Datu pertsonalak babestea - Ohiko galderak

Zer dira datu pertsonalak?

Norbait identifikatzeko bidea eman dezakeen informazio oro. Datu horien artean, izen-deiturez eta nortasun agiriaz gain, matrikula zenbakia eta argazkia ere sartzen dira, besteak beste. Halaber, Legeak bereziki babesten dituen zenbait datu ere badira, esaterako, ideologia, afiliazio sindikal, erlijio eta sinesmenen berri ematen dutenak.
Zer da datuen tratamendua?
Datu pertsonalen gainean edo datu pertsonalen multzoen gainean egiten den edozein eragiketa eta eragiketa-multzo, prozedura automatizatuak erabilita zein erabili gabe, hala nola: datuak biltzea, erregistratzea, antolatzea, egituratzea, kontserbatzea, egokitzea edo aldatzea, ateratzea, kontsultatzea, erabiltzea, transmisioz lagatzea, hedatzea edo irispidean jartzeko beste edozein forma, datuak alderatzea edo interkonektatzea, mugatzea, ezabatzea edo suntsitzea.
Zer da datu pertsonalen fitxategia?
Izaera pertsonaleko edozein datu multzo antolatu da fitxategia, sortzeko, gordetzeko, antolatzeko nahiz sarbidea izateko modua zeinahi izanik ere. Hau da, ez dira fitxategi automatizatu edo euskarri elektronikodunak bakarrik. Paperean dauden zerrendak ere fitxategitzat jotzen dira, karpetetan artxibatuta egon ala ez.
Zer da tratamendu-jardueren erregistroa (TJE)?
Entitate batean datu pertsonalak tratatzeko egiten diren jardueren inbentarioa. Tratatzen dituzten datuei buruzko informazioa jasotzen du horrek, besteak beste, zein diren, nork tratatzen dituen, zer helbururekin tratatzen dituzten eta zein oinarri juridikok legitimatzen duen tratamendua. Udalaren TJEra joan
Zein da tratamenduaren arduraduna?
Bakarrik edo beste batzuekin batera, fitxategiaren helburuak eta bitartekoak erabakitzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa, agintaritza publikoa, zerbitzua edo bestelako erakundea. Gure hiriko udal jarduerari dagokionez, Gasteizko Udala da.
Zein da hartzailea?
Datuen komunikazioa jasotzen duen pertsona fisiko edo juridikoa, agintari publikoa, zerbitzua edo bestelako erakundea, hirugarren bat izan ala ez. Dena dela, ez dira hartzailetzat hartuko Batasuneko edo estatu kideetako zuzenbidearen arabera egiten den ikerketa jakin baten esparruan datu pertsonalak jaso ditzaketen agintaritza publikoak; agintaritza publiko horiek datu horietaz egiten duten tratamenduak tratamenduaren helburuei aplikagarriak zaizkien datu-babesari buruzko arauak bete beharko ditu.
Zein legedia da aplikagarri datu pertsonalen babesaren alorrean?
- Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (DBEO siglez ezaguna).
- 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (DPBEDBLO siglez ezaguna).
- 7/2021 Lege Organikoa, arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzkoa.
Zein oinarri juridikok ahalbidetzen dio Gasteizko Udalari nire datu pertsonalak tratatzea?
Udalak oinarri hauek baliatuz tratatu ditzake datu pertsonalak:
- Legezko betebeharrak betetzea, udal zerbitzu publikoak egikaritzea, interes publikoaren izenean eginkizun bat betetzea, bizi-interesak babestea, kontratu bat egikaritzea, edo haren eskumen-esparruaren barruko kontsulta eta beharrei erantzutea.
- Tratamenduaren helburuak eskatzen duenean, interesdunaren adostasuna; baieztapen-egintza argi bat izan beharko du, erakusten duena interesdunaren borondate-adierazpen askea, zalantzarik gabea, zehatza eta arrazoitua.
Zein eskubide dut datuen babesaren alorrean?
