Zer dira aurrekontuak - Egiteko prozesua
Zein da aurrekontuak egiteko prozesua?
- Udaleko alkate lehendakariak taxutzen ditu aurrekontuak, behar diren jarraibide ekonomikoak eman baititzake hurrengo ekitaldirako aurrekontuak lantzeari dagokionean.
- Erakunde autonomoek (Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioa, Luis Aranburu Udal Musika Eskola, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia) igortzen diote alkateari aurrekontu proposamena.
- Merkataritza erakunde autonomoek eta sozietate publikoek (AMVISA, TUVISA, 21 Zabalgunea eta GILSA) igortzen diote alkateari dokumentazio ekonomikoa. Kontabilitate egoera horiek abiapuntutzat harturik, aurrekontuaren egitura ekonomikoari dagozkionak taxutzen ditu alkateak, gutxienez artikulu mailan.
- Aurrekontuak eta aurreikuspen egoerak oinarritzat hartuta, alkateak, gobernu taldearekin batera, zirriborro bat egiten du (aurrekontu orokorren proiektua), eta, arauzko izapideei ekin aurretik, udalbatzara igortzen du - eranskin guztiak barne, baita kontu-hartzailearen txostena ere-, bertan onartu, zuzendu edo atzera bota dadin.
- Oposizioko zinegotziek zirriborroa aztertu eta gobernu taldearekin eztabaidatzen dute, guztion artean zenbait puntu adostea lortze aldera. Udal taldeek zuzenketa partzialak nahiz osoarekikoak aurkez ditzakete.
- Hasierako onespenaren erabakia bakarra izan behar da, eta aurrekontu orokorra osatzen duten aurrekontu guztiak zehaztu, ezingo baita bat ere bereiz onetsi. Aurrekontu orokorra osatzen duten aurrekontuak hasierako defizitik gabe onetsi beharko dira.
- Aurrekontu orokorrari hasierako onespena ematen zaiolarik, iragarkia argitaratzen da ALHAOn.
- Iragarkia ALHAOn argitaratzeaz batera, aurrekontu orokorra jendaurrean jartzen da, 15 egunez, herritarrek aztertzerik eta udalbatzaren aurrean erreklamazioak aurkezterik izan dezaten. Erreklamaziorik aurkeztu ezean, behin betiko onetsitzat joko da. Aurkezten badira, hilabeteko epea du udalbatzak, ebazteko.
- Aurrekontua zein ekitalditan aplikatu behar den, aurreko urteko abenduaren 31 baino lehen eman behar dio behin betiko onespena udalbatzak.
- Behin betiko onespena jasotzen duen aurrekontu orokorraren laburpena, osatzen duten aurrekontuetako bakoitza bereiz, ALHAOn argitaratzen da. Behin betiko onespena jaso duen aurrekontu orokorraren kopia igortzen zaio Foru Aldundiari, administrazio eskudunei bidal diezaien.
Behin betiko onespena ematen zaionetik eta aurrekontu ekitaldia bukatu arte, herritarren eskura egon behar dute, informazio ondorioetarako.
Dagokion ekitaldian jartzen da indarrean aurrekontua, argitaratu ondoren.
Ekitaldi bati dagozkion aurrekontu orokorrak ez badira indarrean jartzen hura hasten denerako, besterik gabe luzatutzat jotzen dira aurreko ekitaldikoak.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.