European Green Capital saria

European Green Capital(Beste leiho batean irekiko da) saria Europako 15 hirik (Tallin, Helsinki, Riga, Vilna, Berlin, Varsovia, Madril, Liubliana, Praga, Viena, Kiel, Kotka, Dartford, Tartu eta Glasgow) eta Estoniako Hirien Elkarteak 2006ko maiatzaren 15ean Tallinen (Estonia) egindako ekimen baten emaitza da. Biler hartako ikuspegia dokumentu bateratu batean islatu zen, zeinaren bidez sari bat ezarri baitzen ingurumena errespetatzen duen hiri-bizitza baten bidean lider diren hirien lana aintzatesteko asmoz. Europako Batzordeak abiarazi zuen ekimena 2008an.

Horrenbestez, 2010az geroztik, 100.000 biztanletik gorako udalerri bat hautatzen da Europako Hiriburu Berde gisa urtero. Ingurumen-arauak koherentziaz betetzeagatik nabarmentzen den, ingurumena hobetzeko helburu anbiziotsuak planteatzeko konpromisoa hartzen duen, eta eredu gisa jardun dezakeen (beste hiri batzuen inspirazio-iturri, eta jardunbide egokien sustatzaile) hiri bati ematen zaio saria.

Europako Hiriburu Berdearen saria Europako zazpi erakundek (Batzordea bera barne) ordezkariek osatutako epaimahai batek ematen du urtero. Hauek dira erakundeak: Europako Parlamentua, Eskualdeetako Lantaldea, Ingurumenaren Europar Agentzia, ICLEI (Iraunkortasunaren aldeko tokiko gobernuen sarea), Europako Ingurumen Bulegoa eta Alkateen Ituna. Epaimahaiak erabakia hartu aurretik, nazioarteko ospea duten adituen talde batek hautagaitza bakoitzak emandako informazioa ebaluatzen du, hamabi ingurumen-adierazle kontuan hartuta: klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko ekintzak; hiri-mugikortasun jasangarria; lurzoruaren erabilera jasangarria; natura eta biodibertsitatea; airearen kalitatea eta uraren, hondakinen eta zarataren inguruko egintzak; hazkunde berdea eta ekoberrikuntza; energia-errendimendua eta gobernantza.

Europako herritarrek hirigune osasuntsuetan bizitzeko eskubidea da sariaren mezu nagusia, eta, horrenbestez, baita hiriek herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta munduko ingurumenean duen eragina murrizteko egin beharreko ahalegina ere. Hortik dator sariaren leloa: «Hiri berdeak: bizitzari irekiak».

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.