Udal aurrekontuei buruzko ohiko galderak
Zer da udal aurrekontua?
Udalaren urteko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena biltzen duen dokumentua da. Zertan eta zenbat gastatzen den finkatzen da aurrekontuan, eta gastu hori nola finantzatzen den, diru-sarreren bitartez. Baldintza hau bete behar du beti aurrekontuak:
Diru-sarrerak – gastuak > ó = 0, esan nahi baitu gastuak ezin direla izan, inolaz ere, diru-sarrerak baino handiago.
Diru-sarrerak – gastuak > ó = 0, esan nahi baitu gastuak ezin direla izan, inolaz ere, diru-sarrerak baino handiago.
Aldaezinak al dira diru-sarrera eta gastuen zifrak, urte osoan?
Ez nahitaez. Aurreikuspen-dokumentu bat da aurrekontua, eta aurreikuspenak alda egin litezke, nahiz eta aurrekontua lantzen denerako hainbat gastu-partida jakinak izan. Aurrekontuan jasotako gastuen edozein kopuru edo helburu aldatzekotan, kreditu-aldaketa onetsi beharra dago.
Nola lantzen da aurrekontua?
Gobernu-taldeak zirriborroa lantzen du, eta udalbatzako kide guztiei helarazten, kontu-hartzaile nagusiak egindako txostenarekin batera. Aurrekontu-proposamen bihurtzen delarik, udalbatzan eztabaidatzen da, eta, hasierako onespena eman ondoren, jendaurrean jartzen da, hamabost egunez, interesdunek aztertzerik eta erreklamazioak aurkezterik izan dezaten. Epe horretan erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin betiko onetsitzat jotzen da aurrekontua. Aldiz, erreklamaziorik aurkeztuz gero, hilabeteko epea du udalbatzak horiek ebazteko. Behin betiko onespena jaso ondoren, ALHAOn argitaratzen da.
Zer da aurrekontu-luzapena?
Baldin eta ekitaldi ekonomikoa hasten delarik artean ez bada indarrean jarri dagokion aurrekontua, luzatutzat jotzen aurrekoa, besterik gabe. Epe kontuengatik gerta liteke egoera hori (normalean, aurrekontua ez da onetsita egoten urtarrilaren 1.erako, eta aldi batez luzatzea ekarri ohi du horrek berekin), edo udalbatzan ez delako akordiorik lortu, aurkeztutako proiektuaren inguruan. Araudian jasota dauden zenbait doikuntza egiteko aukera ematen du luzapenak.
Zer da diru-sarreren aurrekontua?
Aurreikusitako diru-sarrerak baino jasotzen ez dituen udal aurrekontuaren zatia da. Beren izaera ekonomikoaren arabera sailkatzen dira diru-sarrera horiek. Esate baterako, tasa bat da ala beste erakunde baten diru-laguntza? Sailkapen horri "sailkapen ekonomiko" esaten zaio, eta honako hauek bereizten ditu:
- Ohiko diru-sarrerak (zergak, tasak, transferentziak, ondare-sarrerak...).
- Kapital-sarrerak (jabetzen salmenta, kredituak...).
Zer da gastuen aurrekontua?
Gastuen aurreikuspena jasotzen duen aurrekontuaren zatia da. Hiru modutan sailkatzen dira gastu horiek:
- Sailkapen organikoa: gastua zeinek egiten duen adierazten du (Kirol Sailak, Herritarren Segurtasunaren Sailak...).
- Programen araberako sailkapena, edo sailkapen funtzionala: zertarako gastatzen den adierazten du, zein den gastu jakin bakoitzaren helburua (esate baterako, gizarte-sustapenerako jarduerekin zerikusia duten gastuak).
- Sailkapen ekonomikoa: gastuaren izaera ekonomikoaren berri ematen du; hau da, zertan gastatzen den (soldatak, argindarra...).
Zer da aurrekontu-partida bat?
Diru-kopuru jakin bat biltzen duen adierazpen zifratua da, bai diru-sarreren kasuan, bai gastuen kasuan. Gastuei dagokienez, baliatzen diren hiru sailkapenak (organikoa, funtzionala eta ekonomikoa) batzetik ateratzen da. Partidan dagoen diru-kopurutik kendu behar da idazpen bakoitza, gastu bakoitza. Adibidez: aurrekontu-partida bat dago (aurrekontu-kreditu jakin batekin) ikastetxe publikoko gasolioa ordaintzeko, eta kontzeptu horretarako bakarrik baliatu ahal izango da diru hori.
Zertaz ari gara "aurrekontu-kreditu" esaten dugularik?
Diruaz. Partida bakoitzari aurrekontu-kreditu bat esleitzen zaio urte horretarako, udalbatzak onetsitako diru-kopurua, eta ez dago hori gainditzerik, ez bada organo eskudunak onesten dituen aldaketen bitartez.
Etorkizuneko ekitaldiei dagozkien gastuak ere onets daitezke, eta kontuan izan beharko dira hurrengo aurrekontuetan, lehendik konprometituta daudelako: konpromiso-kredituak dira.
Etorkizuneko ekitaldiei dagozkien gastuak ere onets daitezke, eta kontuan izan beharko dira hurrengo aurrekontuetan, lehendik konprometituta daudelako: konpromiso-kredituak dira.
Zein diferentzia dago aurrekontu orokorren eta aurrekontu bateratuen artean?
Udal aurrekontuek, Gasteizko Udalaren aurrekontuak ez ezik, orobat hartzen dituzte beren baitan udal sozietate publikoenak —Tuvisa, Amvisa, 21 Zabalgunea eta Gilsa— eta erakunde autonomoenak —Musika Eskola, Dantza Eskola eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegia—. Horien guztien baturak aurrekontu orokorra osatzen du.
Aurrekontu orokorretik udal erakundeen artean egiten diren eragiketak kentzetik ateratzen dena da aurrekontu bateratua. Esate baterako: Udalak sozietate eta erakundeei egiten dizkien transferentziak kendu egin behar dira, bai Udalaren gastuetatik, bai transferentzia jasotzen duen entitatearen diru-sarreretatik.
Aurrekontu orokorretik udal erakundeen artean egiten diren eragiketak kentzetik ateratzen dena da aurrekontu bateratua. Esate baterako: Udalak sozietate eta erakundeei egiten dizkien transferentziak kendu egin behar dira, bai Udalaren gastuetatik, bai transferentzia jasotzen duen entitatearen diru-sarreretatik.
Nolakoa izan liteke udal baten zorra?
Bi motatako zorrak bereizten dira Udalean:
- Urtean bertan itzuli behar dena, hots, epe laburreko kreditu-eragiketak. Diruzaintzako aldi bateko orekarik eza finantzatzeko baino ezin dira baliatu kreditu horiek; ezin dira aurrekontuan ageri, eta kopuru-muga bat dute: ezin dute gainditu aurreko urtean likidatutako ohiko diru-sarreren % 30.
- Hainbat ekitalditan itzul daitekeena, hots, epe luzeko kreditu-eragiketak. Epe luzerako kredituek aurrekontuan agertu behar dute, kapital-sarrera gisa, eta inbertsioetarako baliatu behar dira. Ezin da epe luzeko kreditu-eragiketarik hitzartu Udalak aurrezpen garbi negatiboa baldin badu.
Zer da aurrekontu-likidazioa?
Ekitaldia bukatzean, aurrekontu-likidazioa egin beharra dago. Horretarako, txosten bat egiten du kontu-hartzaile nagusiak, non azaltzen duen nola gauzatu den urteko aurrekontua, baita aurrekontu-orekari eutsi zaion ere. Aurrekontu-likidazioaren egoera toki-erakundearen urteko kontuen parte izan ohi da, eta hiru egoera hauek osatzen dute:
- Gastuen aurrekontuaren likidazioa: Udalaren gastuen aurrekontua nola gauzatu den adierazten du, eta urtean zenbat gastatu den jakiteko aukera ematen du, zertan eta zeinek.
- Diru-sarreren aurrekontuaren likidazioa: Udalaren diru-sarreren aurrekontua nola gauzatu den adierazten du, eta zenbat jaso den jakiteko aukera ematen du.
- Aurrekontu-emaitza: Gastuen aurrekontuaren eta diru-sarreren aurrekontuaren ondorioz abenduaren 31n lortutako emaitzaren berri ematen. Beraz, Udalak ekitaldi horretan izandako superabita edo defizita islatzen du.
- Diruzaintzako gerakina: Udalaren finantza-egoera erakusten du, erakustaldia amaitutakoan. Ixten den ekitaldiko eta aurrekoetako datu metagarriak (eta horien emaitza) eskaintzen dituen kontabilitate-egoera da.
Positiboa bada, aurrekontu-gastu handiagoen finantzaketa-iturri suertatzen da.
Diruzaintzako gerakinak emaitza negatiboa ematen badu, likidezia-eskasia dagoela esan nahi du, eta hurrengo aurrekontua superabitarekin onestera behartzen du Udala, zorpekoaren zenbatekoa xurgatzeko; hau da, diru-sarrerak gehitu beharra dago, edo hasiera batean aurreikusitako gastuak murriztu beharra.
Zer da "aurrekontu-egonkortasuna"? Eta "finantza-iraunkortasuna"?
Azaroaren 2ko 1463/2007 Errege Dekretuak ezartzen du udal guztiek bete behar dituztela aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren printzipioak. Hauxe esan nahi dute printzipio horiek:
Aurrekontu-egonkortasuna: aurrekontu-oreka adierazten du, edo superabit-egoera, defizit estrukturalik egokitzen ez denean gertatzen dena. Aurrekontu ez finantzarioaren saldoa abiapuntutzat harturik kalkulatzen da, hau da, diru-sarreren 1. kapitulutik 7.era artekoen baturak gastuen kapitulu beren baturaren berdina edo handiagoa izan behar du. Modu bateratuan lortzen da posizio hori, eta aurrekontu-kontabilitatea Estatuko kontabilitatera egokitzen duten zenbait doikuntza tarteko.
Finantza-iraunkortasuna: aurrekontu-egonkortasunaren irizpidea sendotzen du. Izan ere, ezartzen du ezen, mailegu-eragiketa berririk hitzartzekotan, Udalak ezingo duela gainditu unean unean indarrean dagoen legedian adierazten den epe luzerako zorraren muga.
Aurrekontu-egonkortasuna: aurrekontu-oreka adierazten du, edo superabit-egoera, defizit estrukturalik egokitzen ez denean gertatzen dena. Aurrekontu ez finantzarioaren saldoa abiapuntutzat harturik kalkulatzen da, hau da, diru-sarreren 1. kapitulutik 7.era artekoen baturak gastuen kapitulu beren baturaren berdina edo handiagoa izan behar du. Modu bateratuan lortzen da posizio hori, eta aurrekontu-kontabilitatea Estatuko kontabilitatera egokitzen duten zenbait doikuntza tarteko.
Finantza-iraunkortasuna: aurrekontu-egonkortasunaren irizpidea sendotzen du. Izan ere, ezartzen du ezen, mailegu-eragiketa berririk hitzartzekotan, Udalak ezingo duela gainditu unean unean indarrean dagoen legedian adierazten den epe luzerako zorraren muga.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.