Kirol-ekitaldiak antolatzeko baldintza teknikoak

Dokumentu honetan jasotako baldintza tekniko orokorrak, Udaleko hainbat sailek ezarritakoak, kirol-ekitaldi guztietan aplikatu behar dira. Unea iristen denean, dagokien sailei kontsultatu beharko diezu; horiek, eskatutako jardueraren arabera, beharrezko neurri zuzentzaile zehatzagoen berri emango dizute.

1. Baldintza orokorrak

1.1 Araudiak

Araudi autonomikoa

Ekitaldiak antolatzerakoan segurtasun-neurri guztiak betetzen direla bermatzeko, otsailaren 5eko 17/2019 Dekretua(Beste leiho batean irekiko da) —Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duena— bete behar da, honako baldintza hauek arautzen dituena:

  • Botikina (74. artikulua)
  • Anbulantziak (71. artikulua)
  • Harmailak eta bestelako egitura eramangarriak (97. artikulua)
  • Publizitatea (III. kapitulua)
  • Ekitaldia egiteko baimena eskuratzeko, kanpoko zein barruko espazioaren okupazio-tasa ordaindu beharko da, ordenantza fiskalen arabera. Antolatzaileek tasak ordaintzetik salbuesteko eskatu dezakete.
  • Jardueraren eskatzailea arduratuko da instalazioaz, zeinak sektorean aplikatzekoa den araudiak eskatutako baimenak eta agiriak eduki beharko baititu.
  • Ezingo da baimendutakoaz beste elementurik instalatu, ezta adierazitako jardueraz besterik egin ere.
  • Eskatzaileak ezarritako ordutegia bete behar du.
  • Udalak edozein unetan egiaztatu dezake aplikatzekoa den araudian jasotako baldintzak betetzen direla, ikuskaritza bidez.
  • Udalak emandako lizentzia baliogabetu ahalko du, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik gabe, ordena publikoko edo interes orokorreko arrazoirik bada, edo baldintzak betetzen ez badira.
  • Eskatzaileek datu hauek jarri beharko dituzte ikusgai, jendeak zein ikuskatzaileek erraz ikusteko moduan:
    • Udalaren baimena.
    • Jarduerak eragindako erreklamazioak jasotzeko helbidea.
    • Erreklamazio-orriak, uztailaren 1eko 142/2014 dekretuaren araberakoak —kontsumoko erreklamazio-orriei eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexa, erreklamazio eta salaketei erantzuteko prozedurari buruzkoa—.

Musika eta megafonia

Espazio publikoetan eta udal-instalazioetan musika erabiltzeko Jabetza Intelektualaren Legea bete behar da. Entitate antolatzaileak erabilera horren ondoriozko erantzukizunetik salbuetsiko du Gasteizko Udala. Horretarako, erantzukizunetik salbuesteko dokumentu bat bete beharko du.

Elikagai-instalazio ez-iraunkorrak eta jarduera gastronomikoetarako instalazioak

(Ikus 7. Osasun Publikoaren Zerbitzuaren baldintzak)

Entitate antolatzaileak elikagaiak banatu nahi baditu, osasun-memoria bat bete beharko du. Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuak balioztatuko du memoria hori, eta baimena emateko oinarri hartuko ditu elikagaiaren eta egin beharreko jardueraren arabera aplikatu beharreko elikadura-legeria:

  • 852/2004 Erregelamendua, elikagaien higieneari buruzkoa (III. Eranskina).
  • Gasteizko udalerrian salmenta ibiltaria arautzeko Udal Ordenantza.
  • Kirol-instalazioetan egiten diren jarduerei dagokienez, Gizarte Etxe eta Kirol Instalazioen Araudiak adierazten du debekatuta dagoela gizarte-etxeen eta kirol-instalazioen barruan jatea, berariaz baimentzen diren jardueretan eta kafetegirako guneetan izan ezik.

1.2 Aseguruak

Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legeak(Beste leiho batean irekiko da), 87. artikuluan, erantzukizun zibileko asegurua izateko betebeharra ezartzen die kirol-ekitaldien antolatzaile guztiei.

Aseguruak honako gutxieneko estaldura hauek eskaini beharko ditu:

  • Udalaren instalazioetako kalteak eta langileenak estaliko ditu polizak. Udala aseguratu gehigarri gisa agertuko da, hirugarrenaren izaera galdu gabe. Aseguru horrek ezingo du biktima bakoitzeko azpimuga bat ezarri, lan-istripuen erantzukizun zibilaren estaldura baino handiagoa, eta gutxienez 300.000 eurotik beherako erantzukizun zibila izango du, ekitaldia antolatzearen ondorioz hirugarrenei eragindako kalteengatik: 300.000 € (700 laguneko edukiera arte) / 500.000 € (1.500 laguneko edukiera arte) / 700.000 € (5.000 laguneko edukiera arte) / 1.200.000 € (10.000 laguneko edukiera arte).
  • Ikuskapenaren eta dagozkion baimenak izapidetzearen ondorioetarako, erantzukizun zibileko aseguru-polizaren kontratazioa aseguru-etxearen edo -artekaritzaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da soilik, martxoaren 25eko 44/2014 Dekretuaren arabera —jolas-jarduerak eta ikuskizun publikoak burutzeko eska daitezkeen erantzukizun zibileko aseguruak arautzen dituena—, azaroaren 10eko 4/1995 Legeari dagokionez (1995eko abenduaren 1eko EHAA). Poliza horren gutxieneko edukia, aseguratutako objektuaren arabera, honako hau izango da:
    • Aseguru-etxearen edo -agentearen eta haren ordezkari gisa jarduten duen pertsonaren identifikazioa.
    • Aseguru-polizaren zenbakia.
    • Berariaz aipatzea erantzukizun zibilaren estaldura eta aseguruaren indarraldia.
    • Antolatu nahi den ikuskizuna edo jarduera edo ireki nahi den establezimendua identifikatzea.
    • Ikuskizuna edo jarduera antolatzekoa den udalerria eta lurralde historikoa.
    • Ikuskizun edo jardueraren data eta ordua, eta, hala badagokio, zein lokaletan egingo den edo establezimendua zein egunetan irekiko den.
    • Ikuskizuna edo jolas-jarduera antolatzen duen entitatearen identifikazioa.
    • Hala badagokio, egingo den lokalaren identifikazioa.
    • Berariaz aipatzea ikuskizunaren, jolas-jardueraren edo establezimenduaren aseguramendua.
    • Berariaz aipatzea lokalaren aseguramendua, aseguratutako objektua denean.
    • Kapital aseguratuaren zenbatekoa, eta frankiziarena, hala badagokio.
    • Berariaz aipatzea 44/2014 Dekretuaren zein artikulu hartu duen oinarri polizak.
    • Ziurtagiriaren jaulkipen-data, titularrak edo legezko ordezkariak sinatuta.

1.3 Baldintza elektrikoak

  • Udalaren edozein koadro edo instalazio elektriko erabiltzeko, antolatzaileek instalatzaile baimendu bat izan behar dute, eta Udalari nor den adierazi; instalatzailea harremanetan jarriko da Udalaren zerbitzu elektrikoekin.
  • Instalazio elektriko oro behar bezala babestuta egon behar da, pertsonek (oinezko, ibilgailu-gidari...) kalterik, istripurik edo erorikorik izan ez dezaten, eta ondasunek ere kalterik izan ez dezaten, bereziki ekimena zoru gainean egitekoa bada (galtzada, kirol-zoladura, lorategiak, etab.); beraz, seinaleztapen- eta babes-elementu egokiak eta nahikoak erabili beharko dira.
  • Edozein instalazio elektriko erabiltzeko —eta hori eskatzailearen kontura joango da oso-osorik—, elektrizitatea hornitzen duen enpresetako batekin (Iberdrola, adibidez) jarri beharko da harremanetan.
  • Behe tentsioko elektrizitate instalazioekin lanean aritzeko baimena duten profesionalak arduratu beharko dira aldi baterako edo behin-behineko instalazio horietan egin beharreko lanez, eta beti ere Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoak (BTEE) agindutakoa betez.
  • Behin lanak amaitu, instalazioak muntatu eta hasierako egiaztapen eta ikuskapenak egin direlarik, eta edozein jarduerari hasiera eman baino lehen, instalatzaile baimenduak behe tentsioko elektrizitate instalazioaren ziurtagiriak (CIEBT edo “boletin” delakoa) bidali beharko ditu Espazio Publikoaren eta Natur Ingurunearen Zerbitzura, betiere Administrazioak ezarritako ereduen arabera, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailean erregistratu. Dagozkien baldintza tekniko eta administratibo guztiak bete beharko dituzte; derrigorrezko eskakizun hori bete ezean, ez du indarrik izango eskuratutako baimenak. Gutxienez alderdi hauek hartu beharko ditu barne:
    • Instalazioaren ezaugarri nagusiei buruzko datuak.
    • Instalazioaren aurreikusitako potentzia.
    • Hala badagokio, hasierako ikuskapena aldeko emaitzarekin egin duen kontrol-erakundearen egiaztagiriaren erreferentzia.
    • Instalazioaz arduratu den instalatzaile baimenduaren identifikazioa.
    • Instalazioa Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoaren (BTEE) aginduak jarraituz egin dela adierazten duen berariazko aitorpena, eta, halakorik bada, dena delako elektrizitate konpainiaren berariazko adierazpenak ere kontuan izan direla, eta dagokionaren arabera, proiektuaren edo Diseinu Txosten Teknikoarekin bat egin dela; agiri guztiak Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailean erregistratuta egongo dira, eta eskakizun tekniko eta administratibo guztiak bete beharko dituzte.

1.4 Ekipamendu elektrogenoak

  • Oro har, eta berariazko baimenik izan ezean, ez da ekipamendu elektrogenoen erabilera baimenduko.
  • Honako kasuetan baimendu ahalko da ekipamendu elektrogenoen erabilera:
    • Elektrizitate hornikuntza ezin denean energia-enpresen bidez eskuratu, edo bereziki zaila denean.
    • Sorgailuaren gehienezko potentzia honako denean:
        • Gehienezko potentzia: 8 KVA / 6400 W
        • Potentzia nominala: 7 KVA / 5600 W
  • Kasu horretan, sorgailuaren potentzia adierazitakoa edo txikiagoa denean, ez da beharrezkoa izango behe-tentsioko instalazio elektrikoen ziurtagiria (CIEBT edo “instalatzaile buletina”) aurkeztea.
  • Jarduera zehatz honi dagokionez, (adierazi zenbat)-(e)ko Gehienezko potentziako /Potentzia nominaleko sorgailuak erabiltzeko, behe-tentsioko instalazio elektrikoen ziurtagiria (CIEBT edo “instalatzaile buletina”) aurkeztu beharko da, instalazioa BTEE-en aginduen arabera egin dela eta, hartara, segurtasuna bermatuta dagoela ziurtatzeko.
  • Instalatutako sorgailuek ezingo dute 75 dB-A-ko soinu-maila gainditu, horiengandik 2 metrora neurtuta. Muga hori gainditzen badu, kabina intsonorizatua erabili beharko da.

1.5 Segurtasun pribatua

Segurtasun pribatuaren kontratazioari dagokionez, Segurtasun Pribatuari buruzko apirilaren 4ko 5/2014 Legean eta hura garatzen duen Erregelamenduari buruzko 2364/1994 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko da, baita dagozkion ministro-aginduetan eta garatzeko araudian ezarritakoa ere, lege hori urratzen ez den guztian.

2. Kirol Zerbitzuaren baldintza orokorrak
  • Entitate eskatzailearen kontura izango dira baimen eta lizentziak eskuratzeko tramiteak eta gastuak, baita instalazioan burutzen den ekitaldiaren ondorioz ordaindu beharreko egile-eskubideak, publizitatea eta zerga oro ere.
  • Halaber, antolatzailearen kontura izango dira muntatze- eta desmuntatze-lanei dagozkien gastuak —agertokia, tribunak, kantxa estaltzekoak jarri eta kentzea, aulkiak, hesiak, materialaren garraioa eta abar—, baita zerbitzu eta kontratuei dagozkienak ere —zaintza, kantxa eta leihatiletako langileak eta abar—, eta, era berean, aurretik aipatu ez arren sor litekeen beste edozein ordainketa edo gastu ordaindu beharko dute, baldin eta Gasteizko Udalaren betebeharra ez bada.
  • Ekitaldiaren antolatzailearen eta ez beste inoren ardura da jendaurreko ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruzko araudi guztia betetzea.
  • Ezingo da instalazioko segurtasun-sistemetako bat ere deskonektatu, manipulatu edo aldatu (ke-detektagailuak, suteen eta lapurreten aurkako alarmak, larrialdietako ateak, etab.). Antolatzailearen ardura izango da kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzea —zehazki, gizarte-etxe eta kirol-instalazioei buruzkoa—, eta bereziki gogoraraztekoak dira honako hauek:
    • Debekatuta dago instalazio publikoetan erretzea.
    • Debekatuta dago kirol-instalazioetan alkohola saldu, eman edo kontsumitzea.
    • Behar izanez gero, plastikozko ontziak erabili behar dira instalazioetan edariak zerbitzatzeko.
  • Ekitaldiari ekin aurretik zegoen bezala utzi beharko du instalazioa eskatzaileak, baita hura libre uzteko jarritako ordua errespetatu ere. Ekitaldia bukatu ondoren antolatzaileek edo enpresa laguntzaileek instalazioan osagairik edo materialik ahazten badute, eta 7 egun naturaleko epean eramaten ez badute, zabortzat joko da.

2.1 Beroaren aurkako Udal Plana

Bero Plana aktibo egoten da ekainaren 1etik irailaren 30era. Horregatik, ekitaldien antolatzaileak:

