Salburuko hezeguneetan gertatu da: kumeak zan ditu mokozabal bikote batek, Euskal Herrian lehen aldiz
2024ko urriaren 21ean argitaratua
Betoñuko urmaelean bi ale jaio dira; horrenbestez, espezieak umatu duen Penintsulako iparraldekoen lekua bihurtu da Salburua.
Betoñuko urmaeleko erdiko sahastian (Salburuko hezeguneak) gertatu da mokozabalen lehen ugalketa Euskal Herrian. Irailaren amaieran, uretako apoarmatuen gaineko laginketa-lanetan ari zirela, hegazti zangaluze mehatxuenetakoa den mokozabal arruntaren bi txita aurkitu zituzten.
Hurrengo egunetan, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko teknikariak material optiko egokiz hornituta joan ziren, mokozabalaren bi txita zeudela baieztatzera, ordurako gorputz osoa lumaz betea, bai, baina artean hegan egiteko gauza ez zirenak. Txitak elikatzera habiara joaten ziren ale helduek ez zuten identifikazio-uztairik; horrenbestez, ezin dugu jakin nondik iritsi diren gurera.
Mokozabalak Iberiar Penintsularen mendebaldeko erdian hazten ditu kumeak, batez ere Andaluzian eta, neurri txikiagoan, baita Extremaduran ere. Orain arte iparraldeen erregistratutako haztegiak Zamoran (Villafáfila aintzirak) eta Palentzian (La Nava) daude. Horrenbestez, Salburuakoa bihurtu da Iberiar penintsulan inoiz iparraldeen erregistratu den ugaltze-gunea.
Iberiar penintsulako populazioaz gain (1.400 bikote ugaltzaile inguru direla kalkulatzen da), Mendebaldeko Europan espeziea Herbehereetan eta Frantzian bizi da batez ere; leku horietan urtean 3.600 bikote habiagile inguru zenbatzen dira.
Albiste bikaina da mokozabala Arabako lurretan espezie habiagile gisa finkatzea, agerian uzten baitu Salburuaren ingurumen-kalitatea; izan ere, mokozabalak oso zorrotzak dira habiak non kokatu aukeratzeko orduan, ondo zainduta egon behar baitute, eta giza perturbazio gutxi onartzen dute.
Detektatutako habia hainbat koartza-espezieren kolonia misto batean dago, ohiko ugaltze-garaian zorrotz jarraitzen dena, Euskal Autonomia Erkidegoko ugaltze-nukleorik garrantzitsuena baita. Alabaina, mokozabalen bikotearen ugaltzeko datak ezohikoak dira, eta horrek galarazi egin du orain arte habia detektatzea.
Mokozabalen artean arrautzak erruten direnetik txitak habia uzten duten arte (25 inkubazio-egun eta 50 hazkuntza-egun). Kontuan hartuta Salburuko txitak irailaren amaieran detektatu zirela, eta artean egun batzuk geratzen zitzaizkiela hegan egiten hasteko, kalkulatzen da habia Salburun egin zuen mokozabal bikoteak uztaileko azken astearen inguruan errungo zuela. Data horiek urrundu egiten dira espeziearen ugalketa-jokamolde ohikotik, apiriletik maiatzera bitartean paratzen ohi baitira habietan. Ez dakigu zergatik gertatu den atzerapena.
Kontserbazio-interes handiko espeziea
Mokozabala ur-inguruneei hertsiki lotutako espeziea da. Hezeguneak munduko ekosistema mehatxatuenetako bat dira, eta, oro har, oso kontserbazio-egoera txarrean daude. Horregatik, mokozabalen Europako populazioak urriak dira, eta elkarren artean sakabanatuak. Ondorioz, espezie mehatxatutzat jotzen dira kontinente osoan. Horregatik, babesa zorrotza du mokozabalak Europa osoan, eta espezie “kaltebera” gisa sailkatuta ageri da Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.
Mokozabala espezie enblematikoa da euskal hezeguneetan. Urdaibaiko eta Txingudiko (Bidasoa ibaiaren) estuarioetan eta, neurri txikiagoan, Salburun bertan biltzen diren ale migratzaileen kontzentrazioak nabarmentzen dira.
Mokozabala tamaina handiko hegazti zangaluzea da, kolore zurikoa oro har. Zalantzarik gabe, haren ezaugarririk deigarriena mokoa da, moko nahastezina, luzea, zabaldu eta lautua muturrean, espatula itxurakoa: hortik datozkio hegaztiak gure hizkuntzetan dituen izen arruntak, mokozabal euskaraz eta “espátula” gaztelaniaz. Kumeak hazteko garaian, kolore horixka izaten dute bularraldean, eta luma-motots bat garondoan. Ale gazteek ―Salburun atzemandakoak, adibidez―, ez dituzte ezaugarri horiek betetzen: lumaje erabat zuria dute, hegalen muturrak beltzak, eta mokoa eta zangoak arrosak.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.