Eraztun Berdeak hiru lursailetan zaldi- eta ardi-azienda egotea ahalbidetuko du, landaretzarik gabe mantentzeko

2024ko abuztuaren 7an argitaratua

Landaredia mozteko sistema mekanikoa baino jasangarriagoa den abeltzaintza-aprobetxamendu horrek 37 hektarea hartuko ditu.

Ardia

Gasteizko Udalak Eraztun Berdeko 3 lursailetan abeltzaintza-aprobetxamenduak onartuko ditu, aziendak lursail horietan sartu eta landaredia garbitu dezaten. Zaldiekin eta ardiekin egingo den mantenimendu modu hori landaredia modu mekanikoan moztea baino merkeagoa eta jasangarriagoa da.

Abetxuku, Salburua eta Zubigarai eremuetan daude abereei bazkatzen utziko zaien lursailak, guztira 37 hektarea izango dira. Abetxukukoa 10 hektareakoa da eta Basaldea enpresa agroekologikoen zentrotik gertu dago. Bertan, zaldiak eta ardiak bazkatu ahal izango dira. Bigarren lursaila Salburuko parkearen ekialdean dago, Arkautiko Ertzaintza akademiaren alboan, eta 17 hektarea izango ditu zaldientzat erreserbatuta. Hirugarren eta azken lursaila Neberak muinoan dago, eta 10 hektarea izango ditu ardientzat.

Animaliek landetako belarra zuzenean janez egindako “hortzezko” mozketa ingurune naturalarekiko askoz ere abegitsuagoa da. Gainera, kasu honetan, beste erakargarritasun bat izango da Eraztun Berdea bisitatzen duten pertsonentzat: oreinez gain, ardiak eta zaldiak ere ikusi ahal izango dituzte.

Doako aprobetxamendua

Hiru lursail horien abeltzaintza aprobetxamendua doakoa eta 4 urterako izango da, Neberetakoa izan ezik (2027ko martxoan amaituko da baimena). Abereak sartu nahi dituzten abeltzainek San Martingo bulego teknikoetan edo Herritarren Arretarako udal bulegoetan aurkeztu beharko dute eskaera. Berdegune horiek erregistro ordenaren arabera esleituko dira, betiere deialdian ezarritako baldintzak betetzen badira.

Guneen kokapena mapa batean

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.