  • Derrigortuta daude Euskalmeten alerta meteorologikoen zerbitzuan alta ematera, tenperatura altuei buruzko informazioa jasotzeko; dagozkien protokoloak garatu behar dituzte; beharrezko baliabideak eskuratu behar dituzte; eta langileak informatu eta sentsibilizatu behar dituzte, tenperatura altuak dauden aldietarako protokoloak jarraitu eta gomendioak bete ditzaten.
  • Arreta handia jarri beharko diete tenperatura altuei aurre egiteko idatzitako gomendioei. Gomendio horiek Gasteizko Udalaren webgunean daude jasota: Bero-plana - Udalaren gomendioak.
3. Bide Publikoari buruzko baldintza orokorrak
  • Babes neurriak hartuko dira zuhaitzek, landareek, belardiek eta hiri altzariek kalterik ez izateko.
  • Ezingo da zoruan ezer ainguratu, eta behar bezala babestu beharko da hura.
  • Oinezkoak eta larrialdietako ibilgailuak igarotzeko besteko lekua utzi beharko da.
  • Oro har, zoruan ez da inolako seinaleztapenik jarriko pinturaz. Seinaleztapen motaren bat egin behar izanez gero, aldez aurretik eskatu eta horretarako baimena lortu behar da; seinaleztapena egiteko baldintzak ezarriko dira (zinta itsaskorra, pintura ez iraunkorra eta abar).
  • Ez dago baimenduta inolako artifizio piroteknikorik erretzea edo jaurtitzea, salbu eta aldez aurreko berariazko baimena eman badu Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak(Beste leiho batean irekiko da), edo, hala badagokio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak ezarritako baldintza espezifikoak betez.
  • Beharrezkoa bada, antolatzaileek mahai-aulkiak guztiz edo zati batean kentzeko eskatu beharko dute –garaiz eskatu ere–, baita mahai-aulkietako batzuk okupatu beharreko espaziora egokitu daitezen ere.
  • Zoruan, berdeguneetan, hiri altzarietan edo beste edozein osagaitan kalterik eraginez gero, antolatzaileen ardura izango da egindako kaltea konpontzea; gorde egingo da bermea, benetan konpondu arte.
  • Antolatzaileak berak edo erantzukizun zibileko aseguruaren kargura kalteak konpontzen ez baditu, Udalak ofizioz konponduko ditu, zuzenean edo enpresa kontratatuen bidez, eta konponketari dagokion zenbatekoa bermetik kenduko du; gastuak jarritako bermea baino handiagoak badira, hori ordaintzeko eskatuko da, hala egin ezean premiamendu bidera joko dela ohartarazita.
  • Edonola ere, kalte-ordaina ordaindu beharko zaio Udalari, eragindako kalte guztien balioan; horretarako, behar diren txosten teknikoak egingo dira aurretiaz.
  • Udaltzainen aginduak bete beharko dira une oro.

3.1 Pintura espazio publikoan:

  • Debekatuta dago zoladura markatzea.
  • Oro har, ez da baimenik ematen espazio publikoan pintura-lanak egitea dakarten jarduerak egiteko.
  • Ezohiko baimena eskuratuz gero, klarionak edo esprai topografikoak erabiliko dira.

3.2 Zamalanetarako eta ibilgailuak aparkatzeko baimena

  • Ibilgailuak sartu eta aparkatzeko baimen oro ibilgailuaren barruko aginte-panelean jarriko da, kanpotik ikusteko moduan.
  • Zamalanetarako izan ezik, ezingo da ibilgailurik sartu; jarduerak irauten duen bitartean, ezingo da ibilgailurik aparkatu zolatutako eremuan, baina jardueraren aurretik bai, Herritarren Segurtasunaren Saileko Udaltzaingoak edo Trafiko Zerbitzuak berariaz baimendutako lekuetan.
  • Sartu eta aparkatu nahi diren ibilgailuen baimendutako gehieneko masa 7,5 tonatik gorakoa bada, garaiz ohartarazi beharko da horretaz, eta goiko paragrafoan adierazitako zerbitzuek berariaz baimendu beharko dute.

3.2.1 Plaza Berria

  • Ezingo da plazaren barruko esparruan ibilgailurik ibili, ezta aparkatu ere; zamalanak Posta kaletik edo zirkulaziorako kanpoaldeko bidetik egin beharko dira.
  • Ibilgailuak, oro har, Agirre Lehendakariaren kaletik sartuko dira Plaza Berrira. Salbuespen gisa, eta berariazko baimenarekin, ibilgailuak Agirre Lehendakariaren kaleko arkutik sartzen ez badira Posta kaletik edo Andre Maria Zuriaren plazatik sar daitezke, ibilgailuaren eta arkuen neurriak egiaztatu ondoren.

3.2.2 Andre Maria Zuriaren plaza

  • Ezingo da ibilgailuekin igaro plazako zoruan dauden iturrien gainetik.
  • Ezingo da plazan ibilgailurik aparkatu; zamalanak Posta kaletik egin beharko dira.

3.2.3 Santa Barbara plaza (Jesus Guridi) eta Alamedako Markesaren plaza

  • Xafla metalikoak jarri beharko dira zoladura babesteko.
  • Ezingo da plaza horietako oholtzetatik ibilgailuekin igaro ezta bertan aparkatu ere.

3.3 Garbiketa eta hondakinen kudeaketa (lizentzia sinpleak)

  • Ezingo da kartelik jarri Udalak berariaz ezarritako lekuetatik kanpo eta, zehazki, adierazpen librerako paneletan jarri beharko dira; horrela egin ezean, utzitako bermetik kenduko dira garbiketa-gastuak (kartelak kentzea). Hori guztia, Garbiketari eta Hondakinen Bilketa eta Garraioari buruzko Ordenantzan ezarritakoaren arabera.
  • Oro har, ekitaldiaren antolatzaileak arduratuko dira erabilitako gunea garbitzeaz eta jardueraren ondorioz sortzen diren hondakinak biltzeaz; jarduera bukatutakoan lekua garbi eta erabiltzeko moduan utzi beharko da.
  • Antolatzaileek garbitzeko eta hondakinak kudeatzeko ezarri zaien betebeharra betetzen ez badute, betearazteko administrazio-prozedura abiaraziko da. Premia edo betebehar atzeraezinak direla eta eremua garbitzea beharrezkoa bada, udal zerbitzuek garbituko dute, jarritako bermearen kontura, eta langile, makina eta orduen prezioen balioespen teknikoaren arabera kalkulatzen den diru-kopuruak bermea gainditzen badu, kopuru hori ordainaraziko da, dagokion ordainagiria eginda.
  • Ostalaritza- eta elikadura-jarduerek (txurro-dendak eta antzekoak) nahitaez kudeatu beharko dute lanerako erabili duten sukaldeko olio guztia, dela nork bere kasa kontratatutako kudeatzaile baimendunaren bitartez, dela Gasteizen landare-olioa edukiontzien bidez biltzeko zerbitzuaren enpresa esleipendunaren bitartez. Enpresa horrek hondakin mota hori biltzeko beharrezko edukiontziak utziko ditu, erabat doan, eta gero jaso egingo du, jardueraren arduradunak eskatu ostean.

3.4 Garbiketa, hondakinen kudeaketa eta jasangarritasuna (ekitaldi garrantzitsuak)

  • Ezingo da kartelik jarri Udalak berariaz ezarritako lekuetatik kanpo eta, zehazki, adierazpen librerako paneletan jarri beharko dira; horrela egin ezean, utzitako bermetik kenduko dira garbiketa-gastuak (kartelak kentzea). Hori guztia, Garbiketari eta Hondakinen Bilketa eta Garraioari buruzko Ordenantzan ezarritakoaren arabera.
  • Oro har, ekitaldiaren antolatzaileak arduratu beharko dira erabilitako gunea garbitzeaz eta jardueraren ondorioz sortzen diren hondakinak biltzeaz; erabilitako lekuak garbi eta erabiltzeko moduan utzi beharko dira ekitaldia amaitutakoan.
  • Antolatzaileek garbitzeko eta hondakinak kudeatzeko ezarri zaien betebeharra betetzen ez badute, betearazteko administrazio-prozedura abiaraziko da. Premia edo betebehar atzeraezinak direla eta eremua garbitzea beharrezkoa bada, udal zerbitzuek garbituko dute, jarritako bermearen kontura, eta langile, makina eta orduen prezioen balioespen teknikoaren arabera kalkulatzen den diru-kopuruak bermea gainditzen badu, kopuru hori ordainaraziko da, dagokion ordainagiria eginda.
  • Ostalaritza- eta elikadura-jarduerek (txurro-dendak eta antzekoak) nahitaez kudeatu beharko dute lanerako erabili duten sukaldeko olio guztia, dela nork bere kasa kontratatutako kudeatzaile baimendunaren bitartez, dela Gasteizen landare-olioa edukiontzien bidez biltzeko zerbitzuaren enpresa esleipendunaren bitartez. Enpresa horrek hondakin mota hori biltzeko beharrezko edukiontziak utziko ditu, erabat doan, eta gero jaso egingo du, jardueraren arduradunak eskatu ostean.

