CEAk jarduera ugari antolatu ditu negurako, natur ingurunea era didaktikoan ezagutarazteko

2019ko abenduaren 23an

Jadanik eman daiteke izena CEAk negurako antolatu dituen 93 jardueretako batean, internetez, 010 telefonoan, Atarian edo gizarte etxeetan.

CEAk 93 jarduera prestatu ditu negurako, zeinak Gasteizko Udalak Eraztun Berdean dituen ingurumen ekipamenduetan garatuko baitira.

Beste batzuetan bezala, herritarrek “European Wildlife Photographer of the Year” erakusketa ikusiz eman diezaiokete ongietorria urte berriari; Atarian jarriko dute GDT-Gesellschaft Deutscher Tierfotografen elkarteak (Alemaniako Natura Argazkilarien Elkartea) antolatzen duen erakusketa. Erakusketa txundigarri horrek atzetik argiztatutako 84 irudi biltzen ditu: horien bidez, bidaia liluragarria egin ahalko dugu ezin irudikatuzko natur espazio eta ekosistemetan barrena, eta naturaren ikuspegi ezohikoak eta askotan apartekoak ezagutu.

Ekipamendu horretan beste bi erakusketa jarriko dira, aipatutakoaren maila berekoak. Lehena, “Basoa gara” izenburukoa, Pilar Aguado artistarena; atzera begirakoa ez bada ere, haren ibilbidean egindako lan ugari biltzen ditu. Bigarrena, Mario Cea natura-argazkilariaren erakusketa, “Iragankorra” izenburua duena. Naturan gertatzen diren eta gehienetan gure begientzat ikusezin diren une bakanak erakusten dizkigu.

Berritasun gisa, “Gaueko harrapariak identifikatu eta behatzea” ikastaroa nabarmendu beharra dago, FECYTrekin batera antolatua “100&CIA para Vitoria-Gasteiz” herritarren zientziako programaren barruan, baita lepidopteroen kontserbazioari buruzko jardunaldi teknikoak ere, eguneko zein gaueko tximeleten alorreko zientifiko eta espezialista ugari erakarriko dituena.

Hitzaldien barruan, IGIk berotze globalari erreparatuko dio, eta bi espezialista gonbidatu ditu krisi klimatikoaz hitz egin diezaguten: David González, Sustraiak enpresakoa, eta José Luis Yela, Gaztela-Mantxako Unibertsitatekoa. Hezeguneen Mundu Egunaren karietara, berriz, SEO/BirdLife-ren Kantabriako lurralde ordezkariaren hitzaldia antolatu da. Felipe Gonzálezek Astilleroko Udalaren ecoASTILLERO XXI ekimena aurkeztuko digu, zeinak kalitateko etorkizun baterako gako diren osagaiak integratzen ditu: kontserbazioa, hiri-biodibertsitatea, habitata leheneratzea, gizarte-kohesioa, laneratzea eta erabilera publikoa.

Agendak berrikuntza gehiago ere badakar: 2020ko Hezeguneen Mundu Eguna ospatzeko ginkana, ekosistema horien kontserbazioarekin lotutako jolasa gazteenentzat; udalerrian bizi diren okilak behatzeko irteera; Iris gramnea eta Digitalis lutearen landaketa herrikoia Olarizuko lorategi botanikoko bildumetan, eta leize batean barneratzeko aukera harpeetako tximeletak behatzeko, bertan igarotzen baitute negua.

Natur ibilbideei dagokienez, gaueko espezie berezienetako bat (urubi arrunta) ezagutzeko aukera emango digu IGIK berriro ere, edo hegaztiak ingelesez behatzeko; lehen jarduera familia osoarentzat da, eta bigarrena, 14 urtetik gorakoentzat. Baso-igel jauzkaria, gure ingurunean mehatxatuen dagoen anfibioa, negu betean ugaltzen da, beraz, Salburuko hezeguneetan zenbait ibilbide eskainiko ditugu horrekin lotuta.

Beste bi jarduera ere jasotzen ditu agendak: batetik, Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia (SUNCINE-FICMA), zeina Aldabeko gizarte etxean egingo baita, otsailaren 4tik 20ra bitarteko astearte eta ostegunetan; bestetik, Euskadiko Hazien Sareak Olarizun antolatutako ateak zabaltzeko bi jardunaldiak, zeinetan Euskal Herriko antzinako barietateen fruta-arbolak eta haziak banatuko baitira.

CEA negua

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: