Eraztun Berderako Ibilbideak - Turismoa Vitoria-Gasteizen
Ezagutu Vitoria-Gasteizen esentzia, bizikletaz, korrika edo oinez egiteko 8 ibilbideren bidez
8 ibilbide proposatzen dizkizugu, bidezidor, bide eta bidegorrietan barrena, taldean, familian edo bakarka egiteko. Ibilbide errazak dira, seguruak eta adin guztietarako egokituak, eta hiriaren erdigunetik Eraztun Berdeko hiri-inguruko parkeetara eramango zaituzte. Horiek zeharkatuz, hiri honen arima ezagutuko duzu: hiri-, industria- eta nekazaritza-ingurunearen eta inguratzen duen Eraztun Berdearen arteko harmonia.
Ibilbideak
Ibilbideak Wikiloc-en
1. Senda ibilbidetik Armentiako basora
Sentitu zuhaitzen magia
Senda ibilbidean barrena, ehun urteko zuhaitzek eta eraikin adierazgarriek Zulueta jauregia, Arte Ederren Museoa, Ajuria Enea eta Mendizorrotzeko kiroldegia, besteak beste zaindutako ibilbideari ekingo diogu. Aurrera egingo dugu, Arabako patroi San Prudentzioren eskulturaraino;, korrikalari eta ibiltarien ohiko gunea dena, eta, handik, San Prudentzio basilika erromanikoaren ondoko zelaiak ikusiko ditugu; bertara abiatu eta Armentiako basoan sartuko gara.
Zirkularra | 9,7 km | + 110 m | 2 h bizikletaz / 3 h oinez.
2. Olarizuko lorategi botanikotik Las Neveras muinora
Ikusi Arabako Llautadako zelaiak eta muinoak
Senda ibilbidetik, unibertsitate campusean barrena, Olarizuko parkera joango gara, hiriaren hegoaldera. Infogunean, lorategi botanikoa eta Europako zuhaitzen arboreto garrantzitsua zeharkatzeko informazioa aurkituko dugu. Ondoren, etxaldearen zelaietaraino joango gara, eta Errekaleor ibaiaren ibilguari jarraituko diogu. Handik, Las Neveras muinora (elurra gordetzeko zulo zaharrak) iritsiko gara. Arabako lautada eta hura mugatzen duten mendiak ikus ditzakegu gune horretatik. Azkenik, Arkaiako terma erromatarretara iritsiko gara.
Zirkularra | 14,3 km | + 220 m | 3 h bizikletaz / 4,5 h oinez.
3. Salburuko hezeguneak eta Ataria zentroa
Oreinen eta hegaztien bizilekuan barrena
Ibilbide honek Salburuko hezeguneetara eramango gaitu, hiriaren ekialdera. Eraztun Berdearen agertoki esklusibo honetan, begirada bitxia duen orein batek lilura zaitzake, eta, hegaztien behatokietatik, hezegune horietako biodibertsitatea mirets dezakezu. Itzulerako bideak hiriaren bihotzean sartuko gaitu, Santa Isabel hilerria eta Erdi Aroko hiriguneko muinoa inguratuz. Otxanda Andrearen dorrea eta San Pedro eliza ikusiko ditugu eta Andre Maria Zuriaren plazan amaituko dugu, Vitoria-Gasteizko erdigune ospetsuan.
Zirkularra | 3,5 km + 3,7 km | + 90 m | 2,5 h + 1 h bizikletaz / 4 h + 1,5 h oinez.
4. Galeoi pirataren parkera, Zadorra ibairaino
Ezagutu hiriko parkeen altxorrak
Lagunduko diguzu hiriko parkeetako altxor ezkutuak aurkitzen? Florida parkean haitzulo eta ehun urteko zuhaitzekin hasi ondoren, Europa Biltzar Jauregiko lorategi bertikalaren ondotik igaroko gara, eta Arriaga parkean ezkutatuta dagoen baseliza bat aurkituko dugu. BMX zirkuitu batek eta parkour gune batek Galeoi pirataren parkera eramango gaituzte, eta txiki ausartentzako sorpresaz betetako ontzi bat aurkituko dugu. Itzulerako bideari ekin aurretik, Zadorraren ertzera hurbilduko gara, eta azken altxor bat aurkituko dugu: Burdin Aroko herrixka baten aztarnak.
Zirkularra | 12,7 km | + 80 m | 2,5 h bizikletaz / 4 h oinez.
5. Zabalganeko parkeko aintziretara
Naturaren, landaren eta hiriaren arteko sinbiosia
Ederra da Zabalgana bezalako auzo batetik apo lasterkaria entzun dezakezula pentsatzea, parke honetako putzuetan bizi den espezie mehatxatua. Ibilbide honek industrialde, hirigune eta naturaguneen arteko oreka erakusten digu: Ehariko landa ingurunea, Euskadiko enpresa handienetako bat, parkeko basoak, soroak… Baina baita iraganarekiko lotura ere Armentumen, erromatar kokaleku baten berreraikuntza (I.-V. mendeak). Izan ere, posible da jasangarritasuna, tradizioa eta berrikuntza uztartzea..