Gainera, “Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea”(Beste leiho batean irekiko da) betetzeko bidean aurrera egiteko, neurri hauek abian jartzea gomendatzen da, hondakin gutxiago sortzeko eta sortutako hondakinak neurri handiagoan birziklatzeko:

Ekitaldia prestatzeko fasean:

  • Antolakuntzako langile eta kideei prestakuntza eskaintzea hondakinen bereizketaren eta bilketa-azpiegituren erabileraren inguruan.
  • Behar bezala dimentsionatzea ekitaldian sortzen diren hondakinen tipologia eta sortutako hondakin guztien kudeaketa bereizia egiteko beharrezko azpiegitura.
  • Hondakinen gaikako bilketarako prozedura definitzea.
  • Hornigaiak erostea parte-hartzaileen behin betiko kopurua jakindakoan.

Ekitaldian:

  • Hondakinen sailkapena sustatzea.
  • Bertaratutakoei eta/edo parte-hartzaileei aurrez jakinaraztea paperontzi eta edukiontzien kokapena.
  • Lehiaketen araudietan gehitzea betebeharra dela hondakin mota oro horretarako adierazitako lekuetan uztea.
  • Jarritako paperontzi eta edukiontzien betetze-maila aldian behin egiaztatzea, eta behar bezala erabiltzen direla ziurtatzea.
  • Kosta ahala kosta eragoztea hondakin-mota guztien edukiontzi selektiboetan ez dagozkien materialak egotea.
  • Edukiontziak guneetan multzoka jartzea, erraz identifikatzeko moduko argibideekin eta koloreekin.

Ekitaldia egin ondoren:

  • Ekitaldiko materialak, berrerabil daitezkeenak, bereiz jasotzea. Antzeko beste ekitaldi batzuetarako berrerabil badaitezke, zaintzen direla bermatu behar da; bestela, jarri harremanetan Gasteizko Udalarekin, Reutilizagune zerbitzuaren bidez bigarren bizitza bat ematen saiatzeko.
  • Ziurtatzea baimendutako kudeatzaileek hondakinak bildu eta behar bezala kudeatzen dituztela, birziklatzeari lehentasuna emanez.
  • Bermatzea ez dela littering delakoa —hondakinak edukiontzietatik kanpo botatzea— gertatzen.
  • Ekitaldiaren ondoren garbiketa bermatzea, erabilitako espazio publikoa hasierako egoera berean utzita.

Beste jarduketa batzuk:

  • Publizitatea diptiko, flyer edo antzeko formatuan banatzen dela saihestea.
  • Iturriko uraren kontsumoa sustatzea, ur mineralaren ordez.
  • Ontzi gutxiago sortzea:
      • Ontzi indibidualen erabilera saihestea, eta ontziratu gabeko —edo bilgarri gutxiago duten— produktuak aukeratzea.
      • Lehentasuna ematea ontzi berrerabilgarriak eta itzultzekoak erabiltzeari.
      • Ur botilatxoen edo bestelako edari indibidualen erabilera murriztea.
      • Erabilera bakarreko plastikoak dituzten opariak banatzea saihestea.
      • Plastikozko geruza (PE) duten kartoizko edalontzien ordez, plastiko konpostagarria dutenak erabiltzea, edo edalontzi berrerabilgarriak —berme bidez itzultzea ziurtatuz—.
      • Plastiko bigunen kontsumoa murriztea: filmak, PP ontziak (jogurtak), seinaleztapen-bandak, etab.
      • Erabili eta botatzeko ontziteria saihestea.
      • Plastikoen ordez, inpaktu gutxiagoko materialak lehenestea, hala nola kartoia eta beira.
      • Plastikozko poltsen banaketa eta erabilera murriztea.
      • Konfetien erabilera saihestea eta plastikozko elementuak edo bestelako hondakinak sakabanatzea saihestea.
      • Banatu gabeko produktuak dohaintzan ematea.

3.5 Ur- eta/edo saneamendu-hartuneak

  • AMVISA enpresak eskatu eta baimendu beharko du ur- eta/edo saneamendu-hornidura.
  • Saneamendu-hustubideak estolderia-sare publikoko putzu batera bideratu beharko dira, eta, ahal bada, instalazioaren barruan geratuko dira.

3.6 Estazio erradioelektrikoak (telefonia mugikorreko errepikagailuak) behin-behinean instalatzeko lizentziak

  • Espazio publikoa okupatzeko lizentzia behar da, dagokion tasa ordainduta eta bermea jarrita.
  • Funtzionamendu-proiektua aurkeztu behar da Industria, Energia eta Turismo Ministerioan, Telekomunikazioetako Zuzendaritza Nagusian (erregistroan telematikoki aurkeztu daiteke).
4. Trafiko Zerbitzuaren baldintzak

Ekitaldiak egiteko aparkalekuak okupatzen badira, honako hau hartu beharko da kontuan:

  • Izaera urbanoko bideetako erabilera, trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautzen dituen Udal Ordenantzaren arabera, “baldin eta udal jardueraren ondorioz edo udal baimena dela tarteko mugikortasun murriztua duten pertsonentzat erreserbatutako aparkaleku bat edo hainbat hartu edo kentzen badira, beste horrenbeste jarri beharko dira inguruan”. Hau da, ahal den neurrian, plaza horiek eta haietarako sarbideak errespetatu beharko dira; hala egin ezean, ondoko eremuetan ezaugarri berberak dituzten plaza kopuru bera gaitu beharko da behin-behinean, seinaleztapen egokia izango dute eta irisgarriak izango dira.
  • Errespetatu egin beharko da aparkaleku-eremuetan kokatutako ibilgailuentzako kargalekuetarako sarbide segurua.
  • Zamalanetarako eremuak, okupazioek eragindakoak, inguruan kokatu beharko dira behin-behinean, kopuru egokia bermatuta.
  • Kontuan hartu beharko dira okupatzekoa den eremuan egon daitezkeen erreserba pribatiboak, eta horien kontzesiodunekin harremanetan jarri beharko da alternatiba bideragarriak adosteko.
  • Landatxoko aparkalekuan ekitaldiak daudenean, ekitaldia antolatzen duen kanpoko antolatzaileak edo udal-sailak ordainduko du Alde Zaharreko bizilagunentzako Artiumeko aparkalekuen kostua.
  • Kontuan hartu beharko dira larrialdietarako eta suhiltzaileentzako sarbideak: irisgarritasuna mantendu beharko da edo Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuarekin alternatibak adostu beharko dira.
  • Une oro errespetatu beharko da pasabideen sarbideetako segurtasuna.
  • Une oro errespetatu beharko dira Udaltzainen aginduak.
5. Udaltzaingoaren baldintzak

Galtzadak ibilgailu motordunen joan-etorrietarako diseinatuta daude batez ere, Trafiko araudietan ezartzen den bezala, baina baldintza espezifikoetan kirol-ekitaldiak egiteko aukera dago. Ekitaldi horiek antolatzeko trafiko-arauak aldi baterako aldatu behar dira, parte-hartzaileen eta, oro har, publikoaren segurtasuna bermatzeko.

