Bide Segurtasunaren Udal Plan Estrategikoa – Segurtasun-Elementuak: Uhalak Eta Haurrak Lotzeko Sistemak

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legea

47. artikulua.- Segurtasun-uhala, kaskoa eta gainerako segurtasun-elementuak

Ibilgailu motordunen eta ziklomotorren gidariak eta bidaiariek segurtasun-uhala, kaskoa eta gainerako segurtasun-elementuak erabili behar dituzte, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

Zirkulazio Araudi Orokorra.

117. artikulua.- Homologatutako segurtasun-uhala eta haurrak lotzeko sistemak beti segurtasun-gerrikoa

1.- Ibilgailuetako gidariak eta bidaiariek homologatutako segurtasun-uhalak erabili behar dituzte derrigorrez, hiri barruko zein hiriarteko bideetan, eta behar bezala lotuta. Betebehar hori, segurtasun-uhalei dagokienean, ez da nahitaezkoa izango instalatuta ez dituzten ibilgailuetan.

Edonola ere, 135 zentimetroko edo gutxiagoko altuera duten adingabeek haurrak lotzeko sistemak erabili behar dituzte eta ibilgailuan jartzeko orduan, hurrengo ataletan ezarritakoa bete behar dute.

2. Bederatzi plazatik (gidaria barne) gorako ibilgailuetan, gidariak, talde-gidariak edo taldeko ardura daukan pertsonak bidaiariei jakinaraziko die segurtasun-uhalak edo haurrak lotzeko beste sistema homologatu batzuen bidez derrigorrez lotuta eraman behar dituztela, horretarako erabilita, dela ikus-entzunezko baliabideak, dela IV. eranskineko ereduarekin bat datozen kartelak edo piktogramak erabiliz, aulki bakoitzean ondo ikusteko lekuren batean.

Ibilgailu horietan, 1. ataleko bigarren paragrafoak aipatzen dituen hiru urte edo gehiagoko bidaiariek beren altuerari eta pisuari egokitutako haurrak lotzeko sistema homologatuak erabili behar dituzte. Horrelako sistemarik eduki ezean, segurtasun-uhalak erabili behar dituzte, baldin eta beren altuerarako eta pisurako egokiak badira.

3.- Bederatzi plazara arteko (gidaria barne) ibilgailuetan, 1. ataleko bigarren paragrafoak aipatzen dituen bidaiariek beren altuerari eta pisuari egokitutako haurrak lotzeko sistema homologatuak erabili behar dituzte.

Bidaiari horiek atzeko eserlekuetan joan behar dute. Salbuespen gisa, aurreko eserlekuan joan ahakol dira, baldin eta beren altuerari eta pisuari egokitutako haurrak lotzeko sistemak erabiltzen badituzte, egoera hauetan:

1. Ibilgailuak atzeko eserlekurik ez duenean.

2. Atzeko eserleku guztietan 1. ataleko bigarren paragrafoak aipatzen dituen adingabeak daudenean.

3. Eserleku horietan haurrak lotzeko sistema guztiak jarri ezin direnean.

Aurreko eserlekuetan jarrita badaude eta ibilgailuak aurreko airbag-sistema badauka, atzera begirako lotzeko sistemak erabili ahal izateko, airbag-sistema desaktibatu egin behar da.

4.- Haurrak lotzeko sistemak ibilgailuan instalatzean betiere fabrikatzaileak, eskuliburu, liburuxka edo argitalpen elektroniko baten bidez emandako jarraibideei jarraitu behar zaie. Jarraibideetan azalduko da nola eta zein ibilgailu motatan erabil daitezkeen modu seguruan.

5. Segurtasun-uhalik eta haurrak lotzeko beste sistema homologatu batzuk instalatuta ez izatea edo ez erabiltzea arau-hauste larria edo oso larria izango da, testu artikulatuaren 65 artikuluak 4.h) eta 5.ll) ataletan, hurrenez hurren, ezarritakoaren arabera.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.