Kode Etikoa: Identifikatutako balioek Udalaren ezaugarria osatzen dute

Balioek erakundearen eta bertako langileen jarduerak gidatu behar dituzte, eremu eta maila orotan.

Deskargetzeko dokumentua (pdf): Udalaren Kode Etikoa: balioak

Herritarren autonomia sustatzea - Begirunea eta enpatia

Herritarrei zerbitzu egokia ematea beren bizitza proiektuak garatzean.

Autonomiaren balioaren errespetua berria da gure gizarteetan. Kontua ez da aukeratzeko askatasuna izatea, baizik eta pertsona bakoitzak aukeratzeko duen gaitasuna sustatzeko gauza izatea, nahi duenaz hitz egitea harekin, horren arabera erabaki ahal izan dezan.

Hori dela eta, udal batean autonomiaren eraikuntzak guztion egitekoa izan behar duela jotzen da, non baldintzak eta bitartekoak baitaude benetakoa izan dadin. Ez da erraza bizitza-proiektuen askotarikotasuna onartzea, ohikotzat jotzen direnetatik ezberdinak izan daitezkeelako, eta errespetu horrek pertsona ororekin beti jarrera irekia izatera behartzen duelako. Era berean, balio honen barruan sartzen da pertsona bakoitzaren pribatutasunaz ohartzea eta aktiboki babestea.

Azken batean, " elkarrekiko erlaziozko" autonomia, elkarren arteko mendekotasunean oinarritua. Herritarrak ezin du bere autonomia gauzatu udal langilerik gabe, ezta langileek beren egitekoa bete ere balio hori sustatu gabe. Eta autonomia errespetatu beharreko espazio pribatutzat ulertuta.

Justizia - Justizia sena

Giza baliabideak eta baliabide materialak zuzen lortu, banatu eta kudeatzea, eraginkortasunez eta ekitatez.

Justizia balio gailena da baliabide publikoak banatzen dituen erakunde batean. Bete dadin, beharrezkoak dira:

  1. Jardunbide profesional bikaina, baliabideak eraginkortasun-irizpideei jarraituz banatzeko.
  2. Irizpide profesionalak identifikatu eta protokoloetan jasotzea.
  3. Efizientzia sustatzen eta lortzen duen kudeaketaren kultura, baliabideak optimizatuz eta behar bezala koordinatuz.
  4. Eraginkorrak izatea eta aldi berean ekitatea kontuan hartzea ahalbidetzen duen antolakuntza eredua.
  5. Behar handiena duenari gehiago ematea; erakundeek ahulenak benetan babestea eskatzen du horrek, ahuldadearen jatorria edozein delarik.

Kudeaketa onaz gain, etorkizuneko belaunaldien eskubideekiko -hirugarren belaunaldiko eskubideekiko- konpromisoak gizarte erantzukizuna eransten dio justiziaren balioari. Baliabideen erabilerak bateragarria izan behar du iraunkortasunarekin.

Justiziarekiko konpromisoak hainbat mailari erreparatzea eskatzen du: profesionala, antolakuntzakoa eta gizarte erantzukizunari dagokiona.

Jardunbide profesional egokia - Erantzukizun profesionala

Informazioa eta ezagutzak gardentasunez erabiltzea, eta datuen konfidentzialtasuna errespetatzea. Norberaren zereginak eta zeharkakoak arduraz planifikatu, koordinatu eta betetzea.

Herritarren aurrean bere izateko arrazoia betetzearren, Udalak balio garrantzitsutzat jotzen du udal langileen jardun profesional ona, haien identitate profesionala.

"Profesionaltasun" terminoak esanahi bikoitza du. Batetik, ezagutza instrumental beharrezko eta eguneratua izatea esan nahi du, dena delako jarduera zuzen betetzeko.

Sail bakoitzak bere praxi onari zentzua ematen dion berariazko zerbitzua ematen du: zerga-betebeharrak betetzen laguntzea; herritarrei kalitateko zerbitzuak eskaintzea; Udalarekiko harremanak erraztea; diru-laguntzak kudeatzea; kultura sustatzea; familia kontziliazioa erraztea; haurrak heztea eta familiei arreta ematea; herritarren segurtasuna babestea; hiri integratu, irisgarri eta iraunkorra planifikatzea; herritarrei laguntzea haien bizitzaren amaieran; gizarte arreta egokia ematea, etab. Jardun profesionalaren praxi txarrak, eginez edo ez eginez, kalte egiten dio herritarrari.