Aplikatzekoa den araudia

Hona hemen kirol-ekitaldietarako bide publikoen erabilera arautzen duten lege eta erregelamendu nagusiak:

  • 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua eta 1428/2003 Errege Dekretua, Trafikoari buruzko Legea eta Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra onartzen dituztenak.
  • Eusko Jaurlaritzaren legeak, hala nola Jendaurreko Ikuskizunen 10/2015 Legea eta Erantzukizun Zibileko Aseguruei buruzko 44/2014 Dekretua.
  • Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) jarraibideak, hala nola 18/TV-101 eta MOV 2024-05, ekitaldi horiek egiteko baldintzak zehazten dituztenak.

Kirol-ekitaldien sailkapena

Oro har, bi kirol-proba mota daude:

  • Kirol-proba lehiakorrak (PL): Parte-hartzaileak lehiatu egiten dira marka edo posiziorik onena lortzeko.
  • Proba ez-lehiakorrak (PE): Jolas-jarduerak barne hartzen ditu, hala nola lehiaz kanpoko bizikleta-martxak, baina bide publikoen erabilera ekar dezakete.

Kirol-proba lehiakorren baldintza orokorrak

Proba horiek Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren II. Eranskineko arauek arautzen dituzte, zeinak honako xedapen hauek biltzen baititu:

  • Kaleak trafikoari moztea: Bideek guztiz itxita egon behar dute ekitaldikoak ez diren ibilgailuen trafikoari, lehenengo ibilgailutik (bandera gorria) azkenengo ibilgailuraino (bandera berdea).
  • Probaren kontrola: Ekitaldia antolatzeko, zirkulazioa arautu eta segurtasuna bermatzeko langile baimenduak edo agintaritzaren agenteak behar dira.
  • Parte-hartzaileen betebeharrak: Ekitaldiaren araudia eta agintarien jarraibideak bete behar dituzte. Parte-hartzaile batek ezin badu probaren erritmoa jarraitu, proba utzi edo zirkulazio-arauak bete beharko ditu, bidearen erabiltzaile arrunten moduan.
  • Laguntza-ibilgailuak: Antolatzaileek ibilbidearekin batera doazen ibilgailuak izan behar dituzte, baita banderatxoak, seinale egokiak eta hondakinak biltzeko zerbitzuak ere.

Seinaleztapena eta segurtasuna

  • Ibilbideek argi seinaleztatuta egon behar dute, batez ere puntu arriskutsuetan; horretarako, probaren ondoren berehala ezabatzen diren materialak erabili behar dira, nahasterik ez sortzeko.
  • Lehenengo eta azkenengo ibilgailuaren artean ezin da beste ibilgailurik ibili, baimendutakoak izan ezik, eta horiek identifikazio-txartelak eraman behar dituzte.

Zerbitzu medikoak

Nahitaezkoa da anbulantzia bat eta mediku bat izatea ekitaldiak iraun bitartean. 750 parte-hartzailetik gora badaude, mediku eta anbulantzien kopurua indartu behar da. Zenbat eta parte-hartzaile gehiago egon, orduan eta mediku eta anbulantzia gehiago beharko dira.

Baimen-eskabideak izapidetzea

Kirol-proba baterako baimena lortzeko prozesuan hainbat urrats eman behar dira:

1. Gutxienez ekitaldia baino 30 egun lehenago aurkeztu behar zaio eskabidea Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailari, dagokion dokumentazio guztiarekin batera:

  • Dagokion kirol-federazioak emandako baimena
  • Probari buruzko memoria, zeinetan honako hauek adieraziko diren:
        • 1. Jardueraren izena
        • 2. Probaren araudia
        • 3. Ibilbidearen krokis zehatza
        • 4. Ardurardunen identifikazioa
        • 5. Aurreikusitako parte-hartzaile kopurua
        • 6. Proba seinaleztatzeko neurrien eta segurtasun-dispositiboen proposamena
        • 7. Erantzukizun zibileko eta istripuetarako aseguruak kontratatu izanaren egiaztagiria
  • Seinaleztapenari, segurtasunari eta laguntzaileei buruzko txostena, besteak beste honako hau jasoko duena:

Trafikoa mozteko, desbideratzeko eta erregulatzeko puntuak behar dituzten kirol-proba guztietan, laguntzaileak jarri beharko dituzte antolatzaileek puntu horietan guztietan. Udaltzaingoak ezarriko ditu jarduera hori egiteko beharrezko puntu zehatzak; horretarako, Udaltzaingoaren Plangintza Atalarekin koordinatuko dira probaren antolatzaileak. Antolakuntzako laguntzaileez gain, polizia ere bertaratu daiteke. Probaren antolatzaileen ardura izango da laguntzaileei beharrezko baliabideak ematea, baita probari buruzko informazioa eta postu bakoitzaren funtzio espezifikoak ere. Goiko paragrafoko ereduan, laguntzaileei eman beharreko elementuen eta informazioaren baldintzei buruzko xehetasunak jasotzen dira.

2. Agintaritza eskudunak —normalean, Udalak— eskabidea onartu behar du, Udaltzaingoaren eta beste erakunde batzuen txostenetan oinarrituta, hala nola bide publikoen arduradunenak.

3. Antolatzaileak dagozkion tasak ordaindu behar ditu, salbuetsita dagoenean izan ezik.

Bizikleta-martxen baldintza espezifikoak

Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren II. Eranskinean ere araututa daude bizikleta-martxak:

  • Antolatutako martxatzat joko da 50 txirrindularik baino gehiagok parte hartzen badute eta kirol-proben antzeko administrazio-baldintzak bete behar badituzte.
  • Kirol-probetan bezala, martxek txirrindularien atzetik doazen laguntza-ibilgailuak izan behar dituzte, baita zirkulazioa eta segurtasuna erregulatzeko langile baimenduak eta anbulantzia ere.
  • Parte-hartzaileek antolatzaileen eta agintarien jarraibideak bete beharko dituzte martxa osoan.
  • Antolatzaileek nahitaez eman behar diete ibilaldiaren berri igaro behar dituzten herrietako udalei.
  • Laguntzaileek seinaleztapen-material egokia izan behar dute (konoak, banderak, etab.) arriskuak adierazteko eta parte-hartzaileak eta bidearen erabiltzaileak gidatzeko.
  • Ibilbideko eremu arriskutsuak behar bezala seinaleztatuta egon behar dira, eta laguntzaileak bide-segurtasuneko arduradunarekin eraginkortasunez komunikatu behar dira.

Zehapenak eta erantzukizunak

Ezarritako baldintzak ez betetzeak 500 eurora arteko isunak ekar ditzake, eta astungarriak badaude —hala nola berrerortzea edo arrisku potentziala— % 30 areagotu daitezke. Gainera, Udaltzainek ekitaldia bertan behera uztea agindu dezakete.

Beste alderdi logistiko batzuk

  • Antolatzaileek ziurtatu behar dute ibilgailuak ez direla eremu debekatuetan aparkatuko, eta behar besteko aurrerapenaz jarri behar dituzte dagozkion seinaleak.
  • Kaleak ixteko hesiak eta seinaleak jartzeko Udaltzaingoarekin koordinatu behar da.
  • Ekitaldiek ezin dute ohiko zirkulazioa eten, baimendutako bide-zatietan izan ezik.

