Birgaitzeko 62 etxebizitza huts eta babes ofizialeko 417 etxebizitza eraikitzeko lurzorua eskaini dizkio Gasteizek Eusko Jaurlaritzari, haren hitzarmen-proposamenean
2023ko martxoaren 17an argitaratua
Gainera, Udalak dagoeneko lagata daukan lurzoruan egiteko dauden 543 etxebizitzak gauzatzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa jasotzen du hitzarmenak.
- Beharrezko berme juridikoak ditu testuak, eta zifratan zehazten du 2018an Gorka Urtaran alkatearen eta Iñaki Arriola sailburuaren artean erdietsitako akordioa, baita joan den otsaileko osoko bilkurako agindua ere
Gaur bidalitako testuan jasotako konpromisoaren arabera, Udalak Eusko Jaurlaritzaren esku utziko ditu 62 etxebizitza huts, birgaitu eta alokairu sozialeko etxebizitza gisa erabiltzeko; etxebizitza horiek Udalarenak eta Zabalgunea 21enak dira. Horrez gain, lurzorua laga dio, babes ofizialeko 417 etxebizitza eraikitzeko. Gainera, hitzarmenak jasotzen duenez, Udalak dagoeneko lagatako lurzoruan egiten ari diren eta egiteko dauden 543 etxebizitzak aktibatzeko konpromisoa hartu du Etxebizitza Sailak. Hala, hitzarmenaren arabera, guztira, babes sozialeko 960 etxebizitza berri eraikiko eta 62 birgaituko dituzte Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak edo haren mendeko VISESA Elkarteak.
Alokairu sozialeko etxebizitzen eskariari erantzuteko udal-etxebizitzak erabiltzea adostu zuten 2018an alkateak eta Eusko Jaurlaritzak. Orduan, hiriko hainbat puntutan erabilerarik gabe dauden udal-etxebizitzei irtenbide bat bilatzea adostu zuten alkateak eta sailburuak, hala, etxebizitza sozialaren eskariari erantzuna emateko.
“Baliabide ekonomiko eta natural gutxiago erabiliz etxebizitza-parkea hobeto aprobetxatzeko eta alokairuko babes ofizialeko etxebizitza-parkera sartzeko balioko duen formula” baten aldeko apustua egiten du hitzarmen honek. Birgaitzeko etxebizitzen kasuan, 20 urterako lagako dira. Epe hori amaitutakoan, jabeari (Ensanche 21 Zabalgunea SA eta Udala) itzuliko zaizkio, egoera onean.
Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.