Zirkularra | 14 km | + 115 m | 3 h bizikletaz / 4,5 h oinez.
6. Eraztun Berdearen iparraldeko ibilbidea
Zadorra ibaiaren ibilguari jarraituz
Vitoria-Gasteiz inguratzen duen Eraztun Berdearen Itzuliak 33 km-ko luzera eta balio ekologiko handiko hainbat parke ditu; korridore naturalek lotzen dituzte eta bizikletaz edo oinez goza daiteke. Ibilbide irisgarriagoak eskaintzeko, Eraztun Berdearen itzulera bi zatitan banatzea proposatzen dugu: Iparraldeko Ibilbidea eta Hegoaldeko Ibilbidea.
Iparraldeko ibilbidea Atarian hasten da, Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan, eta 14,4 kilometro ditu, Zadorra ibaiaren ibilguari jarraituz Zabalganeko parkera iritsi eta Armentumen amaitzen da, erromatar kokaleku baten aurrietan (K.o. I.-V. mendeak).
Lineala | 14,4 km | + 140 m | 3 h bizikletaz / 4,5 h oinez.
7. Eraztun Berdearen hegoaldeko ibilbidea
Ekosistema berezietan barrena
Eraztun Berdearen hegoaldeko ibilbidea Armentum parkean (Zabalgana) hasten da, eta oso ekosistema bereiziak dituzten 3 parke handi zeharkatzen ditu: Armentiako basoa, Olarizuko lorategi botanikoa eta Salburuko hezeguneak. Hemeretzi kilometro horiek oinez eta bizikletaz egin daitezke. Zailtasun maila txikia da, eta iturri zein atsedengune ugari eskaintzen ditu. Naturarekin konektatzeko plan ezin hobea da.
Lineala | 18,1 km | + 45 m | 4 h bizikletaz / 5,5 h oinez.
8. Iparralde-Hegoalde eta Mendebalde-Ekialde konexio-bideak
Puntu kardinalen konexioa
Iparralde-Hegoalde eta Mendebalde-Ekialde konexio-bideak Vitoria-Gasteizko muturren arteko zirkulazioa errazteko diseinatutako ibilbideak dira, puntu kardinalak modu eroso eta seguruan lotuz. Bide horiek Eraztun Berdearen gune batean hasten dira, eta hiriaren erdialdea zeharkatzen dute, eraztunaren beste muturrarekin bat egin arte, natura eta hirigintza ibilbide bakarrean integratuz.
8A. Iparralde-Hegoalde
Forondako Atetik, Gasteiz hiribidetik eta Lasarte hiribidetik zeharkatzen du hiria, 5 kilometro baino gutxiagoko ibilbidean. Hiri-mugikortasunaren arintasuna eta naturaguneen freskotasuna uztartzen ditu.
Lineala | 4,9 km | +/-30 m | 45 minutu bizikletaz | 1,5 h oinez.
8B. Mendebalde-Ekialde. Zabalganatik Salburura
Nazio Batuen hiribideko, Nieves Cano kaleko, Florida kaleko eta Iliada ibilbideko bidegorrietatik zeharkatzen du hiria. Zortzi kilometroko ibilbidea da Zabalganeko parketik Salburuko hezeguneetara.
Mendebalde-Ekialde ibilbideak XX. mendeko hirigintza-garapeneko bi auzo handiak lotzen ditu, Zabalgana eta Salburua, interes arkitektonikoko etorbide, parke eta eraikin handiekin.
Lineala | 8,5 km | +/-50 m | 1,5 h bizikletaz / 3 h oinez.
- Eraman beti elikagai eta edariren bat.
- Hasi baino lehen, berotu. Horrela, lesioak saihestuko dituzu.
- Zaindu natura, bai eta natura inguratzen duen guztia ere.
Bizikletaz bazoaz:
- Begiratu zure bizikleta irteera bakoitzaren aurretik, eta eraman argiak, iluntzen duenerako.
- Jantzi kaskoa; nahitaezkoa da 16 urtetik beherakoentzat.
- Errespetatu oinezkoen lehentasuna, eta bete hirian bizikletaz zirkulatzeari buruzko araudia.
- Eremu hauetan debekatuta dago bizikletaz ibiltzea: espaloietan, pasealekuetan eta oinezkoentzako guneetan, baldin eta bidegorria badute edo 3 metro baino gutxiagoko zabalera badute. Hiriguneko kale eta plazetan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 21:00etara.
Bizikleten zirkulaziorako araudia.
Zure iritziak axola digu
Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.