Profesionaltasunaren bigarren esanahia kualitate, izaera, ohitura batzuk garatzearekin lotzen da, hots, jarduera profesionala identifikatzen duen izaera edo profila. Sail bakoitzean gaitasun eta kualitate profesional ezberdinak beharko dira, egitekoaren arabera, eta horrek aberastu egiten du erakundearen jardun profesional ona.

Azkenik, jarduera askok bi edo sail gehiagoren arteko lankidetza eskatzen dute. Jardunbide profesional egokiaren ikuspuntutik, planifikazioa eta lan koordinatua ezinbesteko antolakuntza eskaera da praxi profesional egokiaren balioa babesteko.

Lankidetza - Jakinduriaren eta ahalmenaren arteko bateratzea eta kohesioa

Profesionalen eta korporazioaren ahaleginak, jakinduria eta esperientziak koordinatzea udal zereginak betetzean, herritarrei zerbitzu emateko xedea duen talde bati dagokion kohesioarekin.

Lankidetzaren balioa profesionaltasunarekin erlazionatzen da. Helburua herritarrei zerbitzurik onena ematea denean, besteekin koordinatuta egin behar da ezinbestean, ekintza askok eskatzen baitute sail batek baino gehiagok batera esku hartzea.

Hiru koordinazio-maila nabarmendu behar dira: sail barruko profesionalekin, beste sail batzuetakoekin -jarduera komunetan-, eta udal korporaziorekin.

Horrekin lotuta, erromatarren garaitik datozen bi kontzeptu bereiztu behar dira: boterea -potestas- eta agintea -auctoritas-. Lehenak botere politikoa duenari egiten dio erreferentzia, erabakiak hertsapenez edo indarrez ezar ditzakeelako. Bigarrenak haren jakinduria eta ospea zirela medio legea interpretatzeko eskatzen zitzaion pertsona aipatzen du. Haren agintea ez zen loteslea, baina bai goi mailakoa moralki, erabaki jakintsu eta bidezkoak hartzen zituelako.

Agintea botere gisa eta agintea ezagutza gisa. Bi botereen arteko oreka sinbiotikoa, elkarren behar eta onuran oinarritua. Lankidetzaren eskaerak berak dira gaur egun: udal korporazioak -potestas- aintzat hartu behar ditu teknikari eta profesionalen ezagutza eta jakinduria -auctoritas- herritarrei buruzko erabakiak hartu aurretik, lehen mailako onurak lortzearren, zeinek Udalaren jarduerak legitimatzen baitituzte.

Lehen mailako onura -jarduera bakoitzari zentzua ematen diona- onura estrintsekoak -irudi publikoa, botoak lortzea, etab.- ordezten badu, immoraltasunaren eremuan erortzen da, ustelkerian.

Bikaintasuna - Sormena eta berrikuntza

Egindakoa balioestea, akatsak antzeman, konpondu eta prebenitzeko, eta aldatzea eta berritzea, hobetzearren.

Bikaina onaren superlatiboa da. Balio horrek onena, ezin hobea lortzeko gogoa adierazten du, ongi dagoenarekin, edo besterik gabe egoki denarekin etsi beharrean. Bikaintasun profesionala beste urrats bat da lanbidea betetzean, egiten denari zentzu etikoa ematen dion jardunean.

Egiten dena eta egiteko modua kritikoki aztertzeko gauza izatea, lortutako emaitzak eta espero zena alderatzeko, berritzeko, lan egiteko modu berriak bilatzean malguak izateko, akatsak identifikatzeko eta hori eragotziko duten lan-prozedurak sortzeko... Horiek dira hizpide dugun balioa gauzatzeko erak.

Eta Udalak izaera sozialeko ekintzak, herritarrentzako ekintzak bideratzen dituenez, bikaintasunak beste betebehar bat dakar berekin, gardentasunarena.

Azken batean, ezin hobea, onena bilatzea, gardentasunez.

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: