate dekretu baten bidez, Udal Artxiboaren esku utzi zen bilduma.

Zerbitzuak

Kontsulta

Edonork kontsulta dezake, indarreko legeriak ezarritako mugekin.

1950era arteko funts gehienak, eta gerokoen zati bat, positibatuta dago, eta gaika antolatuta. Udal Artxiboaren egoitzan kontsulta daiteke zuzenean.

Erabiltzaileen eskariz, bilaketak egiten dira positibatuta ez dauden funtsetan.

Kopiak

Argazki funtsen kopiak egiten dira, tamaina eta mota ezberdinetakoak, zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak burutzeagatiko tasak arautzen dituen 6-14 ordenantza fiscalean zehaztutakoaren arabera.

Erabilera pribaturako badira, hiru hilean behin 20 kopia besterik ez da egiten.

Funtsak argitaratu edo erakusteko, edo horiek edozein bitarteko erabiliz (Internet barne) zabaltzeko, berariazko baimena behar da.

Beste

Hiriko argazki eta argazkilariei buruzko informazioa ere badugu.

Artxiboaren liburutegiko funtsak argazkigintzari buruzko mila liburutik gora dauka, eta bostehun artikulu.

Instalazioak

Argazkigintza laborategia, argazkiak digitalizatu eta tratatzeko gelak, zaintza gordailua eta hozkailuak.

Zabalkundea

Digitalizazioa: irudiak digitalizatzen ari gara, eta pixkanaka udalaren webgunean sartuko dira, kontsultatu ahal izateko.

Erakusketak

1994an funtsak ezagutarazteko erakusketak antolatzen hasi ziren, bi urtean behin. Horietaz gain, ekitaldi jakin batzuekin lotutakoak egiten dira, eta 2008an hiriko auzoei buruzko sail bat abiarazi zen.

Argitalpenak

Erakusketa guztien katalogoa argitaratzen da. Argitalpenak

Argazki funts digitalizatuak

Udal Artxiboak 500.000 argazki inguruk osatutako funtsa du, gehienak egileek berek edo haien ondorengoek emanak. Gasteizko Udalaren beraren funtsa ere barne hartzen du.

Argazkiek gauza asko jakiteko bide ematen digute: nolakoak ziren beste garai bateko kaleak eta eraikinak, nola janzten eta bizi zen jendea, nolakoak ziren lana eta aisialdia, eta abar. Hainbat argazkilariren lanetan askotariko lekuak ageri dira, gehienak Gasteizkoak eta Arabakoak. Iraganeko argazki horiek irudizko historia osatzen dute.

Gasteizko Udal Artxiboko argazki funtsak

Epea: 1867tik gaur egunera arte.

Funtsaren bolumena: 500.000 irudi. Askotariko argazkigintza prozedurak, kimikoak zein digitalak. Hainbat euskarri, gehien bat kristala, plastikoa eta papera.

Egileak: hiriarekin lotura duten hainbat egile.

Jatorria: gehienak egileek berek edo haien ondorengoek dohaintzan emanak; neurri txikiagoan, erosiak.

Geografia eremua: gehienak Gasteizkoak eta Arabakoak dira. Badira beste leku batzuetakoak ere: Euskal Herria, Espainia, Europa, Afrikako iparraldea eta Lur Santua.

Gai nagusiak: Hiri paisaia. Arkitektura. Gertaerak. Lantegiak eta dendak. Nekazaritza eta abeltzaintza. Hezkuntza, armada, erlijio, politika, kultura eta kirol jarduerak eta zentroak. Garraioak. Eguneroko bizimodua. Jaiak. Erretratuak. 1936-1939ko Gerra Zibila. 1922-1923ko Afrikako Gerra. Euskal Herriko Bosgarren Erromesaldia Lur Santura (1909).

Kokapena: Funts guztiak Gasteizko Udal Artxiboaren egoitzan daude gordeta.

Eskuragarritasuna: edonork kontsulta ditzake, indarreko legeriak ezarritako mugekin, eta pertsonen intimitaterako eskubidearen ondorio diren murrizketekin.

1950era arteko funts gehienak, eta gerokoen zati bat, positibatuta dago, eta gaika antolatuta. Gasteizko Udal Artxiboaren egoitzan kontsulta daitezke zuzenean.

Funtsen kopiak eska daitezke, zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak burutzeagatiko tasak arautzen dituen 6-14 ordenantza fiscalean zehaztutakoaren arabera.

Deskribatzeko tresnak: bada funtsen inbentario bat, Artxiboan kontsulta daitekeena. Funtsak katalogatzen ari dira, eta orain arteko deskripzioak hemen kontsulta daizteke:

Funts digitalizatuak: une honetan irudiak digitalizatzen ari dira. Lan horri esker, webgune honetan Salvador Azpiazuren funts guztiak kontsulta daitezke, bai eta Enrique Guinearen funtsaren zati bat ere. Digitalizatu ahala irudi gehiago erantsiko dira.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.