Trafiko isunak - Arau-hausteak eta zigorrak
Isun-zigorrak
Trafiko araudiaren kontrako arau-hausteak diru-isunez zigortuko dira, eta arau-haustearen sailkapenaren araberakoa izango da horren zenbatekoa:
- Arau-hauste arinak 100 euro arteko isunez zigortuko dira.
- Arau-hauste larriak 200 euro arteko isunez zigortuko dira.
- Arau-hauste oso larriak 500 euro arteko isunez zigortuko dira.
Kontuan hartzeko xehetasunak:
- Abiadura-mugak ez errespetatzeagatik egindako arau-hausteak Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko urriaren 30eko 6/2015 LEDen IV. eranskinean xedatutako zenbatekoekin zigortzen da.
- 1.000 euroko isunarekin zigortuko dira hiru arau-hauste mota hauek: arauz finkatutako alkohol-tasak bikoiztuta gidatzea, azken urtean arau-hauste berean berrerortzea, eta gorputzean drogak izanik egindako arau-hausteak.
- 1.000 euroko isunarekin zigortuko da gorputzean alkohola edo drogen presentzia detektatzeko probak egiteari uko egitea.
- Ibilgailuaren titularrak edo errentariak gidaria behar bezala identifikatzen ez badu, jatorrizko arau-hausteari zegokion isunaren bikoitza edo hirukoitza ezarriko zaio: bikoitza arau-haustea arina bazen, eta hirukoitza arau-haustea larria edo oso larria bazen.
- 6.000 euroko isunarekin zigortuko da radar-inhibitzailea edo trafikoa zaintzeko sistemen funtzionamendua oztopatzen duen bestelako mekanismoren bat instalatuta duen ibilgailua gidatzea.
Puntu galera
Arau-hauste larri edo oso larri jakin batzuk eginez gero, puntuak kenduko dira gidatzeko baimen edo lizentzian, isuna administrazio-bidean irmo bihurtzen denean. 6/2015 LEDen II. eta IV. Eranskinetan zehazten da zein diren arau-hauste horiek, eta zenbat puntu kenduko diren halakorik egiteagatik.
Arau-hausteen eta isunen zerrenda (pdf, eguneraketa-data: 2024/05/4).
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.