Ekipamendu bereziak
Montehermoso Kulturunea
XVI. mendeko jauregi errenazentista batean dago Montehermoso Kulturunea, eta arte eta pentsamendu garaikideko lanak ekoizteko, erakusteko eta hedatzeko erabiltzen da.
Zenbait bilera-areto txiki ditu, eta bi eremu oso berezi: klaustroa, eta, bigarren sotoan, hiriaren antzinako ur-biltegia. Erdi Aroko almendra-formako hirigunean dago leku berezi hori, eta 2.800 m2-tik gorako erakusketa-azalera du. Badu, halaber, jatetxe bat, zeinak lorategia, terraza eta baratze ekologiko txiki bat dauzkan. Barazkiez gain, landare aromatikoak ere ematen ditu baratzeak.
Principal Antzokia
Madrilgo Zarzuelaren antzoki-ereduari jarraikiz egin zuten Principal Antzokia. Italiar estilokoa da, eta 1918an inauguratu zuten. Berrituz geroztik (1992), han egiten dira hiriko musika sinfoniko, antzerki eta dantza emanaldiak. Ekitaldi batzuetarako ere erabili ohi da, aldian behin.
Jesus Guridi Musika Kontserbatorioa
Europa Jauregitik oso gertu dago eraikin garaikide hori. Udalarena da, eta 650 lagunentzako auditoriuma eta erabilera anitzeko zenbait areto ditu.
Zalditegiak
XIX. mendeko eraikin-konplexua da Zalditegiak, eta jatorrizko egiturari eutsiz zaharberritu da. VIP bilera-areto bat du, bai eta ikastaroak eta aurkezpenak egiteko berariaz prestatutako beste bat ere, 120 lagunentzat. Kanpoko galeria estaliak, berriz, 120 lagunentzako tokia du, eta aparteko noblezia-kutsua eta landa-giroko xarma ematen die han egiten diren ekitaldiei. "Zamaltzain" du izena galeriak, eta aparkalekua du, aire zabalean.
Fernando Buesa Arena pabiloia
Erabilera anitzeko pabiloia da: zenbait kiroletarako erabiltzen da, baina, batez ere, saskibaloi-lehiaketetarako. Erakusketa handiak, kontzertuak, formatu handiko ekitaldiak eta jaialdiak egiteko ere erabili ohi da, jende askorentzat baitu lekua: 15.504 lagunentzat, zehazki. Aparkalekua du, aire zabalean.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.