Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea - Ibilbide berdeak
Zadorra ibaia, Gamarratik Abetxukura - Ibai-ertzean
Zadorraren ondoko ibilbideak landa-eremuan sartzeko eta bi herri bisitatzeko aukera ematen digu; herri horiek, nahiz eta hiritik gertu-gertu egon, ondare historiko aberatsa eta kultura-identitatea zaintzen jakin izan dute, hein handi batean: Abetxuku eta Gamarra dira herri horiek.
Zadorra ibaiaren eskuineko ertzean ditugun Urarteko baratzeak ibilbidearen alderdi erakargarri garrantzitsuak dira. Baratzeetan zenbait herritarrek eta taldek baratzezaintza lanak egiten dituzte ingurumen- eta gizarte-baldintza onenetan.
Fitxa teknikoa
Luzera: 6 km | Denbora gutxi gorabehera: ordu eta erdi | Pista mota: bide-zorua, espaloia, oinezkoen kalea eta landabidea | Kontuz: ur azpian gera daitezkeen tarteak | Nola iritsi:L9, Gamarra Handia; Abetxukurako tranbia, Kañabentako geltokia
Egin klik irudiaren gainean tamaina handiagoko PDF bertsioa ikusteko.
Ibilbidea
- Zadorra hiribidean hasiko gara , Gamarrako zubitik gertu. Eraztun Berdearen Bira seinalatzen duten kilometro-zutoin batek eta informazio-panel batek kokatzen gaituzte eta zer bide jarraitu behar dugun azaltzen digute: Zabalgana.
- Zadorra ibaiaren ondotik doan bidexkatik, jarraituko dugu, larre zabal eta baso txiki batzuen artean, Zadorra hiribidetik paraleloan. Abetxukuren parera helduko gara, eta zuzen jarraituko dugu Abetxukuko zubi zaharrera eramango gaituzten puntu berdeei jarraituz.
- Zubi zaharraren eta berriaren azpitik igaro ondoren (bata bestearen ondean daude), plaza txiki batera helduko gara, eta hantxe beste informazio-zutoin batzuk ditugu. Eraztun Berdearen Biratik jarraituko dugu.
- Ibaitik gertu-gertu pasatuko gara. Bideak Zadorra hiribidetik paraleloan jarraituko du. Ibaiaren eskuineko ertzean Urarte baratzeak ikusiko ditugu.
- Bilborako autobidera doan zubira iritsi baino lehen, eskuineko desbiderapena hartuko dugu eta Biratik aldenduko gara. Zadorra ibaiaren gaineko zubi bat zeharkatuko dugu Abetxuku herriaren norabiderantz.
- Herrira heldu baino lehen, geldi gaitezke Urarteko baratzeak bisitatzeko, eskuinean izango ditugu.
- Ibilbidea jarraituko dugu, eta Abetxukuko hiri-eremua inguratuko dugu. Hantxe gaudela, merezi du San Migel eliza bisitatzeak, eta handik Gamarrara zuzenean doan landa-pista hartuko dugu.
- Gamarran sartuko gara Bastobi kaletik. Herria zeharkatu, zubia igaro eta hasierako puntura iritsiko gara.
Interesguneak
- Zadorra ibaia eta ingurunea
Abetxuku eta Gamarraren artean dagoen ibai-tartearen ezkerreko ertza ur-parke bat da: ezki, makal, zume eta beste zuhaitz hostotsu batzuetako eremu zelaitua da. Beste ertzean laborantza-lurrak ibilguraino iristen dira, eta zenbait eremutan ia-ia inbaditu egiten dute ibilgua. - Urarteko baratzeak Abetxukun
Zadorra ibaiaren ondoan dagoen eremu zabal bat da, baratzezaintza ekologikorako eremua da. Eraztun Berdean halako ezaugarriekin egokitu duten bigarren lekua da, lehena Olarizuko baratzeak izan baitziren. Ibaiaren ertzean legez kontra jarri zituzten eta ur-ekosisteman inpaktu ekologiko handiak sortu zituzten baretzen aurrean (ura ateratzen zutelako, gauzak isurtzen zituztelako, ertzeko landareak kentzen zituztelako, kutsadura sorteen zelako etab.), Urarteko baratzeak ondo antolatutako beste aukera bat dira. Eremu horretan, herritar eta talde askok baratzezaintza ekologikoaren inguruan ikasi, eta ondo pasatzen dute, eta ingurumen- zein gizarte-egoerak egokiak dira. Horrez gain, norbaitek lasai eta gozo naturarekin ondo pasatu nahi badu, leku hori bisita dezake, nahiz eta programatutako jardueretan parte ez hartu. - Abetxukuko herrigunea
San Migel elizak estilo erromanikoa du, eta barruan Abetxukuko Kristoren irudia du; irudi horri debozio handia diote, Trespondeko Santa Katalina monasteriotik ekarritakoa da. Halaber, XVI. eta XVIII. mendeetako bi jauretxe, Zadorra ibaiaren gaineko zubia (XVIII. mendekoa) eta XVII. mendeko gurutzadura aipatu behar ditugu. - Gamarrako herrigunea
XVIII. mendeko parrokia-eliza -porrean zikoinek habia jartzen dute-, 1661. urtean eraikitako zortzi arkuko harrizko zubia, gurutzadura eta Gamarra senidearen etxejauregia (XVII. mendekoa) nabarmentzen dira.
Deskarga
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.