Datuen babesari buruzko araudiak eskubide hauek aitortzen ditu funtsean:
- Datuetara irispidea izateko eskubidea. Zein datu-mota tratatzen ari garen eta egiten ari garen tratamenduak zein ezaugarri dituen jakitea.
- Zuzentzeko eskubidea. Datuak aldatzeko eskatu ahal izatea, zehatzak edo benetakoak ez direlako.
- Eramangarritasunerako eskubidea. Tratatzen ari diren datuen kopia formatu elkarreragile batean eskuratu ahal izatea.
- Tratamendua mugatzeko eskubidea, legean jasotako kasuetan.
Erabaki automatizatuak hartzeari aurka egiteko eskubidea.
- Ezabatzeko eskubidea. Zure datuak ezabatzeko eskatzea, tratamendua jada beharrezkoa ez denean.
- Tratamenduari aurka egiteko eskubidea, legean jasotako kasuetan.
- Emandako adostasuna baliogabetzeko eskubidea. Tramiterako esteka
Zein adinetik aurrera esku har dezaket nire datu pertsonalak babestearen alorrean?
Legearen arabera, 14 urtetik aurrera eman daiteke adostasuna autonomiaz. Orobat, berariaz arautzen da sare sozialetan eta informazioaren gizarteko zerbitzu baliokideetan adingabeek edo haiek adingabe diren bitartean hirugarrenek eman dituzten datuak ezaba ditzaten eskatzeko eskubidea.
Nola baliatu ditzaket Udalak nitaz dituen datu pertsonalak babestearekin lotutako eskubideak?
Gasteizko Udalari berari eskatuz, herritarrei laguntzeko bulegoetako batean edo dbo-dpd@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikoan. Tramiterako esteka
Era berean, kexa edo erreklamazioa aurkeztu ahalko da une oro kontrol-agintaritzaren aurrean (Datuak Babesteko Euskal Bulegoa).
Zein epetan bete behar ditu Udalak legeak datuen babesaren alorrean aitortzen dizkidan eskubideak?
Udalak hilabeteko epean erantzun behar dio eskubideaz baliatzeko eskabideari, hura jasotzen duenetik, eta epea bi hilabetera luza daiteke beharrezkoa bada, eskabide kopurua eta horien konplexutasuna kontuan hartuz. Luzatuz gero, lehen hilabetearen barruan (eskabidea jasotzen denetik) eman beharko dio horren berri interesdunari, eta arrazoiak azaldu.
Hildako pertsona baten datu pertsonalak babesteko eskubideez ere balia naiteke?
Bai, araudian berariaz aitortzen zaie hilarekin familia-lotura edo izatezkoa dutenei eta haren jaraunsleei datuetara irispidea izateko eskubidea eta, kasua denean, haiek zuzendu edo ezabatzekoa.
Hala ere, hilak halakorik egitea debekatu badu, ezingo dira eskubide horiek baliatu.
Nola jakin dezaket Gasteizko Udalak niri buruzko datu pertsonalik ote duen? Zein informazio mota eskura dezaket horietaz?
Udalaren beraren aurrean datuetara irispidea izateko eskubideaz baliatuz, herritarrei laguntzeko bulegoetako batean edo dbo-dpd@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatziz (tramiterako esteka).
Alderdi hauei buruzko informazioa eskatu ahalko da:
- Zein datu-kategoria tratatzen diren.
- Datuen helburua eta erabilera zehatzak.
- Nondik lortu diren, inori jakinarazi zaizkion ala jakinarazteko asmorik dagoen, eta nori.
- Erabaki automatizaturik dagoen, profilak egitea barne, eta aplikatutako logikari eta haren ondorioei buruzko informazioa.
- Datuak gordetzeko epea edo hori zehazteko irizpideak.
Nire datu pertsonaletara sartzeko eskabidea egiten badut, nola erantzungo du Udalak?
Gasteizko Udalak tratamenduaren objektu diren datu pertsonalen kopia emango du.
Interesdunak eskabidea bitarteko elektronikoen bidez aurkezten badu, erabilera komuneko formatu elektroniko batean emango zaio informazioa, bestela emateko eskatu ezean.