Tasen gaineko salbuespena

2024ko ekitaldirako Gasteizko Udalaren Zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak burutzeagatiko tasak arautzen dituen Ordenantzak (2022ko abenduaren 30eko ALHAO, 150. zk.), gaur egun indarrean dagoenak, adierazten duen bezala, Udaltzaingoaren txostena emateak dagokion tasaren sortzapena eragiten du. Txosten hori egin aurretik ordaindu behar da tasa, eta ezinbesteko baldintza da kirol-proba egiteko baimena eskuratzeko. Horretarako, Udaltzaingoaren txosten-tasatik salbuesteko eskatu nahi bada, honako hau hartu beharko da kontuan:

“Tasa ordaintzetik salbuetsi ahal izango da hiriarentzat interesgarri diren kirol proba eta txirrindularitza saioak antolatzen direlarik, baita onura publikoko izendatuta dauden edo udalaren laguntzaile diren irabazte xederik gabeko fundazio, elkarte eta gainerako erakundeak ere. Halakoetan, inprimatutako, soinuzko nahiz ikusteko publizitatean udalaren babesa aipatzera eta haren logotipoa agertzera behartuta egongo dira onuradunak.

Aurreko atalean aurreikusitako tasa-salbuespena ematekotan, berariaz eskatu beharko dute interesdunek, baimena izapidetzeko beharrezko diren agiriak aurkezteaz batera, eta zinegotzi ordezkariak erabakiko du, ebazpen baten bitartez, egokitzat jotzen duena”.

Beraz, tasaren gaineko salbuespena eskuratu nahi izanez gero, eskabidea Gasteizko Udaleko Segurtasun Sailari zuzendu beharko diozu, horretarako baldintzak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztuta, kasuaren arabera:

  • Hiriarentzat interes handikoa izatea: dagokion udal-sailaren ziurtagiria, interesa egiaztatu eta tasaren salbuespena jasotzen duena. Kirol-proba bat bada, Kirol Sailaren ziurtagiria; kultura-ekitaldia bada, Kultura Sailarena.
  • Onura publikoaren deklarazioa duten fundazioak, elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateak: onura publikoaren deklarazioa duten fundazio, elkarte eta entitateen erregistro-ziurtagiria.
  • Udalaren laguntzaile diren entitateak: ekitaldiaren antolatzailearen eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren dokumentua, non berariaz jasotzen den tasaren gaineko salbuespena. Hitzarmenean ez bada aipatzen tasarik ordaindu behar ez dela, dagokion udal-sailaren ziurtagiria, non aipatzen den hitzarmen horrek Udaltzaingoaren txostenen tasa ordaintzetik salbuestea dakarrela.

Beraz, tasa ordaintzetik salbuesteko eskatuz gero, eta kontuan hartuta eskabidearen ebazpenak berekin dakarrela dagokion administrazio-izapidea egitea harik eta Segurtasun Saileko zinegotzi-ordezkariak aldeko edo kontrako ebazpena eman arte, gomendagarria da salbuespena eskabidearen hasierako idazkian eskatzea, dagokion dokumentazioa erantsita. Bestela, ordainketa-agindua bete beharko litzateke lehenik, txostena egin ahal izateko; ondoren, tasaren gaineko salbuespena onesten bada, itzuli egingo da interesdunak aldez aurretik eskatuz gero.

6. Suhiltzaileen baldintzak

Baldintza orokorrak

Bide publikoko muntaketa guztiak

  • Muntaketetan kontuan hartuko da suhiltzaileentzako ur-hartuneen kokapena, ez estaltzeko, eta ez da oztopatuko suhiltzaileen ibilgailuak eraikinetara hurbiltzeko irisgarritasuna.
  • Lurretik igarotzen diren kableen, hodi osagarrien eta abarren lineak lotuta eta babestuta egongo dira, oinezkoek estropezu ez egiteko.
  • Ekitaldirako beharrezko lehen sorospeneko eta osasun-laguntzako hornidura eduki beharko da, otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan —Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duena— ezarritakoa betez, lege horretan jasotako jarduerak garatzen direnean. Besteak beste, botikina, anbulantziak, etab., aurreikusitako bertaratu-kopuruaren araberakoak.
  • Instalatzen diren ekipo guztiek fabrikatzailearen jarraibide eta gomendioak beteko dituzte.

Ekitaldiak gune mugarrituetan, sarbide mugatua eta 700 lagunetik gorako edukiera dutenak

  • Baimena eman aurretik, ikuskizunen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren txostena jaso beharko da.

Autobabesa

  • Aurreikus daitezkeen Arriskuetarako Baliabide bat, baita Larrialdiei aurre egiteko Plan bat eta Ezarpen Plan bat ere, eta Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorrari dagokiona jakinaraziko zaio honako kasu hauetan:
    • Instalazio edo egitura itxiak, 300 lagunetik gorako edukiera dutenak.
    • Aire zabaleko ekitaldiak sarbide mugatuko esparru edo gune mugarrituetan, 700 lagunetik gorako edukiera dutenak.
    • Gune irekiak, 1000 lagunetik gorako edukiera dutenak.
  • Autobabes Plan bat osatu beharko da, eta Eusko Jaurlaritzaren Autobabes Planen Erregistro Orokorrean inskribatu, kasu hauetan:
    • Instalazio edo egitura itxiak, 2.500 lagunetik gorako edukiera dutenak.
    • Aire zabaleko jarduerak, 20.000 lagunetik gora bertaratzea aurreikusten bada.

Publikoa barruan hartzen duten instalazioak, edukiera mugatua dutenak

  • Jardueraren antolatzaileak neurriak hartu behar ditu baimendutako gehieneko edukiera inoiz ere gainditzen ez dela bermatzeko. Era berean, instalazioan dauden pertsonen kopuruari buruzko informazioa eman behar diete agintaritzaren agente gisa dihardutenei, edozein unetan eskatuz gero. Edukiera kontrolatzeko, behaketa, sarreren kontrola edo beste edozein teknika baliatuko da, kontrol-arduradunek, izendatutako langileen laguntzaz, hala badagokio, egiaztapen-lana ahalik eta modu eraginkorrenean egin ahal izateko.

Baldintza zehatzak

Mahaiak, barrak eta altzariak, oro har; 5 metrora arteko pergolak eta eguzkitakoak; sutegiak eta antzeko suak; arku puzgarriak

Martxan jarri aurretik muntaketaren amaiera-ziurtagiria aurkeztea, muntatzaileak sinatua, baldin eta mahaiak, barrak eta oro har altzariak; alderik handiena gehienez 5 metrokoa duten pergolak eta eguzkitakoak; sutegiak eta antzeko suak instalatzen direnean.

Sorgailuak eta ekipamendu elektrogenoak

  • Ekipamendu elektrogenoaren eta erregai-deposituaren eremua mugatuta egongo da, soilik antolatzaileak bertara sar daitezen.
  • Dagokion lur-hargunea izan beharko du.

Gasezko sukaldeak karpa barrualdeetan

Sukaldeak eta antzeko elementuak instalatzen badira, aireztapen egokia bermatuko da, erregaietatik behar bezain urrun mantenduko dira, eta dagoen arriskuari aurre egiteko su-itzalgailuak jarriko dira inguruan. Gas-hartuneen instalazioen diseinua eta eraikuntza uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretura egokitu beharko dira, zeinaren bidez onartzen baitira gas-erregaiak banatzeko eta erabiltzeko erregelamendu teknikoa eta haren ICG 01etik 11ra bitarteko jarraibide tekniko osagarriak.

Jarduerak lokaletan (tabernak, jatetxeak, elkarteak, gizarte-etxeak, kiroldegiak...)

  • Lokalen barruan egiten diren jarduerek errespetatu egin beharko dute jarduera-lizentzia emateko unean lokal horrek duen gehieneko edukiera.
  • Jendea ebakuatzeko aurreikusitako ate eta irteera guztiek funtzionamendu zuzena izan beharko dute.
  • Jarduera martxan den bakoitzean, ebakuazio-bideak libre egongo dira uneoro, oztoporik gabe eta kanpoaldeko espazio segururaino erabilgarri.

Instalazio elektrikoen muntaketa behar duten jarduerak

Instalazio osoaren behin-behineko instalazio elektrikoaren buletina aurkeztuko da, agertokiarena barne.

Pantaila erraldoiak

Pantailaren eta hari eusteko muntatzen diren elementu osagarrien muntaketa- eta segurtasun-ziurtagiria aurkeztuko da, teknikari eskudunak emana.

Kartelak eta publizitate-egiturak

  • 100 km/h-ko abiadurako haizeari eutsi beharko diote, alde batean presioa eta bestean xurgatzea dutelarik. Horrez gain, segurtasuna bermatzeko, eraikuntza arloko egonkortasun-baldintzak bete behar dituzte, eta behar izanez gero horretarako pisua jarriko zaie. Hori betetzen dela adierazten duen muntaketa-ziurtagiria aurkeztuko da.
  • Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak (Eusko Jaurlaritza) haizearengatik abisu horia, alerta laranja edo alarma gorria ematen badu, desmuntatu egin beharko da.

Pantaila eta arku puzgarriak

  • Muntaketaren amaiera-ziurtagiria, muntatzaileak sinatua, martxan jarri aurretik.
  • Ez du izango eror daitekeen elementu zurrunik.
  • Arku/tutu puzgarriak behar bezala ainguratuta eta finkatuta egongo dira, eta airea ustekabean ez galtzeko sistemak izango dituzte. Horrez gain, zoruan objektu zorrotzik ez duten eremuetan instalatuko dira, eta egon daitezkeen arriskuetatik urrun, hala nola linea elektrikoak eta irtengune arriskutsuak dituzten oztopoak.
  • Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak (Eusko Jaurlaritza) haizearengatik abisu horia ematen badu, desmuntatu egin beharko dira.
  • Fabrikatzaileak ezarritako erabilera-mugak ezagutu eta betearaziko dituzte gainbegiraleek.
  • Gainbegiraleak eskuragarri eduki beharko ditu fabrikatzaileak emandako segurtasun-informazioari buruzko dokumentazioa eta egindako ikuskapen-erregistroak.

Rokodromo eta frontoi eramangarriak

  • Erantzukizun zibileko asegurua, eguneratua eta konpainiak emana, non agertuko baita atrakzioa martxoaren 25eko 44/2014 Dekretura egokitzen dela —jolas-jarduerak eta ikuskizun publikoak burutzeko eska daitezkeen erantzukizun zibileko aseguruak arautzen dituena— aurreikusitako erabiltzaile-kopurura egokitua; edo aseguru kontratua, zeinetan aseguratutako kapitala eta estaldurari buruzko klausula orokor zein zehatzak jasotzen diren, indarreko ordainagiriarekin batera.
  • Segurtasun- eta sendotasun-ziurtagiria, eskumena duen teknikari tituludunak edo egiaztapena duen ikuskatze-erakundeak egina.
  • Instalazioa gainazal egonkor eta nibelatuaren gainean egingo da.
  • Jarduera garatu bitartean, prestakuntza egokia eta nahikoa duten langile espezializatuak egongo dira, une oro atrakzioa zuzen erabiltzen dela zaindu eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.
  • Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak (Eusko Jaurlaritza) haizeagatik abisua ematen badu, desmuntatu egingo da.
  • Erortzeko arriskua dela eta, egituraren gainean inor igotzea saihestuko da. Horretarako, arduradun bat egongo da inguruan egitura muntatuta dagoen bitartean.
  • Ekitaldiaren helburuetan zehaztutako erabilera izan dezan zainduko da, eta beste edozein erabilera debekatuko da.

Apar festa

  • Erabiltzen den aparra kaltegabea izango da.
  • Jardueraren ondoriozko kolpe eta istripuak saihesteko, antolatzaileen ardura izango da neurriak hartzea.

Animaliak

  • Animaliekin zaintzaile aditu eta esperientziadunak egon beharko dira uneoro, animaliek ezagutzen dituztenak, eta behar adina zaintzaile egongo dira animaliak denbora guztian kontrolatuta daudela eta jendearentzat arrisku-egoerarik sortzen ez dutela bermatzeko.
  • Zarata eta jendetzara ohituta dauden animaliak izango dira.
  • Beharrezko segurtasun-distantziak ezarriko dira.
  • Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria (“Animaliekin antolatutako ikuskizunak edo jolas-jarduerak”) bete beharko da.

Kartinga eta zirkuituak (goitiberak)

  • Ibilbide osoa behar bezala hesitu eta babestuko da, hala nola lastozko fardelekin edo ibilgailuen inpaktuak motelduko dituen pneumatikoekin, ikusleen eta parte-hartzaileen babesa bermatzeko.
  • Antolakuntzako langileek zainduko dute zirkuituaren barruan ez dagoela lasterketan parte hartzen ez duen inor.
  • Osasun-dispositiboa jarriko da, ekitaldiaren ezaugarrietara egokitzen dena.
  • 3 su-itzalgailu (gutxieneko eraginkortasuna: 21A-113B).
  • Erregaiz hornitu behar bada: isurietarako xurgatzailea (sepiolita zakua edo antzekoa).

Plataforma jasotzailea

  • Erabiltzekoa den plataforma jasotzailea behar bezala homologatuta egongo da aurreikusitako moduan erabiltzeko. Gainera, behar bezala babestuta egongo da, antolakuntzakoa ez den inor sar ez dadin.
  • Mota horretako elementuei buruzko araudi espezifikoa bete beharko da, baita aplikatzekoa den segurtasun- eta osasun-araudia ere.

Ibilgailuak bide publikoan (Mendizorrotzeko partiden emanaldiak)

  • Muntaketetan kontuan hartuko da suhiltzaileentzako ur-hartuneen kokapena, ez estaltzeko, eta ez da oztopatuko suhiltzaileen ibilgailuak eraikinetara hurbiltzeko irisgarritasuna.
  • Lurretik igarotzen diren kableen, hodi osagarrien eta abarren lineak lotuta eta babestuta egongo dira, oinezkoek estropezu ez egiteko.
  • Eraikineko ebakuazio-bideak libre egongo dira uneoro, oztoporik gabe eta erabilgarri.

Ekitaldietarako atoiak

Atoia jendearentzat irisgarria bada, haren ebakuazio-bideak 1 m-ko zabalera izango du gutxienez; aterik badago, kanporantz irekiko da; eta arrapalak edo eskailerak badaude, EKT-OD-ESI (Erabileraren Segurtasuna eta Irisgarritasuna) beteko du. Tamaina dela-eta 100 pertsonatik gorako edukiera badu, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuari egin beharko zaio kontsulta, atoiaren planoa igorrita.

Globo aerostatikoak

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak ez ditu globoaren hegaldiari buruzkoak jakinarazten, ez baita horretarako eskumena duen erakundea; hala, dagokion organoaren baimenak eduki beharko dira.

Globoa lurrean kokatzeari dagokionez:

  • Eremua behar bezala mugatuko da, baimenik gabeko inor sar ez dadin.
  • Espazio erabat irekian egongo da, oztoporik, kablerik, zuhaitzik edo eraikinik gabe, eta egon daitezkeen arriskuetatik urrun, hala nola linea elektrikoak eta irtengune arriskutsuak dituzten oztopoak.
  • Gainbegiratuko duten langileak egon beharko dira une oro. Fabrikatzaileak ezarritako erabilera-mugak ezagutu eta betearaziko dituzte gainbegiraleek.
  • Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak (Eusko Jaurlaritza) haizearengatik abisu horia ematen badu, ekitaldia bertan behera geratuko da eta globoa desmuntatu beharko da.
7. Osasun Publikoaren Zerbitzuaren baldintzak

Ekitaldietan, batzuetan jarduera gastronomikoak egiten dira.

