Gasteizek Bizikletaren Munduko Eguna ospatuko du, Europako hiririk txirrindularienetako bat bihurtuta

2026ko ekainaren 2an argitaratua

Hirian 60.000 joan-etorri inguru egiten dira egunero bizikletaz eta aparkaleku seguruen erabilera % 28 hazi da azken urtean.

Bizikletaren Munduko Eguna bihar, ekainak 3, ospatuko da. Hori dela eta, Vitoria-Gasteizko Udalak bizikletak hiriko eguneroko mugikortasunean betetzen duen zereginari balioa eman nahi dio, eta pertsonentzako hiri-eredu osasungarriago, jasangarriago eta seguruagoarekin duen konpromisoa berretsi.

Bizikleta milaka gasteiztarren eguneroko bizitzaren parte da dagoeneko. Eusko Jaurlaritzaren azken Mugikortasun Inkestaren arabera, hirian 60.000 joan-etorri inguru egiten dira egunero bizikletaz; hau da, banaketa modalaren % 8-9 inguru. Datu horiek 2021. urtekoak izan arren, berriagoak diren beste adierazle batzuek ere hazkundearen joera iraunkorra dela baieztatu dute.

Horietako bat VG Biziz aparkaleku seguruen sarea da. Azken urtean 327.000 erabilera baino gehiago izan ditu, eta aurreko ekitaldian baino % 28 gehiago. Gaur egun, 3.400 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute zerbitzu hori, eta erdiek baino gehiagok onartzen dute bizikleta maizago erabiltzen dutela aparkatzeko leku segurua dutenetik.

Gasteizen bizikleta jada ez da alternatiba bat, milaka pertsonarentzat mugitzeko eguneroko modua da. Gero eta pertsona gehiagok erabiltzen dute lanera joateko, ikasteko, erosketak egiteko edo hirian zehar mugitzeko. Horrek erakusten du urteetan egindako inbertsioak emaitzak ematen ari direla eta benetako kultura ziklista dugula”, nabarmendu du Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.

Gaur egun, hiriak 200 kilometro inguruko bidegorri-sarea du, eta herritarren % 97k etxetik 250 metro baino gutxiagora bizikleta-bidea du erabilgarri. Azpiegitura horri esker, gure mugen barruan zein kanpoan aitortutako mugikortasun-eredua finkatu ahal izan da.

Hain zuzen ere, Gasteizek Ville à Vélo Europako aitorpena berritu du aurten. Aitorpen horrek bizikleta eguneroko garraiobide gisa bultzatzeko konpromisoa duten hiriak bereizten ditu. Gainera, Arabako hiriburua orain gutxi sartu da Copenhagenize Indexen munduko Top 30ean, hiri barruko bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko nazioarteko sailkapen nagusian. Horri esker, postu hori lortu duen Estatuko lehen hiria izan da.

Aitorpen horiek garrantzitsuak dira, hiriak urte askoan egindako lana babesten dutelako. Baina, era berean, gogorarazten digute aurrera egiten jarraitu behar dugula, mugikortasun jasangarria aukeratzen dutenei gero eta azpiegitura hobeak eta erraztasun handiagoak eskaintzeko, gaineratu du Artolazabalek.

Konexio berriak eta azpiegitura gehiago

Udalak hiriko bizikleta-sarea handitzen eta hobetzen jarraitzen du. Azken hilabeteetan konexio eta jarduketa berriak egin dira sarea osatzeko, besteak beste, amaitu berri den Sansomendiko bidegorria, auzoen arteko lotura hobetu eta bizikleta-ibilbideen jarraitutasuna indartzen duena. San Martin auzoko lanek ere aurrera jarraitzen dute, baita Gasteiz hiribideko bidegorri berriaren obrek ere.

Horrez gain, ezin ditugu aipatu gabe utzi Gasteizko jarduera ekonomikoko gune nagusietako batzuekin bizikleta-konexioa indartzeko aukera emango duten proiektuak. Gaur egun aurrera doaz Arabako Parke Teknologikorako eta Jundizko industrialderako sarbideak hobetzeko aurreikusitako jarduketak, Udalak sustatutako Industrialdeetarako Mugikortasun Planaren barruan.

Gainera, VG Biziz aparkaleku seguruen sareak hazten jarraituko du aurten, Santa Luzia eta Zaramaga auzoetan modulu berriak jarrita.

Funtzionatzen duten hiriak aukerak eskaintzen dituztenak dira. Sare segurua, erosoa eta konektatua duelako, edonork bizikleta aukeratu ahal izatea nahi dugu. Orain, gure erronka konexioak hobetzen jarraitzea da, batez ere lantokietara iristeko, gero eta herritar gehiagok bizikleta aukeratu ahal izan dezaten eguneroko joan-etorrietan”, amaitu du zinegotziak.

Jardunaldi hori dela eta, Udalak herritarrak animatu ditu bizikleta eguneroko joan-etorrietarako alternatiba eraginkor, osasungarri eta jasangarri gisa erabiltzen jarraitzera, betiere bizikidetzako eta bide-segurtasuneko arauak errespetatuz.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.