Balbino Sobrado Cobas (1883-1963)

Balbino Sobrado Cobas

Gasteizen jaio zen 1883an, eta Café Suizo gozogile hasi zen lanean oso gaztetandik. Hain zuzen ere gozogintzak eramango zuen denbora labur baterako Bordelera, non gozogintza-buru aritu zen, artean 16 urte baino ez zituela. Ez zen geldik egoteko gizakia, benetako ekintzailea baizik; bizitzan zehar era guztietako jardueretan aritu zen. 1910ean taberna bat ireki zuen San Prudentzio kalean, hainbat kirol eta zezenzale elkarteren topagune bihurtuko zena. Bere zaletasun handienetako bat lanbide bihurtzen asmatu zuen, motoziklismoa alegia; hartara, taxilari hasi zen sidekardun motor batekin. Gerora motozikletan saldu eta konpontzeko lantegia ipini zuen Ramon Ortiz de Zarate kalean, eta hogeita hamar urtetik gora eraman zuen. Horrez gain, hainbat kiroletan aritu zen, eta zezenketa zale amorratua zen.

12 urterekin egin zuen lehen argazkia, Bilbora egindako bidaia batean, baina bizi osorako zaletasun geratu zitzaion argazkigintza. Inoiz argazkilari profesional gisa aritu ez zen arren, saldu egin zituen bere lanetako batzuk; garaiko argitalpen batzuetan erreportari grafiko gisa agertu zen. Argiztatzeko sutautsa erabilita, Mairuelegorretako kobazuloei buruzko erreportajea egin zuen, gerora, 1914an, album gisa argitaratu zuen. Gasteizen 1916an egin zen III Concurso Obrero Agrícola Industrial y de Enseñanza izenekoan aurkeztu zuen lanak brontzezko domina irabazi zuen. Ignacio Lascarayrekin batera, Emilio Álavari lagundu zion 1924an Gorbeiara eta 1925ean Urbiako mendikatera autoz egin zituen igoeretan, eta balentria bien argazki ugari egin zituen. 5.000 positibo biltzera iritsi zen, eta biziaren azkenean positiboak atera eta antolatu egin zituen, seme-alabei emateko. Lan horren ondorioz, bi argazki erakusketa antolatu zituen egileak berak, 1960an eta 1961ean.

Hil eta 7 urtera -1970ean- bere seme-alabek 1.449 negatiboz osatutako funtsa eman zioten Gasteizko Udalari, eta gaur egun "Pilar Aróstegui" udal Artxiboan dago.

Funtsa: Sobrado
Egile/Ekoizlea: Balbino Sobrado Cobas (Gasteiz, 1883-1963).
Datak: XX. mendearen hasiera - 1930
Kopurua: 1.449 negatibo.
Neurriak : 4,5x6 eta 13x18 artean, hainbat neurri
Euskarria: kristala eta plastikoa.
Sarrera-data: 1970.
Jatorria: Seme-alaben dohaintza.
Gaiak: erretratuak, kirolak, zezenketak, folklorea, industria, landa-bizitza, lanbideak, militarrak.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: