'Orain Gasteiz': Hiria suspertzeko eta 'inor atzean ez geratzeko' neurri sorta

2020ko maiatzaren 6an

Gorka Urtaran alkateak “Orain Gasteiz” plana aurkeztu du gaur goizean. Planak osasuna prebenitzeko, gizarte-laguntza indartzeko eta tokiko ekonomia sustatzeko neurri sorta bat jasotzen du, hiru arlo horietan izan baitu eragin handiena pandemiak. Planak udalaren esku-hartzea planifikatu eta ordenatu nahi du urte amaierara arte, orain garrantzitsuentzat jotzen diren arlo eta jarduerak lehenetsiz. 

Orain, gure osasuna

Pandemiaren jarraipena eta alerta goiztiarreko sistema

Udal Gobernuak osasun-krisian izan duen lehentasun handienetako bat izan da, eta hala izaten jarraitzen du, pandemiak gasteiztarren artean izan duen bilakaeraren jarraipen zorrotza egitea, osasuna babesten laguntzen duten erabakiak hartu ahal izateko. Horretarako, Udalak lankidetza estua du Osakidetzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin, besteak beste.

Gainera, jarraipen eta prebentzio neurri berri bat iragarri du gaur alkateak: EHUko eta Osakidetzako ikertzaileek bultzatutako lankidetza proiektu bat, zeinean Arabako Aldundiak, Bioarabak eta AMVISAk hartzen baitute parte, Gasteizko Udaleko Alkatetzako koordinatzailearen gidaritzapean.

Hain zuzen ere, Gasteizen hondakin urak aztertzeko metodo bat jarriko dute martxan, COVID-19a garaiz detektatzeko, farmakoak kuantifikatzeko eta gai toxikoak aztertzeko.

Kontingentzia Plana

Gorka Urtaranek gogorarazi du Udala kontingentzia plan bat lantzen ari dela, pandemiaren balizko agerraldi baten aurrean hiria prest egon dadin.

Plan horrek aurreikusten du bermatuta izatea norbera babesteko ekipamenduen hornidura, baita lanaren barne-antolamendurako protokolo bat eta udal zerbitzu eta baliabideen kanporako beste protokolo bat ere, herritarrei aparteko beharrizanetan erantzun ahal izateko, gaitza berriz agertuz gero.

Neurri horiez gain, test masiboak egingo zaizkie hainbat zerbitzutako langileei, hala nola Udaltzaingokoei, Suhiltzaileei eta Etxean Laguntzeko Zerbitzukoei. Udalen eskaera bat da, Eudeleko presidentea den aldetik alkateak Babes Zibileko Planaren aholku-batzordeari helarazi ziona, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aintzat hartu du

Espazio publiko seguruagoa eta osasungarriagoa

Gaur egungo osasun-krisian, Udalaren beste lehentasunetako bat espazio publikoa osasungarria izan dadin zaintzea da, eta kutsatzeko arrisku handiena duten eremuetan desinfektatze- eta garbiketa-lanak zorroztea. Horren harira, Gorka Urtaranek baieztatu du desinfektatze lan bereziei eutsiko dietela, eta iragarri du lan horiek hiriko gune jakinetara egokituko dituztela, orain kirola edo ibilaldiak egiterik dagoenez herritarrek gehiago erabiltzen baitituzte.

Horrenbestez, desinfekzioa areagotuko da jende gehien biltzen den guneetan. Alkateak jakinarazi du, halaber, Eraztun Berdeko parkeetan 40 azalpen-kartel jarriko direla, zeinetan argibideak ematen baitira horietaz gozatu ahal izateko osasun arloko neurriak betez , eta 340 baliza ere jarriko direla, ibilbide ezberdinen noranzkoa adierazteko.

