Hiriko zuhaitzen kudeaketari buruzko ohiko galderak

Zergatik ditugu zuhaitzak hirietan?
XVIII. mendean sortutako joera baten arabera, inguruneak eta gizarte giroak berebiziko garrantzia zuten gaixotasunetan. Higienistek hiri industrialetako osasungarritasun eza kritikatzen zuten, eta lantegietako langileen bizi eta lan baldintzak.

Sendagile batzuek faktore ekonomiko eta sozialei egozten zieten gaitz jakin batzuen hedapena: pobrezia, gehiegizko lana, elikadura txarra, auzo osasungaitzetako jende pilaketa eta beste.

Infekzio arriskua gutxitzeko eta, beraz, biztanleen bizitza kalitatea hobetzeko, hirietan saneamendu sareak jartzen hasi ziren, aireztatze eta eguzkitze baldintzak hobetzen, kaleak zolatzen, eta abar. Testuinguru horretan hasi ziren zuhaitzak hirietako kaleetan jartzen.

Gaur egun nekez irudikatuko genuke kaleetan zuhaitzik ez duen hiririk.
Kaleetan zuhaitzik ez duen hiririk irudikatu genezake?
Munduan ez da kaleetan zuhaitzik ez duen hiririk.

Zuhaitzek udako beroa arintzen dute, espaloietan itzala egin eta kaleak freskatzen baitituzte. Udako egun beroetan itzala bilatzen dugu, eta horren arabera aukeratzen dugu ibilbidea. Aparkatzeko, halaber, itzalpean dauden lekuak dira preziatuenak. Gauza bera esan dezakegu eserlekuez ere.

Hosto erorkorreko zuhaitzek itzala egiten dute fatxadetan, eta horiek gehiegi berotzea eragozten dute; neguan, berriz, eguzkiak jotzea ahalbidetzen dute, eta fatxadak berotzen laguntzen.

Zuhaitzen hostoek –eta, batzuetan, loreek– kaleak apaintzen dituzte. Gasteizko kale erakargarrienak zein diren pentsatzen jarriz gero, berehala etorriko zaizkigu burura Floridako ibilbidea, Unibertsitateko ibilbidea, Frai Francisco Vitoria ibilbidea...

Zuhaitzen berdeak, forma organikoek eta ehundurek hiriak atseginago eta bizigarriago egiten dituzte, material mineralez eraiki ohi baitira: zoladurak, harri edo adreiluzko eraikinak, metalezko hiri hornigarriak...

Orobat, zuhaitzen adaburuek hiriaren formak leunago eta biribilagoak izan daitezen laguntzen dute, berez eraikinetako eta kaleetako lerro zuzenak baitira nagusi.

Zuhaitzetan txori ugari eta beste animali batzuk bizi dira, eta horiek hiriak naturalizatzen laguntzen dute.

Zuhaitzetako hostoek hauts eta kutsagarri partikulak harrapatzen dituzte, horrela gure biriketara iristen ez direnak, eta gero horiek euriak garbitzen ditu, edo hostoekin batera erortzen.

Zuhaitzek oxigenoa sortzen dute hirian.

Zuhaitzek CO2 kantitate handia finkatzen dute, berotegi-efektua murrizten lagunduz.
Beharrezkoa da zuhaitzak inaustea?
Ez. Zuhaitz batek ere ez du behar inausketarik. Zuhaitza, berezko eitearekin hazten denean, hiri-azpiegituren eragin berezirik gabe eta osasuntsu, ez da inausi behar. Inausketa eraso bat da zuhaitzarentzat, di-da batean ezabatzen ditu hamarka urtean eskuratu eta eman dituen onurak, eta beste giza belaunaldi bat behar izaten da galdutako onura horiek beroriek eskainiko dituzten zuhaitzak izateko ostera ere.

Inausketak zauriak eragiten dizkio zuhaitzari azalean eta barruko ehunetan, eta era bateko eta besteko patogenoentzako atea irekitzen du. Atzerakorik ez duen prozesu horrek zuhaitz inausia goizik abailtzea eragin dezake, edo are heriotza ere; are eta gehiago, arrisku-egoerak ere eragin ditzake, haien egiruraren batek porrot eginik.

