Principal Antzokia berritzeko lanek aurrera jarraitzen dute desmuntaketa-fasearekin eta martxoan hasiko dituzte indusketa-lanak
2025eko urtarrilaren 10ean argitaratua
Alkateak, Maider Etxebarriak; Lehendakariak, Imanol Pradalesek; eta ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzálezek, San Prudentzio kalean dagoen eta berriro 2027an irekiko duten ekipamenduko obrak bisitatu dituzte.
Vitoria-Gasteizko Principal Antzokia zaharberritzeko lanek aurrera jarraitzen dute eta orain instalazioak desmuntatzen ari dira. Gero, martxoan, indusketen eta eraisketen faseari ekingo diote urtearen amaierara arte. Azaroaren amaieran erreforma-lanak hasi zituzten enpresek desmuntatu dituzte altzariak (1992ko erreforman jarritako besaulkiak barne), ehungintzako elementuak eta dorre eszenikoa. Alkateak, Maider Etxebarriak; Lehendakariak, Imanol Pradalesek, eta Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzálezek, gaur bisitatu dituzte obrak horiez arduratzen ari diren enpresetako (Tecsa eta Ocisa) eta proiektua idatzi duen IDOM ingeniaritza-enpresako ordezkariekin batera.
Barruti kulturala berritzeko lanek 30 hilabeteko epea izango dute eta, erosotasunarekin eta irisgarritasunarekin lotutako araudiaren araberako antzokia eratuko da. Hala, eraikinaren sarrerako halla berrituko da, besaulkien arteko tartea handiagoa izango da, lau konfiguraziotarako aukera eskainiko duen agertokia izango du eta musikarientzako pezoia handituko da. Gainera, inguratzaile termikoa hobetu, dorre eszenikoa goratu eta kamerino berriak jarriko dira. Gainera, San Prudentzio kalean dagoen ekipamendu horrek erabilera anitzeko areto berria izango du gaur egun bulegoak dauden tokian eta azken horiek ondoko lokal batera eramango dira. Gainera, edaritegia prentsa-areto eta ekitaldietarako gela bihurtuko da. Bestalde, airea berritzeko eta aireztatzeko sistema berriak jarriko dira.
Maider Etxebarria alkateak nabarmendu duenez, “deigarria da Gasteizko erdigunean dagoen gure altxor kultural hau, gure antzoki maiteena, ‘biluzik’ eta makinen zain ikustea. Horiei esker, antzokia ekipamendu moderno, irisgarri, eroso, seguru eta energetikoki eraginkor bihurtuko da. Hitz gutxitan esanda, gaur egungo beharren araberako antzokia izango da, baina haren espiritua galdu gabe; izan ere, Italiako estilodun antzokiaren konfigurazioari eutsiko dio”. Alkateak gehitu duenez, “ahalegina mereziko du. Denok dakigu hau ez dela edozein antzoki; nahi dugun tokia da, baina beharrezkoa da XXI. mendeko instalazio batek eskatzen dituen parametro teknikoetara, erosotasunekoetara eta segurtasunekoetara egokitzea. Gainera, Gasteizko erdigunean jarduera eta bizitza sortuko dituen motor kultural bihurtzea nahi dugu”.
Imanol Pradales lehendakariak ziurtatu duenez, “Gasteizko benetako ikur kulturalak diren antzoki batean eta kale batean gaude, San Prudentzio kalean, alegia. Kale honetan bertan proiektatu zen Gasteizen film bat lehen aldiz, noiz, eta XIX. mendearen amaieran. Orain, 2025ean, ondare horri eusten diogu, eta abangoardiako kultur azpiegitura batekin jantziko dugu gure hiriburua“. Pradales gehitu duenez, “Kulturak munduaren gure ikuspegia aberasten du, eta gainerakoekin zein geure buruarekin konektatzen gaitu. Horretarako, kultur sorkuntza sustatu eta babestu behar dugu, modalitate guztietan, eta sorkuntza hori ezagutu eta gozatzeko aukera bermatu behar diegu herritarrei. Horrek azpiegitura modernoak, irisgarriak eta erabilera askotarikoak eskatzen ditu, esaterako Gasteizek behar eta merezi duen antzoki hau».
Bestalde, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, “duela urte eta erdi Eusko Jaurlaritzarekin eta Gasteizko Udalarekin batera sinatutako akordioak helburu bera du: gurea bezala sentitzen dugun antzoki honen historia eta ondare-balioa babestea, eta, aldi berean, haren berrikuntza bultzatzea, garai berrietara egokitutako eskakizun teknikoak eta erosotasunekoak bete ditzan”. Nabarmendu duenez, “Gasteizko Principal Antzokia gasteiztarren eta arabarren belaunaldiek alboan izan duten kultura-sinboloa da eta, proiektu honi esker, erreferente izaten jarraituko dugu, Arabako Foru Aldundiak lurraldean kultura modernizatzeko eta sustatzeko duen konpromisoa indartzen duen bitartean”.
Erotasun handiagoa
Lanak amaitzean, antzokiko guztizko edukiera 842 tokikoa izango da (azken hamarkadetakoa 972koa izan da) egindako hobekuntzak direla eta (besaulkien arteko tarte handiagoa, adibidez). Horiei esker, ikusleek erosotasun handiagoa izango dute.
Egingo dituzten hobekuntzen artean, honako hau azpimarratu behar da: mugikortasun urriko pertsonek lehen zamalanetarako kaia erabili behar zuten sartzeko eta beheko solairuko alboetako
palkoetan bakarrik jar zitezkeen. Lanak amaitzean, ordea, hall nagusitik sartu ahal izango dira antzokira, eta besaulki patioan jarri.
Erreforma-lanen ostean, eraikina izango da EnerPhit Passivhaus ziurtagiria (energia-eraginkortasuneko bikaintasuneko nazioarteko katalogazioa) lortu duen erreformatutako lehen udal-ekipamendua.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.