Hasiak dira Ospitale plaza modernizatzeko obrak

2020ko urtarrilaren 14an

Lanek lau hilabete iraungo dute.

AMAIA BARREDO ZINEGOTZIAREN ADIERAZPENAK

Udalak 360.000 euro baino gehiago inbertituko ditu “Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuaren fruitua den proiektu horretan

Gaur goizean hasi dira  Ospitale plaza eraberritzeko obrak. Lanen lehen zatia Done Jakue hiribidean egingo da; gaur goizean hasi dira makinak lanean bertan. Gasteizko Udalak Ospitale plaza —Guardien plaza izenez ere ezaguna— eraldatuko du, irisgarriagoa eta modernoagoa izan dadin. Balgorza enpresa arduratuko da lanez, Udalak 362.034,58 euroko inbertsioa eginda (BEZa barne). Urtaranen gobernuak bultzatutako esku-hartzea “Vitoria-Gasteiz Hobetuz” izeneko partaidetza-prozesuaren fruitua da, eta aipatu plaza modernizatzea eta hobetzea ekarriko du. Udalak plazaren 650 metro karratuko azaleran jardungo du, baita Frantzia kaleko 120 metro karratutan eta Done Jakue hiribideko 200 metro karratutan ere. Lanak gauzatzeko epea lau hilabetekoa da.

“Gasteizko auzoetako bizi-kalitatea, erakargarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzea Agenda gasteiztarraren jarduera-ildo nagusietako bat da”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok. “Auzokoekin batera lan eginez, gainera”.

Hain zuzen ere, proiektuak helburu hauek ditu: espazio horren erakargarritasuna eta estetika handitzea, zoladura eta hiri-altzariak aldatuz; espazioa berrantolatzea, oinezkoentzat irisgarriagoa izan dadin, eta egoera txarrean dauden sareak eta azpiegiturak –argiztapena, saneamendua, hornikuntza eta drainatzea– berritzea. “Plaza, orain arte ezkutuan geratzen zena, jendea elkartzeko eta denbora pasatzeko espazioa bihurtuko da, alboko kaleen maila berean” esan du Amaia Barredok.

Izan ere, plaza berriak 90º-ko sektore zirkularraren forma izango du. Kurba horren erdia Frantzia kalearen mailan egongo da. Done Jakue hiribidetik hurbil dagoen inguruan, berriz, plaza eta kalearen arteko garaiera aldeari irtenbidea emateko eskailerak jarriko dira. Gainera, plazaren muga gisa 14 eta 17 metroko bi banku luze jarriko dira, bertaratzen direnek atseden hartzeko. Gaur egun Ospitale plaza Frantzia kaletik eta Done Jakue hiribidetik bereizteko dauden hormak kendu egingo dira.

Udalak plazako lurra goitik behera aldatzeko helburua ere badu. Jarriko den zoladurak granitozko lauza horiak izango ditu erdigunean. Eraikinen eta plazaren artean, granitozko lauza grisak ipiniko dira. Estetika aldetik, Andre Maria Zuriaren plaza, Santa Barbara plaza eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua ekarriko ditu gogora. Errege ateak etorkizunean izango duen itxura ere horien antzekoa izango da.

Urtaranen gobernuak espazio publikoan sustatu dituen beste esku-hartze batzuetan bezala, eraberritze-lanak argiztapena aldatzeko ere aprobetxatuko dira. Ildo horretatik, argiztapen-puntu bakarra jarriko da, led lanparak txertatuta izango dituzten sei proiektatzailerekin. AMVISAk, berriz, drainatzea eta saneamendua berritzeko beharrezkoa lanak egingo ditu.

Espazio Publikoaren Zerbitzuak zuhaitzak landatzeko asmo ere badu –Celtis Australis motakoak–, eta lekuz aldatuko du iturri apaingarria. Iturria zaharberritu ere egingo da. Zuhaitzek 10 metroko altuera hartuko dute gutxi gorabehera, eta plazaren inguruan jarriko direnez, trafikoa eta egoteko lekua bereizteko balioko dute, itzala emateaz gain. Fatxadetatik nahikoa urrun jarriko dira, etxeei enbarazu ez egiteko.

Santiago kalean plaza ukitzen duen espaloia berrituko da, eta, horrez gain, Vitoria-Gasteiz modeloko sei-aparkaleku jartzea erabaki da, hondakinen kontainerren alboan. Frantzia kalean, plaza ukitzen duen espaloia berritzea da asmoa.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.