Helburu hauekin inausten dira zuhaitzak:
  • Fruta-arbolen kasuan, fruta gehiago lortzeko.
  • Basogintzan, enbor zuzenagoak eta adar gutxiago dutenak lortzeko.
  • Hiriko zuhaitzen kasuan, adarrak erortzeko arriskuari aurre hartzeko, edo tamaina kontrolatzeko, kokapenaren arabera (fatxada edo linea elektrikoetatik hurbil badaude, edo trafiko seinaleak ezkutatzen badituzte).
Hirian jartzen diren zuhaitz espezieak ondo aukeratu eta kokatuko balira, inausketak zuhaitza gaztaroan bakarrik egin beharko lirateke, eta aurrerago, arriskua kontrolatzeko.
Hiriko zuhaitzek eragozpenak eragiten al dizkiete auzotarrei? Badago eragozpen horiek minimizatzerik?
Eragozpenik ohikoenak izaten dira adarrak fatxadetatik gertuegi izatea, intsektuak agertzea, alergenizitatea edo ikuspegia kentzea.

Egoera horiek arindu egiten dira inausketen bidez ‒adarrak fatxadetatik gertuegi egon ez daitezen‒, edota enpresa espezializatuak kontratatuz izurriteak izanez gero (nahiz eta, jakina denez, ez den gomendagarria eta, egin ere, egin ezin den gauza den hiriko intsektu guztiak ezabatzea, kaltegarri edo toxiko gisa sailkatutako intsektizidak airetik lainoztatuz; hori galarazia izan baitzen 2012an).

Jakin beharrekoa da zuhaitz espezieen polenen alergenizitatea urtean egun gutxitan gertatzen dela eta haien eragina areagotu egiten dela ibilgailuen gasolioaren edo gasolinaren errekuntzak sortzen dituen partikula kutsagarriengatik. Partikula kutsagarri horiek gabe, haien eragin alergenikoa askoz mugatuagoa izango litzateke. Horrez gain, trafikodun kaleetan, zuhaitzen hostoek atxiki egiten dituzte giza osasunarentzat hain kaltegarriak diren partikula kutsagarri horiek, eraginkortasun handiz, atxiki ere, eta, hala, biriketako gaitzak dituen edozein pertsonarentzat gertatzen da hori onuragarri, eta eragotzi egiten da partikula horiek etxebizitzetan sartzea leihoetatik.

Jakitun izan behar dugu ingurumenarentzat eta osasun publikoarentzat zer onura handiak dakartzan hiriko kaleetan zuhaitzak izateak.
Hiriko zuhaitzak direla eta auzokoek dituzten kexa guztiak kontuan hartzeko modukoak dira?
Bai, jasotzen diren auzo-kexa guztiak irakurri, berrikusi, kalean ikuskapenak egin eta erabaki egokiak hartzen dira.

Hiriaren funtzionamendu normalerako arrisku handiena duten egoerei buruzko jarduerak lehenesten dira, hala nola bide-seinaleak, ibilgailuen eta oinezkoen galiboak, egitura publiko edo pribatuei eragin dakizkiekeen kalteak, etab.

Batzuetan, justifikatu gabeko kexak jasotzen dira, inausketa biziak eskatzen dituztenak, ordenantzak onartzen ez dituenak, edo zuhaitza erabat kentzea eskatzen dutenak, eta horiek ezin dira aintzat hartu, hiriko zuhaitzen balioari buruz esandakoa kontuan hartuta.
Iraunkorra al da urtero inaustea zuhaitz handien adaburuen bolumenari eusteko?
Urteroko inausketek edo inausketa errepikariek ez dute inolako justifikazio teknikorik eta kostu handia dakarkiote hiriari.

Batetik, zuhaitz handiak urtero inaustea ez da bideragarria ekonomikoki, diru-baliabide gehiegi erabili beharra dakarrelako; bestetik,ez da gomendagarria zuhaitzak kontserbatzeari, ingurumen onurak mantentzeari eta osasun publikoari dagokienez, inausketa gogorregiek zuhaitzak ahuldu eta gaixotzen laguntzen baitute, eta adarrak erortzeko arriskua handitzen.

