Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea - Ibilbide berdeak

Anillo Verde de Vitoria-Gasteiz

Banner

Zadorra ibaia, Gamarran - Vitoria-Gasteizerako ibaia

Vitoria-Gasteiztik doan Zadorra ibaiaren lehen tartea, Alegría ibaiarekiko elkargunetik Gamarrara artekoa, leku ezin hobea da paseatzeko. Gutxi gorabehera 10 hektareako azalera du eremu horrek, eta 2.700 metroko bideak ditu oinezkoentzat eta bizikletarientzat; horrez gain, Gamarrako kirol-gunea zeharkatuz jarrai daiteke.

Proposatutako ibilbideak Zadorra ibaiaren parean bertan egokitutako uholdeen ubide berritik doa; ubide horrek eurite handiko garaietan ibaiak gainezka egiten duenean ura biltzen du, eta Gamarrako industriagunea uholdeetatik babesten du.

Zadorra Gamarran

Fitxa teknikoa

Luzera: 3,5 km | Denbora gutxi gorabehera: 50 minutu | Pista mota: bide-zorua, oinezkoen kalea eta espaloia | Kontuz: eremua urez bete daiteke | Nola iritsi: L3, Bergarako atea / Eskalmendi; L9, Gamarra plaza; L9, Gamarra Nagusia

Egin klik irudiaren gainean tamaina handiagoko PDF bertsioa ikusteko.

Ibilbidearen mapa

Ibilbidea

Ibilbideren zenbait tarte urez betetzen dira; hortaz, kontuz ibili behar duzu.

  • Eraztun Berdearen Biraren 1,7 kilometro-puntuan hasiko dugu ibilbidea, Gamarrako parkearen parean (Eskalmendi) . Vasco-Navarro trenbidearen bide berdeak Gasteiz eta Arlaban mendatearen artean egiten duen tartearen hasierarekin bat dator.
  • Zadorra ibaia zeharkatu ondoren, eta etorbideen ubidearen gainean dagoen pasagune laranjara iritsi baino lehen -hortik jarraitzen du Vasco-Navarro trenbidearen bide berdeak-, eskuinerantz jaitsiko gara eta norabide horretan jarraituko dugu 200 metro gutxi gorabehera.
  • Lehenengo bidegurutzean, Ubidia zeharkatuko dugu, zenbait etorbidez moztuta egon daitekeen leku batetik, eta eskuineko ertzean jarriko gara. Hortik, pasagunearen behealdetik joan, eta Gamarra herrira zuzenduko gara. Bestalde, bidetik atera gabe jarraitu eta ibairaino hurbil gaitezke, ura desbideratzeko egindako presa txikia eta lanak ikusi ahal izateko.
  • Ubidea urez beteta badago, atzera egingo dugu, ibaia pasagune laranjatik zeharkatuko dugu, eta berriro ubidera jaitsiko gara eskailera batzuetatik. Eskuineko ertzean, Eraztun Berdearen Biran sartuko ginateke berriro, Gamarrarako bidean.
  • Tarte batean, palaxu handi batek ingurunetik ia-ia isolatuta uzten du ibilbidea.
  • Herrira iritsi ondoren zenbait paneles eta informazio-zutabek Eraztun Berdearen Bira nola jarraitu adieraziko digute. Bira jarrai dezakegu eta hasierako gunera iritsi Gamarrako kirol-gunearen bidez -guneko instalazioak irekita daude bainudenboraldia ez bada ere-, edo, bestela, uholdeen ubidearen ezkerreko ertzetik irits gaitezke Eraztun Berderaino.
  • Lehen bidea aukeratuz gero, N-240 errepidera eramango gaituzten oharrei jarraitu beharko diegu. Bi aukera daude; erosoena eta errazena ibaitik urrunago dago eta herrian sartuko gaitu. Zadorra ibaiaren gaineko zubia igaro ondoren, ezkerrerantz joango gara eta Eraztun Berdearen Biratik aldenduko gara.
  • Parkera mendebaldeko atetik sartuko gara, zeharkatuko dugu, ekialdeko atetik irtengo gara, eta hasierako puntura iritsiko gara.

Interesguneak

  1. Zadorra ibaia
    Udalerriko ibai garrantzitsuena da, eta hara iristen da udalerrian jaiotzen diren gainontzeko ibai eta erreken ura. Hiriaren iparraldetik doa, eta hiri-muga da. Zenbait tartetan ibaiak eta ibaiertzek balore ekologiko handiko hainbat habitat dituzte, eta interes handiko zenbait animalia- eta landare-espezie bizi dira leku horietan; horietako batzuk, desagertzeko arriskuan daude, adibidez, europar bisoi iheskorra. Natura-balore handiak dituenez, Garrantzi Komunitarioko Lekutzat (GKL) jo dute Espazio Natural Babestuen Natura 2000 Europar Sarearen barruan.
  2. Uholdeen ubidea
    Zadorra ibaian aldian-aldian urak gainezka egiten zuenez Gamarrako zubiaren eta A-1 autobidearen zubiaren arteko tartean, eta horrek Gamarrako industriagunean eta inguruko errepideetan arazo Larica sortzen zituenez, zenbait konponbide aztertu zituzten, eta horietako bat ibaia kanalizatzea izan zen. Azkenik, uholdeen ubidea egokitzea erabaki zuten; horri esker, ibaiaren gaitasun hidraulikoa handiagoa da eta uholde-arriskua saihesten da. Ubide horrek uholdeak dituen ez-ohiko emariak garraiatuko ditu eurite handiak direnean, eta egungo ubideak, berriz, betiko emariak eta Alegria ibaiaren uholdeen emaria hartzen ditu. Garai lehorretan, ubide berriak eta egokitutako bideek Zadorra ibaira hurbiltzeko aukera ematen diete herritarrei.
  3. Vasco-Navarro trenbide zaharreko bide berdea. Gasteiz eta Arlaban mendatearen arteko tartea
    1927. urtean inauguratu zuten Vasco-Navarro trenbidearen ibilbidea Lizarra herria (Nafarroa) eta Mekolalde (Gipuzkoa) lotzeko. 1950eko hamarkadatik aurrera, trenbidearen ustiaketa errentagarri izateari utzi zion errepide-garraioaren lehia dela-eta; hortaz, 1967an itxi egin zuten. Egun, bide horiek ibilbide zikloturistiko moduan eta natura-eremura hurbiltzeko erabiltzen dira. Vitoria-Gasteiz eta Arlaban mendatearen arteko bide berdeak 13,6 kilometro ditu; igoera leuna da, eta Uribarri Ganboako urtegia inguratzen duen ibilbide zirkularrean jarraitzeko aukera ematen du.
  4. Gamarrako kirol-gunea
    Gamarrako kirol-guneak 20 ha baino gehiago ditu, herriko kirol- eta aisiainstalazio handiena da. 1920ko hamarkadaren hasieran sortu zen: ibaiaren ur-bazterrean hondartza artifiziala jarri zuten, Zadorrako igeri egiteko lekuak erabiltzen zituzten bainulariek arriskurik izan ez zezaten. Egun, igerilekuak, frontoiak, atletismo-pistak, errodadura pista, futbol- eta errugbi-zelaiak, bolatokiak, haurrentzako jolasak, piknik-guneak,jatetxea eta askaldegia ditu udal instalazio horrek. Zuhaitzei dagokienez, 11.000 baino gehiago daude (70 espezie desberdin), eta ia-ia 2 kilometroko luzera duen lerrokatze berdea osatzen dute.

Deskarga

Wikiloc(Beste leiho batean irekiko da)Naviki(Beste leiho batean irekiko da)PDF

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.