Kasu guztietan, elikadura-segurtasunaren arloan indarrean dagoen araudia bete beharko da.

Jarduera gastronomikoak egiteko, higiene- eta osasun-baldintza jakin batzuk bete behar dira:

  • Udalaren baimena

Gasteizko Udalerrian kaleko salmenta arautzeko Ordenantzaren arabera, bide publikoan egiten diren jardueren instalazio ez-iraunkor guztiek Udalaren aldez aurreko baimena beharko dute. Baimen hori eskuratzeko, jarduera bakoitza erregulatzen duen berariazko araudian aurreikusitako betekizunak eta baldintzak bete beharko dira; baimenaren edukian zehaztuko da baimendutakoak zer barne hartzen duen.

  • Osasun-memoria eta Higiene- eta osasun-baldintzak betetzeko konpromisoaren zinpeko aitorpena.

Jardueraren eskabidearekin batera, osasun-memoria bat aurkeztuko da. Bertan, garatzekoak diren jarduerak, eskuragarri dagoen ekipamendua, manipulatzaileen prestakuntza eta, hala badagokio, autokontrol-sistema deskribatuko dira. Zinpeko aitorpena ere aurkeztuko da.

Dokumentazio hori Osasun Publikoaren Zerbitzuko Osasungarritasun eta Kontsumo Atalak gainbegiratuko du, eta ekitaldian bete beharreko higiene- eta osasun-baldintzak jasotzen dituen higiene- eta osasun-txosten tekniko bat egingo du.

Kontsultatu jarduera gastronomikoen higiene- eta osasun-baldintzak

  • Adikzioak eta droga-mendekotasunak

Bete egin beharko da Adikzioen eta droga mendekotasunen gaineko arreta integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak(Beste leiho batean irekiko da) xedatutakoa, bereziki, edari alkoholdunen eta tabakoaren publizitate, sustapen, hornidura, salmenta eta kontsumoaren mugei dagokienez.

Ohartarazi egiten da 1/2016 Legearen 31.1 artikuluak debekatu egiten duela adingabeei edari alkoholdunak ematea eta saltzea.

Orrialde horretako informazioak zure beharrak betetzen ez baditu, eska ezazu argibide gehiago Herritarren Postontziaren bitartez.

8. Hiri Paisaiaren Atalaren baldintzak
  • AEMET-EUSKALMETek haize-bolada handien berri ematen badute (AEMETen sailkapen horitik aurrera, hau da, 70 eta 90 km/h arteko haizeak), parkeak itxiko dira jendeari adarrak gainera erortzeko arriskua saihesteko.
  • Ez da ibilgailurik sartuko belardietan, eremu legartsuetan edo hiri-zuhaitzetatik hurbil (Hiriko Zuhaitzak babesteko Ordenantzaren 10. artikuluan ezarritako distantziak errespetatuz: tanta-jarioko eremua gehi 2 metro; 4 metro zabu-formako zuhaitzentzat), eta okupatutako guneen barruan egongo dira soilik materialen zamalanak egiteko beharrezko denboran. Ibilgailuak sartu behar izanez gero, horien matrikulak, marka, modeloa eta gehieneko pisu baimendua (GPB) emango dira.
  • Parke eta lorategietara soilik < 3.500 kg-ko GPBko ibilgailuak soilik sar daitezke. Pisu eta altuera handiagoko ibilgailuak sartzeko eskatuz gero, ezinbestekoa delako, aldez aurretik abisatuko da horretarako baimena eskuratzeko, eta derrigorrez zoladura gogorreko bideetatik ibiliko dira. Adarrak ukitzea saihestuko da, baina beharrezkoa izanez gero, jardueraren sustatzaileak adarrak altxatu beharko ditu —ezin ditu ez moztu ez inausi—, betiere udal-teknikarien ikuskaritzapean.
  • Zuhaitzek, landareek, belardiek, hiri altzariek edo berdeguneko edozein osagaik kalterik izanez gero, egindako kaltea konpondu beharko da, Udalari horien balioari dagokion kalte-ordaina ordainduta.
  • Zuhaitz eta zuhaixkak kaltetuz gero, haien balorazioa “Norma Granada” softwarearen bidez egingo da, ordenantzan ezarritakoaren arabera.
  • Edozein behar gehigarri (ur-hartuneak, elementuak kentzea...) zuzenean eskatu beharko zaio Hiri Paisaiaren Atalari, gutxienez 5 egun baliodun lehenago.
  • Belardietan ez da pisu handiko elementurik instalatuko, hala nola konpresoreak, sorgailuak, ibilgailuak etab., edo lurzorua zulatzea dakarten instalazioak, ureztatze-sistema automatikoak kaltetu baititzakete.
  • Behar adina babes neurri hartuko dira zuhaitzek, landareek, belardiek, zoladurek eta hiri-altzariek kalterik ez izateko. Bereziki, ekitaldirako elementuak lotzeko edo seinaleak jartzeko EZ dira erabiliko landatu berri diren zuhaitzak, ezta horien zurkaitzak ezta kautxuzko zintak ere. Ekitaldietan erabili beharreko espazioetako hesiak edo seinaleztapen-zintak gutxienez 4 metro urrundu beharko dira landatu berri diren zuhaitzetatik.
  • Ez da inolako ainguraketarik egingo zuhaitz edo zuhaixketan, ezta berdegune eta zoladuretan ere. Ainguraketa elementutzat hartzen dira bridak, sokak eta plastikoak.
  • Ekitaldien antolatzaileak arduratu beharko dira erabilitako gunea garbitzeaz eta jardueraren ondorioz sortzen diren hondakinak biltzeaz; erabilitako lekuak garbi eta erabiltzeko moduan utzi beharko dira.
  • Jardueraren arabera, Hiri Paisaiaren Atalaren eskumena da jarduera egingo den lurzorua babestea erabakitzeko ahalmena, eta nahitaezkoa izango da trinkotzea saihesteko materialak eramatea. Jardueraren sustatzailea arduratuko da material horiek eramateaz, erabiltzeaz eta jardueraren ostean kentzeaz.
  • Ezin da materialik metatu lorategietan, txorkoetan, parterreetan, erdibitzaileetan, bulebarretan, etab.
  • Une oro bete beharko da Hiriko Zuhaiztiak Kudeatu eta Babesteari buruzko Ordenantza.
9. Ingurumenaren Sailaren baldintzak
  • Ekitaldiaren ezaugarri teknikoen arabera, dagozkion ingurumen-neurriak ezarriko dira.
  • Edonola ere, honako hauek dira bide publikoko kirol-ekitaldietako ingurumen-baldintzak:
    • Instalazio elektroakustikoa ekitaldia egiteko eman beharreko informazioetara (megafoniara) bakarrik mugatzen da, eta giroko musika debekatuta dago.
    • Antolakuntzarako euskarriko instalazio elektroakustikoak igorritako soinu-mail ez da 75 dB-A baino handiagoa izango (neurgailuan SLOW erantzuna duten bozgorailuetatik 2 metrora neurtuta).
  • Dantza edo euskal dantza eskoletarako izan ezik, honako hauek izango baitira:
    • Antolakuntzarako eta/edo ingurumen-animazioarako euskarriko instalazio elektroakustikoak igorritako soinu-mail ez da 75 dB-A baino handiagoa izango (neurgailuan SLOW erantzuna duten bozgorailuetatik 2 metrora neurtuta).

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.