Informazio gehiago: Inausketa drastikoen kalteak(Beste leiho batean irekiko da)
Zer egiten ari da Udala hiri-zuhaiztiaren kalitatea kontserbatzeko?
Gaur den egunean, ekimen ugari ari da bideratzen hiriko zuhaitzak ahalik eta egoerarik onenean edukitzeko. Eta era bateko eta besteko helburuak ezarri dira, hala nola:

  • Etengabe aztertzea hiriko zuhaitzen fisiologia- eta biomekanika-egoera, epe ertain eta luzean kudeaketa egoki bat egitearren (1-10 urte).
  • Hiriko zuhaitzen egiturak inausketa jarraituen behar txikiagoa izatea ekarriko duen kudeaketa bat bilatzen da. Berezko eitea izango duten zuhaitzak bilatzen dira. Inausketak, egiten badira, arriskua eta interferentziak kontrolatzeko baizik ez dira egiten.
  • Zuhaitz-espezieen adaburuen berezko arkitektura lortzea, indartzea eta eustea. Berezko eitea duen zuhaitz bat seguruagoa eta merkeagoa da mantentzeko.
  • Berezko eitea duten zuhaitzak, betiere adaburu ertainak edo handiak dituzten espezieak lehenetsiz, haien bidez zuhaitz-estaldura handiagoa lortzen baita, estaldura handiagoak dakartzan onura ekosistemikoekin batera, hori izaki edozein hiriko kudeaketaren helburu nagusia.
  • Baliabide publikoen erabilera arrazoizko bat bilatzea eta, halaber, lehendik inausita dagoen zuhaitz baten mantentze-kostuak gutxiagotzea. Zuhaitz dagoeneko kaltetuen adaburuak “berreraikitzea” lortzea da lehentasunetako bat onura ekosistemiko handiagoak lortzeko.
  • Espezie egokienak hautatzea Gasteizko egungo eta etorkizuneko klimarako, baita ere zer eratako eremu zuhaiztua den ikusita (aire-espazioaren, lurpeko espazioaren eta kokalekuen analisia),eta epe luzeko kudeaketa.
  • Edozein espezietako zuhaiztiaren sustrai-sistemen babesa, edozein kokalekutan, obrak egiten ari diren bitartean. Kalterik gabeko sustrai sistema batek aukera emango digu zuhaitz osasuntsuak lortzeko, arriskurik gabe.

Aurreko horrek guztiak aukera emango digu hirian kalitatezko zuhaitzak izateko eta haien segurtasuna hobetzeko. Hiriko zuhaitzek bizi luzeagoa izatea nahi dugu, bizitza-itxaropen handiagoa: hartara, epe ertainean kostu errepikatuak saihesten dira.

Lurzoruari dagokionez hobekuntzarako eta ordezteko neurriak ezartzen ari dira landaketa berrietan:

Lurzorua da arbolazaintzako alderdirik ezezagunen eta oro har gutxien landutakoen arteko bat. Hala ere, ezinbestekoa da merezi duen garrantzia aitortzea, zeren eta, hiriko zuhaitzen etorkizuneko garapena, eta, beraz, emango dituzten onura ekosistemikoak haien kalitatearen araberakoak izango baitira.

Gasteizko lurzoruaren arazorik handienak hauek dira: trinkotasun handia, mikrobio-bizitza eskasa eta buztin-lur gehiegi izatea. Horrek guztiak erraztu egiten du hiriko zuhaitzen sustraiek lurzorua kolonizatzea eta esploratzea, eta espezie askok, hori dela eta, geldialdi fisiologikoak jasaten dituzte, abailtze goiztiarrak eta are heriotza ere. Hori dela eta, ezinbestekoa da, batez ere landaketa berrietan, kalitate txarreko lurra kentzea eta haren ordez substratu nahastura berriak jartzea.
Udalak herritarren iritzia hartuko du kontuan zuhaitzen tratamenduak proposatzean?
Hain zuzen ere, eskaerei buruz aipatu den bezala, Gasteizko Udalak oso kontuan hartzen ditu herritarren iritziak, eta herritarrekin komunikatzeko kanal ezberdinen bidez jasotzen ditu, hala nola 010 telefonoa, erregistro elektronikoa, Herritarrei laguntzeko bulegoak edo Auzoguneak.

Udalak herritarren eskura jartzen du hiriko azpiegitura berdearen inguruko iradokizun eta proposamenak egiteko elkarrizketa.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.