"Crónicas del Viejo Carnaval Vitoriano", lanean, Jesús Escaño Castro idazleak azken bi mendeetan Gasteizko Inauteriei buruz egindako aipamen sakabanatuak bildu zituen, Gasteizen 1820tik 1931ra bitartean argitaratutako egunkari, liburu eta aldizkariak aztertuz eta oharrak hartuz. Gure arbasoek Inauteriak nolako umorez ospatzen zuten gogoratzen du liburuak, eta jaietako giroa eta ohiturak zein une gorena eta gainbehera ahalik eta modurik zehatzenean azaltzen.
1679. urtean dagoeneko ospatzen ziren inauteriak Gasteizen; hain zuzen ere, sasoi hartan igaro zen bertatik Marie Catherine Le Jumel de Barneville bidaiari ospetsua, bere burua Aulnoyko kondesatzat aurkezten zuena. Ditugun arrasto guztien arabera, Aulnoyko kondesa 1679an Gasteizen izan zenean, inauteri garaia zen, eta halaxe azaltzen dio Parisko ustezko lehengusina bati: "Txundituta geratu nintzen, eta biziki harrituta, Plaza Berrira iristean mutil gazteek -berrehunetik gora- osatutako lau talde ikusi nituenean; aurretik turuta eta danbor jotzaileak zeramatzatela, lotsagabekeria alaiz dibertitzen ziren, eta hiria elurtuta zegoela profitatuz, borrokan ari ziren, elkarri "elur bolak" jaurtikiz, bizilagunek liluratuta begiratzen zieten bitartean".
Inauterietako jai alaien tradizioa antzinatik zetorren Gasteizen, eta sustrai sakonak zituen gizarte maila guztietan. Gasteizko Inauterietan kaleak jendez gainezka egoten ziren, "trolla" -Inauterietako zarata tipikoa- zeritzonaren burrunbak erakarrita. Inauteri herrikoian, gazteak kaleetan barrena ibili ohi ziren, "¡A la trolla, a la trolla, a la chibiribom-bom!" oihukatuz, atzetik "borrariak" segika zituztela, haiek beren "maskuri" beldurgarriez jotzen baitzuten jende guztia.
Gasteizen XIX. mendearen bukaeran zegoen inauteri giro horretan sortu ziren gasteiztarren artean hain ezagun diren eta oraindik ere abesten diren bertso alai hauek:
"Los pintores de Vitoriahan terminado ya de pintar,las Estaciones de Achuriy Amara en San Sebastián.
Guía, guía maquinistaa toda velocidadque la máquina del tren se va a parar....
Y nos vamos a Vitoriaa pasar el Carnaval"
Iturria: Jesús Escaño Castro. "Crónicas del Viejo Carnaval Vitoriano". Argitaratzailea: Gasteizko Udala. 1992
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.