Ekitaldien kudeaketa ordenatua 

Udalak eskuartean duen beste erabaki bat hiriko ekitaldien kudeaketa ordenatua da, datorren udako kanpainarako. Aste honetan bertan, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ‘Uda Euskadin’ dokumentua aztertuko dute euskal erakundeek, tartean Gasteizko Udalak, zeinak udako ekitaldiak egin ahal izateko oinarrizko segurtasun irizpideak ezartzea baitu helburu. Bihar bertan, EUDELeko zuzendaritzak agiri hori aztertuko du, euskal udalek orientabide komunak izan ditzaten beren udalerrietan ekitaldiak egitea erabakitzeko orduan.

Pertsonentzako leku gehiago

Bestetik, Gorka Urtaranek iragarri du hiriko espazio publikoa berrantolatzeari ekingo zaiola, eta superetxadien planaren barruko herena berehala sortuko dela, besteak beste, pertsonei leku gehiago uzteko.

Espaloi zabalagoak eta bizikleta-konexio hobeak

Gasteizko Udala lanean ari da koronabirusaren pandemia dela eta ezarritako itxialdia arintzeko fase guztiak herritarren osasun- eta erosotasun-baldintza gorenetan garatu daitezen. Zentzu horretan, udal gobernua ekintza plan bat diseinatzen ari da Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saileko udal teknikariekin batera, hiriko espazio publikoa errealitate berrira egokitzearren.

Filosofia argia da: oinezkoek leku zabalagoa behar dute distantzia soziala betetzen dela bermatzeko eta desplazamendu aktiboak (oinez eta bizikletaz) lehenesteko. Ezin da ahaztu azken hamarkadan egindako lana eta Gasteizko diseinua gidatzen duen Mugikortasun Planaren filosofia. Etorkizuneko mugikortasuna jasangarria eta osasungarria izango da. Ibilgailu pribatuaren erabilera handitzea ere saihestu behar da, eta garraio publikoarekiko konfiantza berriz ezarri behar da.

Plan horrek hiru estrategia mota barne hartzen ditu, betiere Mugikortasun Planean oinarrituta:

  1. Leku gutxi duten eta jende ugari dabilen espazioetan espaloiak zabaltzeko esku-hartzeak. Batzuk etorkizunean oinezkoentzako kaleak izatea aurreikusten da Mugikortasun Planean.
  2. Hiriko lantokietarako eta industrialdeetarako bizikleta-konexioak hobetzeko
  3. Superetxadiak auzo guztietan sortzen Ildo horretan, datozen hilabeteetan gutxienez horietako % 30ean esku hartzeko asmoa agertu du alkateak, ekintza errazen bitartez. “Plan hori azkartzeko unea da“, azaldu du Gorka Urtaranek.

Ekintza horiek denbora-muga desberdinak dituzte. Lehenengo fasean, Udalak berehalako neurri arinak, kostu txikikoak eta behin-behinekoak proposatuko ditu. Neurriak bizkortzea eta herritarrei alternatibak ematea da helburua, piboteak, hesiak, pintura... baliatuz.

Lehen neurriak asteburu honetan bertan jarriko dira martxan, aipatutako lehen arloan: oinezkoen eremua handitzeko esku-hartzeak. Izan ere, lan batzuk gaur bertan hasiko dira.

Hauexek dira:

  • Manuel Iradier kaleko espaloiak handitzea. Ezkerreko espaloia handitu egingo da, zirkulazio-errei bat hartuz. Konoekin, hesiekin eta pinturarekin seinaleztatuko da. 
  • San Antonio kalea trafikoari ixtea. Jarduera hori Andre Maria Zuriaren jaien ereduari jarraituz egingo da, ibilgailuei pasatzea eragotziko dien hesi baten bidez, ibilgailuen pasabideetarako eta zamalanetarako izan ezik. Floridako bidegurutzean jarriko dute hesia.
  • Florida kaleko espaloiak handitzea. Dato kalearen eta Florida parkearen arteko zatian, aparkaleku lerroa ezkerrerantz mugituko da, eta zirkulaziorako eskuineko erreia hartuko du. Aparkatzeko zati hori oinezkoek erabiltzeko utziko da.Green Capital plazatik Ortiz de Zarate kalerainoko zatian, zirkulazio-errei bakarra dagoenez, aparkaleku-lerroa kenduko da, eta espazio hori oinezkoentzat utziko da. Hori da ibilgailuentzako aparkalekuak kentzera behartuko duen esku-hartze bakarra. Seinaleztatzeko konoak jarriko dira.
  • Ortiz de Zarate kalea. Kale horretan, eskuineko aparkalekuak poliki zirkulatzeko erreira aldatuko dira. Aparkaleku-eremu hori oinezkoentzako gune gisa geratuko da.
  • Frantzia kalea. Asteburuan, autobus erreia oinezkoentzat izango da. Datozen asteetan, ezkerreko erreia oinezkoentzat izango da Guardien plazako bidegurutzeraino.

Bizikleta-konexioei dagokienez, leku hauetan bidegorri berriak sortzeko lanak egiten ari dira: Artapadura, Gamarrako atea, Ozeano Barea, Legutianoko Atea, Oto hiribidea, Bremen kalea.

Superetxadien Plana bizkortzeko unea

Esku-hartzeen hirugarren ildoa Superetxadien Plana garatzearekin lotuta dago. Gorka Urtaran alkateak gaur goizean iragarri duenez, datozen hilabeteetan Mugikortasun Planak jasotzen dituen etxadien % 30ean esku hartzeko asmoa du. Udala auzoz auzo zehazten ari da jarduketak, espazioak baketzeko, trafiko masiboa baretzeko eta supertxadien barruko eremuetarako sarbideak argi eta garbi seinaleztatzeko, aparkalekuak kendu gabe, baina soberako trafikoa kanpora ateraz.

Udalak erronka bat ezarri dio bere buruari: Gasteiz bere espazioa “superetxadien” ereduan oinarrituta eratzen duen lehen hiria izatea Estatuan.

Hiriko espazio publikoa berriz diseinatzeko proposamena oinarrituko den funtsezko pieza da “superetxadia”. Horri esker, ingurumen-kalitatea areagotuko duten aldaketak egin ahal izango dira, hiriko berdeguneak eta kaleko aisialdiko erabilerak eta jarduerak areagotzeko aukera emanez, eta kaleen erosotasuna eta bizigarritasuna are gehiago hobetzera bideratutako kontzeptu berriak sartu ahal izango dira, baita oinezko joan-etorriak eta herritarrek espazio publikoa erabili eta gozatu dezaten sustatu ere. Era berean, merkataritza dinamizatzeko aukera paregabea da, oinezkoentzat egokitu diren guneetan egiaztatu ahal izan denez, esaterako, Antso Jakitunaren kalean, Santa Barbara plazan eta, berriki, Tornay Medikuaren kalean.

Mahaitxoak: azalera bikoiztea 

Gorka Urtaranek beste neurri garrantzitsu bat iragarri du gaur goizean, mahaitxoen araudiari dagokiona. Gasteizko alkateak iragarri duenez, Udalak terrazak eta mahaitxoak jartzeko azalera bikoiztea ahalbidetuko du irailaren 30era arte, edo pandemiak ezarritako leku-mugak amaitu arte, ostalaritzaren sektorearentzat mesedegarriena denaren arabera.

Azalera handitze horrek ez du ekarriko ordaindu beharreko tasa handitzea. Establezimenduek bete egin beharko dituzte ordenantzan jasotako oinarrizko arauak irisgarritasunari eta gainerako lokalekiko zein pertsonekiko bizikidetzari dagokienez.

Orain, gure ongizatea eta bizi-kalitatea

Osasun krisiaren ondorio sozial eta ekonomikoengatik zailtasunak dituzten familia gasteiztarrek Udalaren laguntza izango dute. Hain zuzen ere, alkateak 10 milioi euroko laguntzen funts bat gordeko dela aurreratu du, “familia bat bera ere atzean gera ez dadin. Herritar askorentzat une zailak eta zalantzazkoak dira, eta Udalak beharrizan bakoitzari erantzun egokia emango diola bermatuko du.

Gainera, alkateak nabarmendu nahi izan du udaleko Gizarte Zerbitzuetatik eta beste batzuetatik, Berdintasun Zerbitzutik, esaterako, babesa ematen ari direla bereziki ahuldade egoeran dauden adingabeei, indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeei eta bizitegi-bazterketari aurre egiten dioten pertsonei.

Egoitza-ereduaren berrikuspena

Adinekoei arreta ematea da Udal Gobernuaren beste ildo estrategiko bat, haien bizi-kalitatea zaintzeko eta bakardade-egoeretan laguntzeko. Atal horretan, alkateak beste iragapen bat egin du: Udalak egungo bizitegi-eredua berraztertuko du, San Prudentzio egoitzaren eredutik formatu txikiko etxebizitza komunitarioetara aldatzeko, egokiagoak izan daitezen egungo beharretarako eta bizimodurako.

Orain, gure ekonomia

Herritarren konpromisoa

Alkateak herritarren konpromisoaren garrantzia azpimarratu du, administrazioen ahaleginarekin batera. “Orain dena eman beharra dugu Gasteizen alde. Orain inoiz baino gehiago lagundu behar diegu gure dendei, gure saltokiei, gure ostalaritzari. Tokikoa kontsumitu behar dugu, gure bizilagunengan inbertitu, osasun-krisiaren ondoren hiria suspertzeko.  Udalak horretan jarriko ditu indarrak, baina bide hori konpromiso indibidual eta kolektibotik egin behar dugu, inor atzean gera ez dadin “.

Gasteizko ekonomiaren babes eta laguntza hori funtsezko bi ildotan egituratuko da: batetik, hiriko enpresak, merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzea, eta, bestetik, trantsizio energetikoranzko berrikuntza,  Gasteiz Green Deal erreferentziatzat hartuta.

Tokiko kontsumoa sustatzeko laguntzak

Jasotako neurrien arteko nabarmengarriena tasen eta zergen ordainketak atzeratzea dugu, beste erakunde batzuk, Arabako Aldundia edo Eusko Jaurlaritza kasu, ezartzen ari diren neurriak osatzearren. Horrez gain, alkateak gogorarazi du ostalaritzaren aktibitatea babesteko neurriak hartuko direla, terrazak handitzeko erraztasunak emanez, ahal den neurrian, eta mahaitxoei dagokienez eragin fiskala murrizteko neurriak hartuz, besteak beste; Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotziak laster aurkeztuko ditu beste  ekintza batzuk.

Inbertsio publikoa mugikortasun elektrikoan 

Gorka Urtaranek inbertsio publikoari bultzada emateko konpromisoa berretsi du, “hiri eredu iraunkorrago bat garatzeko, gure nortasunaren ezaugarriei, Gasteizko Agendari eta gure Green Deal delakoari orpoz orpo jarraituko dion garapen bat. Inbertsio publikoa tokiko ekonomia bultzatzeko neurri bat ere bada. Vitoria-Gasteiz Green Deal itunean jasotako proiektuen bideragarritasuna lantzen jarraituko dugu, bizi-kalitatea hobetzen eta hiri jasangarriagoa izaten lagunduko baitigute. Ez dira proiektu berriak, baina hiriarentzat giltzarritzat jotzen ditugun eta jarduera ekonomikoari eusten lagunduko duten inbertsioei eusteko dugun konpromisoa erakusten dute “. Kapitulu horretan kokatzen dira mugikortasun elektrikoan egindako inbertsioak, esaterako, Salbururako tranbia egiteko 25 milioi euroak eta BEArako 46 milioi euroak.

Alkateak esan duenez, ekonomia suspertzeko Europatik diseinatzen ari diren laguntza planak aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan eta ekonomia berdearen garapenean oinarritutako eredua du ardatz. Izan ere, Udalerrien eta Eskualdeen Europako Kontseiluak ere —Urtaranek Eudeleko presidente gisa parte hartzen du— ildo horri jarraitzen dio.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.