Mendebaldea Proiektua, III. Fasea: Ingurumena berroneratzea Arinizen

Laburpena

Aurrekariak

Gasteizko udalerriko mendebaldean azken hamarkadetan industriak izandako garapen handiak hazkunde ekonomiko garrantzitsua ekarri du, baina azpiegituren multzoak (Jundizko eta Subillabideko industrialdeak, A-1 autobidea, N-102 errepidea eta trenbidea) lurraldea zatikatzen lagundu du, elkarren artean konexiorik ez duten paisaia-txatalak sortu baititu, eta konektagarritasun ekologikoaren galera nabarmena eragin.

Egoera hori hobetzeko, IGIk eta Gasteizko Udalak "Mendebaldea proiektua" sustatu zuten, Jundizko industrialdearen eta A-1 autobidearen artean korridore berde handia sortzearren, ingurumen-kalitatea hobetu, konektagarritasun ekologikoa berreskuratu eta klima aldaketaren eraginak arintzeko helburuarekin. Korridoreak, gainera, inguruko nekazaritza guneak (Lermanda, Margarita eta Ariniz) elkarren artean eta dagoen bide berdeen sarearekin lotzea ahalbidetuko du.

Proiektua zenbait fasetan garatzen ari da: “I. fasea (2016-2017): Lermandan ingurumena biziberritzeko proiektua”; “II. fasea 2018-2019): Mendigurentxo inguruan ingurumena biziberritzeko proiektua”, eta “III. fasea: Arinizen ingurumena biziberritzeko proiektua”, 2020 eta 2021 artean garatzekoa dena.

Proiektuak helburu hauek ditu: azpiegiturek ingurunean duten inpaktua gutxitzea; paisaia berriak sortzea, materialak berrerabiliz baliabideak eraginkortasunez baliatuz; teknika berritzaileak aplikatzea lurrak deskutsatzeko, fitoerremediazioa, esaterako (PhytoSUDOE proiektua), eta laborantza berritzaileak sustatzea, karbono neutroko zikloak dituztenak. Horren guztiaren bidez, airearen kalitatea hobetzeko eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko ingurumen onurak maximizatu nahi dira, klima-aldaketaren ondorioak geldiaraziz.

Mendebaldea proiektuaren eremuak. Dagoeneko eginda dauden eremuak eta III. fasea (gorriz)

Gaur egungo egoera

Aurreko bi faseetan ez bezala, III. faseko ekintza-ildoak kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetan gauzatuko dira. Horri begira, kutsaduraren miaketazko ikerketa eta ikerketa xehea egin dira, arrisku-analisiak eta berroneratzeko aurreproiektua. Horrek obra egiten den bitartean kutsadura kontrolatzera behartzen du, eta lur mugimenduak zorrotzago jarraitzera.

Hona hemen III. fasearen (2020-2021) jarduera-ildo nagusiak:

  • Geroko parkearen ingurumena eta paisaia hobetzea: ingurunea soinu, paisaia eta ikuspegi aldetik hobetzea, material geldoak berrerabiliz muinoaren iparraldean eta hegoaldean lur ezpondak sortu eta hartara aurreko faseetako soinu-hesiei jarraitutasuna emateko. Ondoren, landaketak egingo dira paisaia integratzeko, sasoiko urmael txikiak eraikiko, eta oinezkoentzako zidorrak sortuko, nekazaritza guneak hiriarekin, industrialdearekin, Jundiz muinoaren eta Zadorra ibaiarekin lotzeko.
  • Airearen kalitatea hobetzea: kutsadura iturrien ondoan landareak jarriko dira, ezaugarri hauek dituzten hosto iraunkorreko espezieak lehenetsiz, urte osoan esekiduran dauden partikulak harrapatzen laguntzeko: karbonoa bahitzeko ratio onak, lurzoru pobreetara egokitzea eta iraupen luzea. Labore energetikoak (gerora energia berriztagarriaren iturri izango direnak) jartzea, karbono neutroko zikloak dituztenak, erregai fosilen ordezko gisa.
  • Lurra deskutsatzea: beste erabilera batzuetarako VIE-B balioak gainditzen dituzten eremu kutsatuetan fitoerremediazio teknikak erabiltzea proposatzen da, proba lursailetan, eta berreskuratzen diren bitartean jendeari itxita egongo dira horiek. Labore inokulatuak erabiliko dira, mikrobioen jarduera sustatzeko, eta kutsaduraren zein landareen osasunaren jarraipena egingo da urtero, PhytoSUDOE fitoerremediazio proiektu esperimentalean bezala (informazio gehiago proiektuaren inguruan).

III. fasean egitekoak diren jardueren plano orokorra.

Finantzaketa

Proiektuak 298.000 euroko aurrekontua du (BEZa barne), eta Eusko Jaurlaritzak 80.000 euro finantzatuko du (BEZik gabe). Garapen jasangarria sustatzeko jarduerak egiten dituzten udalei Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak emandako laguntza da. Diruz lagundutako jarduera 2021eko urriaren 29a baino lehen gauzatu eta justifikatu behar da.

Albisteak

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: