Gasteizek ingurumen-kalitatearen mailei eutsi zien 2019an, Tokiko Agenda 21aren arabera

2020ko ekainaren 9an

Alkateak Tokiko Agenda 21aren adierazle nagusien aurrerapena aurkeztu du, Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta.

Gasteizko udalerriak, oro har, ingurumen-kalitatearen mailei eusten die; horixe ondorioztatzen da Tokiko 21 Agendaren adierazle nagusien aurrerapenetik, zeina Gorka Urtaran alkateak aurkeztu zuen ekainaren 5ean, Ingurumenaren Mundu Eguna zela eta.

Gasteizko Udalak hamarkadak daramatza lanean udalerria garapen iraunkorrerantz bideratuz. Iraunkortasuna prozesu etengabea da, eta hori ebaluatzeko moduetako bat aldian behin zenbait adierazle kalkulatzea da, gai eta sektore ezberdinetatik, udalerriaren ikuspegi zabal eta ekosistemikoa lortu eta hala haren funtzionamendua eta eboluzioa ulertzeko.

Airearen kalitatea

Airearen kalitateari dagokionez, 2019an kutsatzaileen kontzentrazioa —batez ere partikulena— handitzea eragin zuten eguraldi gorabeherak eta suteak izan ziren, baina legez ezarritako eguneko eta urteko gehieneko mugak aise bete dira.

Iaz, egunen % 65ean airearen kalitatea ona edo oso ona izan zen.  Airearen kalitate “txarreko” egun bakarra erregistratu zen.

Zarata kutsadura

Gasteizko Udalak Soinu-giroa Hobetzeko Ekintza Plana (2019-2023) onetsi zuen 2019an. Datozen bost urteetan zarataren kontra bideratuko diren ekintzak jasotzen dira plan horretan, zarataren eraginpean dagoen populazioa poliki-poliki gutxitzen joan dadin. Udalak neurketak egiten ditu ingurune-zarata monitorizatzeko sarearen bidez, eta horiek herritar ororen eskura jartzen dira denbora errealean, informatuta egon daitezen.

Neurketa horien arabera, eguneko 24 orduetan eraginpean dauden kaleetan bizi diren biztanleen kopurua nabarmen gutxitu da, 2013an 67.123 biztanle baitziren, eta orain, 31.063.

Gauean kalitate helburu gisa lortu nahiko liratekeen kanpoko zarata mailak baino zarata handiagoa duten kaleetako biztanleen kopurua ere gutxitu da azken urteetan, trafikoaren zarataren eraginpean dagoen populazioa 62.700 izatetik 28.653 izatera igaro baita.

Trenbidearen zaratari dagokionez, eragindako pertsonen kopurua 2.608 biztanletik 1.456ra jaitsi da.  Aireportuko zaratak ez du eraginik biztanleengan.

Mugikortasun iraunkorra

Arlo horretan, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana berrikusten jarraitu zen 2019an.

Garraio publikoari dagokionez, aurreko urteetako ildoari jarraitu zaio. 2019an berriro lortu zen inoizko bidaiari-kopururik handiena. Zehazki, hiriko autobusetako bidaiarien kopurua 16,2 milioitik gorakoa izan zen, aurreko urtean baino % 2,8 gehiago. Kopuru hori beste maximo historiko bat da TUVISArentzat, aurreko urtean baino 449.001 erabiltzaile gehiago izan baitzuen, eta azken urteetako goranzko joera sendotzen du, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana ezarri zenetik etengabe hazi baita.

Tranbian ere hazi da bidaiarien kopurua, 8,3 milioi erabiltzailetik gora izan baitzuen. Bi kopuru horiek batuta, 24,5 milioi erabiltzaile baino gehiago ateratzen da, aurreko urtean baino % 2 gehiago.

Ur kontsumoa murriztea

2019an etxeetako eguneko kontsumoaren murrizketa sendotzea lortu zen, biztanleko eta eguneko 106 litro inguruan, eta ur-eskari osoa biztanleko eta eguneko 200 litrotik behera mantendu zen.

2006az geroztik, eskaera osoa % 30 baino gehiago jaitsi da. Banaketa sarearen errendimenduak, beraz, % 90etik gorakoa izaten jarraitu du, azken urteetan bezala. Errendimendua handia da inguruko beste hiri batzuetakoen aldean.

Elektrizitate kontsumoa

Energiaren arloan, argiteria publikoan eta udal instalazioetan energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna sustatzeko jarduerak abian jartzen jarraitu da. Argiteria publikoari dagokionez hiriko zenbait alderditan egin diren optimizatze-lanak nabarmendu behar dira: LED teknologiako argiteria jarri da lehendik zegoenaren ordez, eta 2019an egindako lan horiei esker urteko kontsumoa 585.689 kWh murriztea lortu da, eta 76.138 euro aurreztea. Hartara, 2019. eta 2018. urteen artean, argiteria publikoko elektrizitate kontsumoa biztanleko 109,7 kWh-tik 104,5era murriztu da, eta helburua da biztanleko 100  kWh-era iristea.

Etxeetako argindarraren kontsumoa ere zertxobait gutxitu da aurreko urtearen aldean: biztanleko 1.007 kWh. Merkataritza eta zerbitzuen sektoreetako kontsumoa, berriz, zertxobait handitu da, biztanleko 1.617 kWh-eraino. Gas naturalaren kontsumoa etxeetan eta merkataritzan % 5 gutxitu da, urteko eta biztanleko 3.903 kWh-raino.

Bestetik, 54.488 etxebizitzak dute energia-ziurtapena, guztizkoaren % 47k. Hala ere, A, B eta C ziurtagiria duten etxebizitzak udalerri osoan % 3,9 dira, aurreko urtearen aldean kopurua % 15,2 handitu bada ere.

Sortutako hondakinak

Hondakinei dagokienez, biztanleko kilogramo baten inguruan egonkortu da etxeetan eta merkataritza-establezimenduetan sortzen direnen tasa. Edukiontzietan edo atez ate gaika bildutako hondakinen kopurua % 30era iritsi da, tamaina handikoak, papera eta kartoia, beira, ontzi arinak, oihalak, pilak, eta puntu berde mugikorrean zein garbiguneetan bildutakoak batuta.

Natura zaintza

Natura zaindu eta biodibertsitatea babestearen arloan, Biodibertsitatea Kontserbatzeko Estrategia Lokalean onetsitako ekintzak abian jartzen jarraitu da, udalerriko mehatxatutako flora espezieen eta kontserbatzeko interesa dutenen jarraipena eginez zein animalien (intsektu eta hegaztiak) jarraipena eginez.

Esaterako, hiri-parkeetan biodibertsitatearen aldeko hainbat neurri hartzen jarraitu zuten, hala nola leku batzuetan segatze-kopurua gutxitzea, espezie autoktonoak landatzea, hainbat espezierentzako aterpeak jartzea edo egur hileko metak egitea. Aldi berean, hiri-azpiegitura berdearen alorreko jarduerak egiten jarraitu zen.

Naturguneak lehengoratzea

Hondatutako naturgune eta espazioen ingurumen lehengoratzeari dagokionez, hainbat lan egiten jarraitu da: baso-suteek erretako guneak lehengoratzeko proiektuak; ibaiertzak lehengoratzea; zuhaitzak landatzea; korridore berdeak sortzea, ekologia oro har eta konektagarritasuna hobetzeko, baita klima-aldaketa arintzeko ere.

Ekologikoki berreskuratu edo hobetutako azalera 22,8 hektarea izan zen. Sistema ekologikoak baliatuz landutako nekazaritza azalera % 32 handitu zen aurreko urtearen aldean, eta 140 hektarea izatera iritsi zen.

 Gasteiz klima aldaketaren aurrean

Klima-aldaketari gagozkiolarik, 2019an hiriak nazioarteko aitorpena lortu zuen murrizteko eta egokitzeko ekintzengatik, eta mundu mailan (A+) “Lidergo” sailkapena duten hirien zerrendan sartu zen, esan nahi baitu klima-aldaketa arindu eta hartara egokitzearen arloan jardunbide egokien estandarrak erakutsi dituela, asmo handiko helburuak baina errealistak ezarri eta horiek lortzeko bideak urratu dituela eta bideratzen ari diren ekintzek hiriko herritar, enpresa eta antolakundeen eragin klimatikoak eta ahultasunak murrizten dituztela ziurtatzen duten plan estrategiko eta integralak dituela.

Hain zuzen ere, Udala plangintza energetiko eta klimatiko berria lantzen ari da une honetan berotegi-efektuko gasen emisioa gutxitzeko eta erresilientzia hobetzeko asmo handiagoko helburuak lortzearren, Gasteizek Alkateen Itunaren bidez hartutako konpromisoak berretsi baititu —2020an formalizatu da hori—.

2019an, Gasteiz munduko hiriburu berde izendatu zuten, Global Forum on Human Settlements erakundeak emandako Global Green City tituluarekin.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: