2026ko maiatzaren 5ean argitaratua
Horrela, aparkaleku horretako txandakatze-eskaintza % 50 igoko da, 118 plazaraino.
TUVISAk 40 plazatan handituko du Iradier Arenako aparkalekuaren edukiera, eta jarduketa horri esker erantzun handiagoa eman ahal izango zaio hiriko ekipamendu estrategiko horretan aparkatzeko eskaerari. 40 plazak aparkalekuaren lehen solairuan egongo dira, eta txandakako aparkalekuen eskaintza % 50 handitzeko erabiliko dira, 78tik 118ra pasatuz.
Iradier Arenako aparkalekua da TUVISAk kudeatzen duen aparkaleku nagusietako bat, eta, gaur egun, 792 plazako edukiera du guztira, hiru solairutan banatuta. Ekipamendu horrek iraupen luzeko alokairurako aparkalekuak eta txandakako beste batzuk konbinatzen ditu, eta horrek erraztu egiten du ohiko erabiltzaileek egunero erabiltzea eta barrutian antolatzen diren ekitaldiei eta jarduerei lotutako aparkatze puntualak egitea.
Hileko azken balantzearen arabera, aparkalekuak okupazio-maila altua du alokairu-modalitatean, ia 470 plaza baititu okupatuta (hau da, erabilgarri dauden ia guztiak). Horri txandakako plazen eskaintza gehitu behar zaio. Horien batezbestekoa, hilean, 7.000 sarrera baino gehiagokoa da, eta plaza eta egun bakoitzeko 3,3 ibilgailu inguruko txandakatzea du. Datu horiek, beraz, agerian uzten dute erabilera handia dela. “Duela lau urte, 2022ko maiatzean, txandakatze hori 2 ibilgailukoa zen plaza eta egun bakoitzeko. Eskaera hainbat arrazoirengatik igo da, hala nola TAOa Adurtza eta San Kristobal auzoetara hedatu izanagatik”, adierazi du Izaskun Reyes TUVISAko presidenteak.
Lehen solairuan errotaziorako 40 plaza handitzeko, orain arte ibilgailuen biltegi puntual gisa funtzionatu duen aparkalekuko eremua erabiliko da. Eremu horretako perimetroko hesian aldaketak egin beharko dira, baita balizatze- eta seinaleztatze-lanak ere, erabilgarri dagoen espazio berriaren erabilera optimizatzeko. Erreforma-lana burutu bezain laster, aparkaleku berriak erabili ahal izango dira.
Iradier Arenako aparkalekua TUVISAk kudeatutako aparkaleku-sarearen parte da, eta guztira 3.000 plaza baino gehiago ditu, Artium, Santa Barbara, Molinuevo, Zaldiaran eta Europa ere kontuan hartzen baditugu. Aparkaleku bakoitzak ezaugarri espezifikoak ditu, kokapenaren eta eskariaren arabera.
Oro har, datuek erakusten dute plazen % 46 inguru alokairura bideratzen direla, % 18 inguru txandakako plazetara eta % 26 lagapenera. Kasu gehienetan, gainera, okupazio-maila oso handia da. Modalitateen konbinazio horri esker, egoiliarren premiei zein merkataritza-, lan- edo aisialdi-erabilerei erantzun ahal zaie.
Gainera, aparkaleku batzuen kasuan, txandakatzea oso handia da. Santa Barbaran, adibidez, hilean 30.000 sarrera baino gehiago daude, edo Artiumen, aldiz, 12.000 baino gehiago. Horrek agerian uzten du azpiegitura horiek funtsezko elementu direla hiria dinamizatzeko eta zerbitzu eta ekipamenduetara sarbidea izateko.
“Iradier Arenako aparkalekua handitzeko jarduketekin, besteak beste, aparkaleku-sarea hobetzen jarraitzen dugu, Gasteizek mugikortasun ordenatuago, irisgarriago eta jasangarriagoarekin duen konpromisoa indartuz”, amaitu du Izaskun Reyesek.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.