Gasteizek eta Arabak enbaxadore turistikoak izendatuko dituzte Fiturren, eta kirol helmuga gisa agertuko dira

2020ko urtarrilaren 14an

Lurraldeak zigilu berdea, enogastronomia, ondarea eta ekitaldiak baliatuko ditu promoziorako.

  • Erakundeek zinema eta telebistako profesional arabarrak bilduko dituzte lehen aldiz, haien lana eskertu eta probintziaren erakargarriak zabaltzera animatzeko
  • Lurraldeak zigilu berdea, enogastronomia, ondarea eta ekitaldiak baliatuko ditu promoziorako

Gasteizek eta Arabak bertako erakargarri turistikoak zabaltzeko “enbaxadore” berriak izendatuko dituzte; hiriburuaren zigilu berdea baliatuko dute, Munduko Hiri Berdea izendatu baitute, eta kirol helmuga gisa agertuko dira. Horiek izango dira lurraldeak Fiturrera eramango dituen amuetako batzuk; alorreko estatuko feria nagusia hil honetako 22tik 26ra bitartean egingo da.

Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko Turismo arduradun nagusi Maider Etxebarria eta Cristina Gonzálezek aurkeztu dute hiriak eta lurraldeak nazioarteko azokara eramango duten eskaintza. Bi erakundeek estrategia komuna baliatzea erabaki dute, eta proposamenak elkarrekin aurkeztea, “erakundeen arteko lankidetzaren eredu” gisa.

2020ko Fiturrerako enbaxadore turistikoen figura berreskuratuko da —bi urtetan ez da horrelakorik izan—: Gasteiz eta Araba zuzenean ezagutzen dituzten eta telebistarekin lotuta dauden profesional ospetsuak dira, lurraldea maite dutenak eta bertako ondarea, natura eta gastronomia estatuan ezagutarazten dituztenak.

Aurten formatu berrituaz itzuliko da “enbaxadoreen” izendapena. Batetik, Gasteizek eta Arabak ikus-entzunezkoen alorreko pertsona ezagunen laguntza izango dute berriro, FesTVal jaialdiaren eskutik, eta horiek Jon Sistiaga, Roberto Brasero eta Sandra Golpe kazetarien lekukoa hartuko dute. Urtarrilaren 23an jakingo da nortzuk diren mandatari turistiko berriak, Euskadiren standean.

Horretaz gain, Udalak eta Foru Aldundiak ekitaldi bat antolatuko dute Madrilen bizi diren zinema eta telebistako profesional arabarrek egunero egiten duten promozio lana aitortzeko eta, bide batez, Araba ezagutarazten lagunduko duten sinergiak sortzeko.

“Urtarrilaren 22an, asteazkena, ekitaldi informal bat antolatuko dugu haien lana eta gure lurrarekiko konpromisoa aitortzeko, gure preskriptore onenak baitira. Orobat, harremanak estutu eta gerora Gasteiz eta Araba ezagutarazteko proiektuak ekar ditzaketen ideiak sustatu nahi ditu topaketak”, azaldu du Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina Gonzálezek.

Lehen alkateordeak erantsi du Fitur aparteko foroa dela “sektorearen azken joerak ezagutzeko eta kontaktuak egiteko ahalik eta gehien aprobetxatzeko”, eta profesionalen topaketa “urrezko aukera” izango dela iritziak partekatu eta pertsona horien lana eskertzeko. “Modu sinbolikoan, Araba eta Gasteizko enbaxadore direla egiaztatzen duen txartela emango diegu”.

“Detailetxo bat izango da, beren lurraz harro agertzen eta gure harribitxiak ezagutarazten jarraitzera animatzeko, Santa Maria katedraletik hasita Gatz Haraneraino, Azkena Rock eta jazz jaialdiak, Andre Maria Zuriaren jaiak edo Arabako Errioxako ardoak barne”, gehitu du.

Eskaintza integrala

Foru Aldundiak Fiturren bozgorailua baliatuko du jarduera eta esperientziekin lotutako turismo proposamen berriak aurkezteko. Horien artean, Araba kirol helmuga gisa promozionatzeko material berria: 50 orrialdeko katalogo osoa, lurraldean praktikatu daitezkeen kirolak eta aire zabaleko jarduerak biltzen dituena.

“Arabarrok DNAn daramagu kirola, eta bisitariei agertoki ezin hobea eskaintzen diegu xendazaletasuna, txirrindularitza, eskalada, parapentea, padelsurfa, windsurfa, igeriketa eta abar praktikatzeko. Gainera, lehen mailako probak antolatzen ditugu, milaka bisitari erakartzen dutenak urtero”, azpimarratu du Cristina Gonzálezek.

Katalogoak kirol proba herrikoi nagusiak eta turismo aktiboko zentro eta enpresak biltzen dituen direktorioa dakar, baita promozio bideo bat ere.

Fiturren bertan plazaratuko dira Arabako eskaintza osatzen duten gainerako proposamen berritzaileak; horretaz gain, azken urteetan koadrilekin batera landutako produktuak (familia turismoa, Erdi Aroko ibilbideak, motorrentzako ibilbideak, galbideko ibilbideak, autokarabana turismoa, etab.), Arabako Errioxako eskaintza enoturistikoa eta natura turismoa aurkeztuko dira.

Etxebarriak, berriz, Fiturren “erakusleiho handia” Gasteiz iraunkortasunaren ikono gisa agerrarazteko baliatuko dutela azaldu du. Alkateordeak Biosphere turismo helmuga gisa aurkeztuko du Arabako hiriburua, zigilu horrek ferian duen standean. Izan ere, Gasteizek Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria du2016. urteaz geroztik, zeinak turismo helmuga iraunkorra dela egiaztatzen baitu. UNESCOk babesturik 1995ean egindako Turismo Jasangarriaren Mundu Konferentzian sortu zen estandar horrek ikusgarritasun handiagoa ematen dio Gasteizi nazioarteko turismoaren merkatuan, eta elementu bereizgarria da, gero eta kontzientziazio handiagoa duen bisitaria erakartzeko.

Arabako hiriburuak, halaber, baliabide gastronomikoak eta profesionalen topaketak eta ekitaldiak hartzeko duen gaitasuna salduko ditu, eta turismo helmuga adimentsua bihurtzeko Basquetour eta Segittur-en eskutik lantzekoak diren diagnosi-txostena eta ekintza plana iragarriko ditu; Segittur Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioaren mendeko sozietatea da, Turismoko Estatu Idazkaritzari atxikia, eta Espainiako turismoaren alorrean berrikuntza (I+G+b) sustatzeaz arduratzen da. Turismo helmuga adimentsuek informazioaren teknologien erabilera sustatzen dute, eta komunikazioa bisitari eta herritarren zerbitzura jartzen.

Aldi berean, familientzako eta maskotentzako turismoa erakartzeko lekutzat aurkeztuko da Gasteiz. “Paseatzeko hiri erosoa gara, plurala eta ñabardurez betea. Udalak lanean jarraituko du sektorea pozik egon dadin, turismoak aberastasun ekonomikoa eta kulturala baitakar. Gure helburuetako bat ekitaldiak eta biltzarrak urte osoan banatzea da, hotelen okupazioa erregularragoa izan dadin. Ez dugu ahaztu behar biltzarrekin lotutako turistek ematen dutela gau gehien hirian”, azaldu du.

Bideo Fitur(Beste leiho batean irekiko da)

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.