Kostu ekonomikoa ekar diezadake eskubideez baliatzeak?
Eskubideez baliatzea doakoa da.
Hala ere, eskabideak nabarmen funsgabeak edo neurrigabeak badira —errepikakorrak direlako bereziki—, Udalak irtenbide hauetakoren bat har dezake:
a) Kanon arrazoizko bat kobratzea, informazioa edo komunikazioa gauzatzeko edo eskatutako jarduera burutzeko egin behar izan diren gastuen arabera.
b) Eskabideari dagokionez jarduteari uko egitea, arrazoiak azalduz.
Bideokameren instalazioa izaera pertsonaleko datuen tratamendua da?
Irudia izaera pertsonaleko datu bat da, pertsona bat identifikatzen baitu, edo identifikatzeko modua ematen. Zentzu horretan, kamerak instalatzea, hainbat xederekin —segurtasuna, laneko kontrola, eremu mugatuetarako sarbidea autoaren matrikula eta gidarien irudia hartuz, baita ZIU baten monitorizazioa ere— izaera pertsonaleko datuen tratamendua litzateke eta, beraz, datuak babesteko araudia aplikatuko litzaioke.
Udalak badu ekitaldi publiko batean grabatzerik, edo bertan hartutako argazkiak erakutsi edo argitaratzerik?

Ekitaldi publikoetan hartutako irudiak grabatzeak eta hedatzeak ez du interesdunen adostasunik behar irudiak bakarrik osagarriak direnean. Pertsonen irudia osagarria ez denean, aitzitik, interesdunen edo haren legezko ordezkarien adostasuna behar dagertakari publiko bati buruzko informazio grafikoa z abaltzeko. DBEBaren irizpena(Beste leiho batean irekiko da)
Har daitezke udalbatzaren osoko bilkuretara joandakoen datu pertsonalak?
Udalbatzaren osoko bilkuretara doazenen datuak biltzeak ez du oinarri juridikorik Erregelamendu Orokorrean, segurtasun-arazorik izan ezean. DBEBaren irizpena(Beste leiho batean irekiko da)
Bideoan grabatu daitezke udalbatzaren bilkurak?
Toki araubideari buruzko araudiaren arabera, udaletako osoko bilkurak publikoak dira; hala ere, Konstituzioaren 18.1. artikuluak herritarrei aitortzen dien funtsezko eskubidearekin zerikusia izan dezaketen gaien eztabaida eta bozketa sekretuak izan ahalko dira, gehiengo osoz erabakiz gero.
Ondorioz, grabatu eta internetez hedatu ahalko dira, baina grabazioan agertzen diren pertsona fisikoak —udalbatzaren kideak zein publikoa— ezabatzeko edo aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko dira webgunearen arduradunaren edo titularraren aurrean (internetez zabaltzen bada), eta hilabeteko epean bete beharko da eskubidea (DBEOaren 12. artikulua).
Udalbatzak udaletik kanpoko bitartekoez grabatzen badira, datuen tratamendurako agindua da, eta DPEOan eta DPBEDBLOan ezarritako betekizunak bete beharko ditu. DBEBaren irizpena.
DBEBaren irizpena(Beste leiho batean irekiko da)
Legezkoa al da alderdi politikoei datu pertsonalak ematea hauteskunde-propaganda bidaltzeko?
Hauteskundeen erregimen orokorra arautzen duen legearen arabera, Hautesle Erroldaren Bulegoari dagokio hautesle-errolda lantzea. Errolda horretan izena ematea nahitaezkoa da, eta udalek ofizioz egiten dute beren udalerrietako biztanleei dagokienez. Hautesle-errolda hilero eguneratzen da, eta izen-abizenak zein bizilekua nahitaez jaso beharreko errolda-datuak dira.
Hauteskunde-hautagaitza bakoitzaren ordezkariek dena delako barrutiaren hautesle-erroldaren kopia eskura dezakete hautagaiak aurkezten diren egunean. Hauteskunde-propaganda bidaltzeko erabil dezakete, baina kanpaina garaian bakarrik. Hala ere, bada hautesle-erroldaren kopietan datuak biltzeari aurka egiteko eskubideaz baliatzerik, postaz hauteskunde-propagandarik bidal ez dezaten.
Hauteskunde-aldian, alderdi politikoek bitarteko elektronikoz edo mezularitza elektronikoko sistemen bidez bidal dezakete hauteskunde-propaganda, baldin eta mezuetan hauteskundeekin zerikusia dutela zehazten badute, eta aurka egiteko eskubideaz baliatzeko doako bitarteko bat eskaintzen.
Alderdi politikoek web-orrietan eta sarbide publikoko beste iturri batzuetan lortutako datuak erabil ditzakete helburu horretarako. Edonola ere, indarreko araudiak ez du baimentzen datu-kategoria bereziak kontuan hartzen dituzten profilak lantzea.
Gasteizko Udalak nire datu pertsonalak argitaratu ditzake?
Administrazioek iragarkiak argitaratu ditzakete estatuko aldizkari ofizialetan, autonomia erkidego edo probintzietakoetan, interesdunaren azken helbideari dagokion udaleko iragarki-taulan edo kontsul-etxekoan edo dagokion enbaxadako sekzio kontsularrekoan.
Kasu hauetan da bidezkoa argitaratzea:
- Zehaztu gabeko hartzaile-talde bati zuzendutako egintza bada.
- Administrazioaren iritziz, interesdun bakar bati zuzendutako jakinarazpenak denei jakinarazi zaiela bermatzen ez duenean.
- Hautaketa-prozesuak edo norgehiagoka-prozedurak direnean, aplikagarri diren araudiak eta deialdiak ezartzen dutenaren arabera.
- Prozedura bakoitzaren arauek hala ezartzen dutenean.
- Eskumena duen organoaren iritziz interes publikoak hala eskatzen duenean.
- Jakinarazpen pertsonala saiatu arren egiterik izan ez denean.
- Interesdunak ezezagunak badira, edo jakinarazpena non egin behar den jakiten ez bada.
Hala ere, legeak eragotzi egiten du herritarren izen-abizenak eta identifikazio agiri ofizialaren zenbaki osoa batera argitaratzea iragarkien bidez argitaratu edo jakinarazi behar diren administrazio-egintzetan.
Nire datu pertsonalak buletin ofizial edo iragarki-taula digital batean argitaratzen badituzte horiek ezabatzeko eska dezaket?
Ahaztua izateko eskubidea interneteko bilaketetan datu pertsonalak ezabatu ditzaten eskatzeko eskubidea da. Bilatzaile orokorretan datu pertsonalen zabalkunde unibertsala eta bereizketarik gabea mugatzeko eskubidea barne hartzen du, baldin eta informazioa zaharkituta geratu bada edo dagoeneko ez badu ez garrantzirik ez interes publikorik, jatorrizko argitalpena legezkoa izan arren, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak ezartzen duenari jarraituz.
Buletin ofizialean zabaldutako informazioa ezin da ezabatu, legezko betebehar bat betetzeko edo interes publikoaren izenean egiten den misioa betetzeko behar den informazioa jakinarazteko funtzioa baitu. Horrenbestez, ukitutako pertsonaren izen-abizenak sartzean interneteko bilatzaileek eskaintzen dituzten estekak desindexatuz gauzatzen da datuen ezabaketa. Hartara, informazioa bilatzea zailtzen da baina ez da iturria ukitzen, hau da, ez da eragotziko webgunean argitaratutako informaziorako sarbidea bilaketarako izena ez den beste irizpide batzuk erabiltzen badira.
Interesdunak tratamenduaren arduradunari eska diezaioke desindexatzeko, argitaratutako informazioaren igorlea den aldetik, eta ahalik eta gehien zehaztu beharko du eskabidea, behar den agiri, esteka eta erreferentzia oro aurkeztuz.

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: